INFO

Ipar Euskal Herriko preso eta iheslari ohien egoeraren diagnosia plazaratu du Harrerak

Harreman zuzenaren bitartez eta galdetegi bat oinarri duen metodoa erabiliaz, ehun kiderekin egindako lanaren ondorioak eta diagnosia aurkeztu ditu Ipar Euskal Herriko Harrera elkarteak. Erretretaren arazoari irtenbidea bilatzea da elkarteak ezarri duen lehentasun nagusia.

Harreraren agerraldia gaur Baionan. (Bob EDME)

Saroia Galarraga, Peio Bellan eta Jokin Etxebarriak aurkeztu dute Baionan ‘Ipar Euskal Herrian diren preso eta erbesteratu ohien egoeraren diagnosia’. Ikerketa egiteko metodoa, parte hartzaileen profila eta beste hainbat daturen inguruko azalpenak eman dituzte, eta ateratako ondorioen berri eman dute: «Gaur kezka nagusia erretreta da, kide askorentzat prekarietatearen sinonimo baita», nabarmendu du Galarragak.

Harrerak egin duen lanaren lekukotza azaltzeko, Kattin Haranburuk ere parte hartu du prentsaurrekoan. 30 urte espetxean egin ostean iazko azaroan baldintzapeko askatasuna eskuratu zuen Frederic Xistor Haranbururen emazteak «mila esker handi bat» eman dio Harrera elkarteari.

Ipar Euskal Herriko Harrerako bozeramaileek diagnosia ateratzeko erabilitako metodoa azaldu dute. Oinarrian, egoera juridikoa, familiarra eta osasuna hartu dituzte, inkesta baten bitartez pertsona bakoitzaren egoeraren ahalik eta datu zehatzenak biltzeko. «Iazko irailerako diagnosia egina zen, baina kaleratu aitzin parte hartzaile bakoitzari aurkeztu nahi izan diogu», jakinarazi du Etxebarriak.

Dokumentu «irekia»
Diagnosia amaitu ostean ere jende berria atxiki eta datu berriak jaso dituztela azaldu du Etxebarriak, horregatik azpimarratu du txostena ez dela «dokumentu itxi bat». Bere esanetan, «etengabe berritu beharreko lana da, esaterako, Didier Aguerre eta Lorentxa Beyre laster atera daitezke espetxetik, aurrez ikusi behar da zein arazo izango dituzten».

Diagnosia burutzeko lehenik 300 izeneko zerrenda bat egin zuten, «gero egoera zailean direnak identifikatu genituen, batez ere haien bizian inoiz edo oso gutxi kotizatu dutenak, eta traumen ondorioz osasun arazoak dituztenak». Horrela, 175 pertsonarekin jarri ziren harremanetan eta haietako 103 kiderekin harreman zuzena izan zuten. Amaitzeko, 70 pertsonen galdeketari emaniko erantzunak oinarri hartuta osatu zuten diagnosia.

Parte hartzaileei dagokienean, gehienak Lapurdiko kostaldean bizi dira; 50 gizonezkoak dira eta 20 emakumezkoak. Haietatik hamaika kidek 70 urte baino gehiago dituzte, beste 32 kidek 60 eta 70 urte artean dituzte eta gainontzekoek 60 urte baino gutxiago.

Erretreta duin bat
Ikerketan parte hartu duten 70 lagunetatik soilik lau lagunek kotizatu dute erretreta eskuratzeko behar den denbora poltsa osoa. Beste 42 kasutan, ostera, «kotizatu dituzten urteak eta erretretarako legezko adinera iristeko gelditzen zaizkien urteak kalkulatuz, batek berak ere ez luke tasa osoko erretreta erdietsiko», eman du aditzera Etxebarriak.

Hain zuzen ere, diagnositik ateratako ondorioa horixe da, arazo nagusia erretreta dela. Galarragak adieraz duenez, «egun gure helburu nagusia erretreta duin bat eskuratzea da». Horrez gain emakumeen egoerari ere arreta berezia eskainiko diotela azaldu du, izan ere, «emakumeen kasuan prekarietatea bikoitza da». Horrela ikerketan parte hartu duten 20 emakumeetatik 18ren kasuan, bikotekidea ere egoera berean dute.

Prekaritatearen arazoa diagnostikatzeko zein honi erantzun bat emateko, kasu bakoitza aztertu dute eta kontuan hartu dituzte pertsona bakoitzak laguntza familiarra eskuratzeko duen gaitasuna, etxebizitza bat duten edo alokairuan dauden eta antzeko datuak. «Nolabait esateko, lehen familiek egiten zuten lan hori, modu profesionalean egiteko sortu zen Harrera», laburbildu du Etxebarriak.

Diagnosiak Ipar Euskal Herriko preso eta erbesteratu ohien erradiografia zehat bat izateko balio izan du, eta orain diagnosi hori eragile politiko eta sozialekin partekatzeko asmoa dutela iragari dute Harrerako bozeramaileek. Haien esanetan, «egoera desberdin eta konplexu horiei kolektiboki erantzun behar diogu eta, horretarako, elkarteen, eragile politikoen eta instituzioen inplikazioa beharko da».

Adibide praktikoa: Kattin Haranburu
Preso ohi batek eta haren familiari Harrerak eskaintzen dion sustengua nola gauzatzen den azaltzeko bere lekukoa eskaini du Kattin Haranburuk. Bere senarra espetxean zenean eta atera zenean ere, Senpereko herritarren zein arlo desberdinetako eragileen laguntza izan zutela oroitu du, baina batez ere Harrerak eskainitako sustengua nabarmendu du.

Espetxean 30 urte egin ostean baldintzapean kalera atera eta etxera itzuli zenean «Xistor galdua zen eta gu ere galduak ginen», esplikatu du Haranburuk. Ordea, zailtasun guztien gainetik, «ondo pasatu da, zeren laguntza handia jaso dugu, Harrerakoak etorri ziren eta behar den guztian lagundu gaituzte».