INFO

«Borondate politikoa dagoenean, badira soluzioak», adierazi du Irungo Harrera Sareak

Irungo Harrera Sareak ongi baloratu du Irunera iritsitako migratzaileak hartzeko Lakuako Gobernuak baliabideak gehitu izana. Alabaina, ehun etorkin hartzea ez dela alarma oroitu du, instituzioek erakutsi dutenez, horretarako baliabideak egon badaudelako.

Lakuako Gobernuak baliabide gehiago jarri ditu martxan Irun aldean etorkinei harrera egiteko. (IREKIA)

Ohi baino migratzaile gehiago ailegatu ondotik, Lakuak Irun eta Hondarribian harrera egiteko baliabide gehiago martxan jarri izana txalotu du Irungo Harrera Sareak (IHS). Baita sarearekin elkarrizketa hasi izana ere, IHS-k «beti egin baitu ahaleginak koordinatzearen alde», iristen diren migratzaileei harrera duina egiteko. Baina argi utzi du ehun lagun hartzea ez dela alarmarako arrazoia; «ez hartzea litzateke alarmarako arrazoia».

Joan den astean ehun migratzailetik gora iritsi ziren Irunera Kanariar Uharteetatik, Estatu frantsesera sartzea helburu, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga pasatzeko. Polizia frantsesaren kontrol zorrotzek, ordea, bertan harrapatuta gelditzea eragin zuen. Egoera honen aitzinean, Lakuako Gobernuak «kontingentzia plana» aktibatu zuen, pertsona horiei harrera egiteko.

Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak hala adierazi zuen: «Egoera edozein dela ere erantzuteko gai izan behar dugu». Jarrera bera azaldu dio Irungo Harrera Sareari, eta sare honek gustura hartu du instituzioaren «jarrera aldaketa».

Azaldu duenez, egunotan egiaztatu du «harrera instituzioen borondate politikoaren araberakoa» dela eta «borondatea dagoenean, soluzioak ere badaudela».

«Alarma sortu behar duena arrazismoa da»

Irungo Harrera Sareak «hedabideei eta herritarrei» oroitarazi nahi die ez dagoela alarmarako arrazoirik Bidasoako eskualdean ehun migratzaileri harrera egitean. «Erakundeak erakusten ari diren bezala, badaude baliabideak (...) Euren betebeharrei muzin egin eta Europar Batasunak eragindako krisi humanitarioa pairatzen duten pertsona hauek ez hartzea litzateke larria».

Erantsi duenez, 500 euro dituen inork ez du arazorik Europatik Afrikara ordu gutxi batzuetan pasatzeko, ezta bertan finkatzeko ere. Baina horixe bera ukatzen zaie, alderantzizko bidean, gizon, emakume eta haur hauei. Pasaporterik eta eskubiderik gabe dagoen jende honi.

Bestalde, Polizia frantsesa bidaia jarraitzen saiatzen diren pertsona hauei «disimulurik gabe» egiten ari den «kontrol arrazistak» arbuiatu ditu IHS-k. «Bart gauean bertan zortzi emakume eta hiru haur bidali dituzte, tramiterik egin gabe, inongo bermerik gabe».

Sareak euskal instituzioei exijitu die euren «esku dituzten baliabide guztiak» erabil ditzatela «arrazismoagatik pertsona gehiago ez bidaltzeko». «EB eta bere estatu kideak aplikatzen ari diren migrazio politikak milaka pertsonaren bizitza hondatzen eta bukatzen ari dira. Garaia da herritarrengandik hurbilen dauden instituzioak kargu egin eta tratatzeko beste modu bat transmititzeko», aldarrikatu du.