Esther Arrojeriak 100 partida jarraian jokatu ditu belauneko lesio larria gainditu ondotik
Esther Arrojeriak bere 100. partida segidan jokatu zuen Valladoliden eta garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Bera Berak (27-29). Hamaika hilabete geldirik egon eta 2018ko urtarrilean berragertu zenetik ez du hutsik egin usurbildarrak. «Fisikoki ondo aurkitzen» dela onartu dio NAIZi.
2017an eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi eta hamaika hilabetez kantxetatik at egon behar izan zuen Esther Arrojeriak. Momentu onenean zegoela lesioak gelditzera behartu zuen usurbildarra -2017ko martxoan hartu zuen min, Espainiako selekzioarekin lehen entrenamendua burutzean- eta Bera Berak pieza garrantzitsu bat galdu zuen ia urtebetera luzatu zen epean.
Zailtasunak egon ziren tartean eta espero baino gehiago egon behar izan zuen kantxetatik at, eta bere itzulerako datan pentsatzea zaila egiten zitzaion, GAUR8ko elkarrizketa honetan onartu legez.
Indarrak hartu zituen eta 2018ko urtarrilean Bidebietan berragertu zenetik –Valentziaren aurka, txalo zaparrada jasoaz– segidan 100 neurketa jokatu ditu usurbildarrak. Gainera, pieza oso garrantzitsua izan da taldearentzat. Zer esanik ez aurtengo denboraldian, Silvia Arderius Malagara joan eta Emma Boadak min hartu ondotik. Bere 100. neurketan Valladoliden aurkako garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Bera Berak –Usurbilekoak 4 gol egin zituen–. Bost urte beranduago Huerta del Rey pabiloian irabaztea lortu zuen (27-29) eta horrek ahalbidetzen dio bigarren fasera 11 punturekin igarotzea.
2017-18 denboraldian, Arrojeriak ligako 16 partida jokatu zituen; 46 gol egin zituen ligan eta eta 20 Kopako bost partidetan (fase finalean 180 minutu jokatu zituen). Hurrengo ikasturtean, Bera Berak partiden kopuruen errekorra gainditu zuen, 42 norgehiagoka jokatu baitzituen guztira eta guztietan, jakina, usurbildarra presente egon zen: Superkopa, Ligako 26, Kopako bost eta Europako hamar.
2019-20 denboraldia, pandemia dela eta, martxoan bertan behera gelditu zen eta Arrojeriak, taldeak bezala, 21 partida baino ez zituen jokatu. Egungoan 16 daramatza: Alhaurin de la Torren jokatutako Kopakoa, Ligako 12, Superkopa eta Europako bi.
«Lesio horrek suposatu zuen guztia ikusita, ze gorabeheratsua izan zen erreparatuta, berriro jokatzen haste hutsa oso garrantzitsua izan zen», onartzen dio NAIZi Esther Arrojeriak eta azaltzen du «are pozgarriagoa» izan zela berragertu eta gutxira minutu dezente pilatzen joatea.
Iruditzen zaio belauna oso ondo errekuperatu dela: «Denbora asko egon nintzen ondo errekuperatzeko eta horrek bere fruituak ematen ditu». Molestia txikiak edukitzen dituen arren –ezker zein eskuin belaunean, bietako aurreko lotailu gurutzatuetan ebakuntza izan baitu; bata 2012 eta bestea 2017an–, «orokorrean ez daukat kexarik eta ondo aurkitzen naiz fisikoki».
Denboraldi honi dagokionez, minutu asko ari da jokatzen usurbildarra, Arderius Malaga joateaz gain, Emma Boada denbora luzerako lesionatu baitzen: «Oso gogorra izan da taldearentzat». Honen inguruan, Arrojeriak azaldu du talde guztiak lan asko egin duela «oztopo horiei aurre egiteko» eta horri esker lortu dutela Boadaren hutsunea hainbesterako ez igartzea.
Bi neurketa hiru egunetan
Dena ondo bidean, ostegun honetan 101. neurketa jokatuko du Arrojeriak. Garrantzi handirik ez duen norgehiagoka izango da, Bera Berak eta Peredak ez baitute elkar ikusiko bigarren fasean eta beraz, ostegunean 18.00etan Kantabrian jokoan egongo diren bi puntuek ez dute balio errealik izango. Noski, garaipenaren sentsazioa funtsezkoa izango da bi taldeentzat: donostiarrek nagusitasuna islatu nahiko dute eta Peredak, aldiz, ezustekotik gertu ibili nahiko dute.
Bera Bera konfinatuta zegoela eta, atzeratutako neurketa da ostegun honetan jokatzen dena (berez otsailaren 20an jokatu behar zen 12. jardunaldia). Kantabriarrek bi garaipen eskuratu dituzte, biak ala biak Lanzarote Puerto del Carmenen aurka.
Lanzarote Puerto del Carmen izango da, hain zuzen ere, talde donostiarren azken arerioa lehenengo fase honetan. Larunbatean 20.00etan Jose Antonio Gasca kiroldegia bisitatuko du talde kanariarrak, 10. jardunaldiko neurketa jokatzeko. Hau ere covid-19a dela eta atzeratu zen. Talde kanariarrak ez du garaipenik eskuratu.
Hiru egunetan bi neurketa jokatu beharko dute Imanol Alvarezen jokalariek baina aipatu legez, jaitsiera saihesteko helburua daukaten bi talde hauen aurka erdietsitako puntuak ez dira baliogarri bigarren faserako.
Partida hauetarako Eli Cesareoren baja izango du entrenatzaile ermuarrak, O'Mullony, Boada eta Gilekin batera. Pibote katalana espainiar selekzioaren azken deialdian sartu da. Hutsuneak betetze aldera, June del Campo eta Amaia Zolezzi jubenilak deitu ditu Alvarezek.