INFO
Elkarrizketa

«Tabakalera ez da zentro elitista bat, edozein pertsona ongi etorria da»

Lakuako Kulturaren Sustapenerako zuzendaria izan zen, eta Bilboko Azkuna Zentroko kultura programazioaren arduraduna. Ezaguna du Tabakalera, bertako Administrazio Kontseiluko kide izan zelako. Galerie Gmurzynska-ko Garapen eta Sustapeneko zuzendaria izan zen, harik eta Donostiara itzuli zen arte.

Argazkia: Gorka RUBIO/FOKU

«Mirari txiki» bat da Clara Monterorentzat Tabakalera. Txikia-edo, kulturari eta sorkuntzari eskainitako 40.000 metro karratu baititu tabako fabrika zaharrak. “Estudiotik at. Cinco años de creación” erakusketan agurtu du NAIZ, kulturari emandako fabrika honen azken bost urteetako uzta jaso duen aretoan. Baina Labe jatetxeko terrazan erantzun ditu galderak, eguzkitan, Tabakalera «egoteko plaza bat» ere badelako.

Urtebete eta hilabete batzuk egin dituzu karguan. A ze urtea, ezta?
Bai, egia esan hilabete gehiago eman ditut “normaltasun berrian” ohiko normaltasunean baino. Etengabeko erronka izan da.

Nola bizi izan zenuen pandemiaren lehen kolpea?
Denok bezala, shock egoeran. Dena berria zen, eta orain “neke pandemikoa” esaten dioten hori ez geneukan oraindik. Oso une emozionala izan zen. Orain plazan dagoen eskultura, Julio Le Parc artistarena, martxoaren 13an muntatu genuen, ostirala. Bada, eskultura muntatzen amaitu eta une horretan bertan dei bat jaso genuen eraikina itxi behar genuela esanez. Oso une emozionala izan zen eskultura muntatu eta eraikina berehala ixtea. Altxorraren kutxa baten modura geratu zen, ezkutuan. Hortik aurrera, etengabeko ezinegona bizi izan genuen, kudeaketa arazoak, zer egin eskuartean genituen kontratuekin, gure inguruan zegoen jendearekin...

Zeintzuk izan ziren planteatutako urgentziazko lanak?
Momentu horretan bi kezka ziren inportanteenak: zer egin gure sektorearekin eta kontratu horiekin guztiekin eta nola mantendu zerbitzu publiko bat; pentsatu behar genuen nola eman zerbitzu publiko bat eraikina itxita zegoen bitartean. Lanketa sakona egin zen online ereduaren bueltan. Tabakalera Online edota Tabakalera Etxean sortu genituen eta sortzaileei eremu digitalerako artelanak sortzeko enkarguak egin genizkien.

Pandemiaren hasieran bi kezka ziren inportanteenak: zer egin gure sektorearekin eta kontratu horiekin guztiekin eta nola mantendu zerbitzu publiko bat

Sortzaileekin harreman zuzena duzue. Zeintzuk dira dituzten kezkak eta beldurrak?
Sortzailea izateko bizi-hautuak ez zaitu egonkortasunera eramaten normalean. Hori bai, egoera honekin egon dira batzuk esan dutenak beti bizi izan direla ezjakintasun betean, baina, orain, etorkizuna kendu dietela sentitu dutela. Hainbat jendek proiektuak buruan zituen, bidaiak... eta dena bertan behera geratu da. Hori, psikologikoki eta ekonomikoki, oso gogorra da.

Tabakalerak badu horrelako beldurrik ala proiektua egonkortuta dagoela esan daiteke?
Gure aurrekontua, gutxi gorabehera, mantendu egin da, nahiz eta egoera larria izan. Gure lehentasunetan sortzaileekiko harremana mantendu dugu, enkarguak eta proiektuak mantendu ditugu. Azken batean, kulturaren ekonomian oso eragile inportantea gara eta lan asko sortu dugu kultur eragileen artean. Egoerarekin lotuta, momentu batzuetan sentitzen genuen egoera gure lanaren kontra zioala, erakunde publiko bat, plaza bat eta elkartzeko edo egoteko gune bat garelako. Sorkuntza sozializatzeko gune bat gara, beraz, sozializatzea kentzen diguten momentuan, zailtasunak sortzen dira. Baina gertatu da gauza interesgarri bat: plaza izaera horretan publiko asko galdu dugu, jende gutxiago ibiltzen da eraikinean, paseatzen-edo, nolabait esateko. Baina jardueretara etortzen den jendea oso fidela da, saio guztiak betetzen dira. Momentu honetan kultura jasotzeko eta kulturan parte hartzeko gogoa dagoela uste dut.

Izan ditu alde onak bide digitalak indartzeak?
Konfinamendu garaian gure publikoarekin kultura partekatzeko geneukan tresna bakarra zen. Interesgarria zen erakunde publiko bezala gure buruari galdetzea zer eskaini behar genuen, batez ere digitalki. Saiatu ginen koherentzia mantentzen gure berezko misioarekin eta esperimentatu egin genuen. Sortzaileei eremu digitalerako obrak eskatu genizkien, konfinamenduan sortutako gauzak. Nahiko lan interesgarriak sortu ziren gainera, esate baterako, Jone San Martin koreografoa konfinatuta zegoen Berlinen, eta pieza koreografiko batzuk egin zituen bere etxean, bere mugikorrarekin grabatuta, oso bereziak. Azaltzen zuen nola bizi zituen bere gorputza eta bere etxea kaiola bezala.

Zer ekarpen egiten dio Tabakalerak Donostiako kultur panoramari?
Tabakalerak ekarpena egin behar dio ez bakarrik Donostiako eszena kulturalari, baita Euskadikoari ere. Aurrekontuaren heren bat Jaurlaritzatik dator, beraz, ikuspuntu eta egitura nazionala izan behar du. Tabakalerak erreferentzia izan behar du sortzaileen sustapenean eta produkzio zentro bezala, eta bada.

Jardueretara etortzen den jendea oso fidela da, saio guztiak betetzen dira. Momentu honetan kultura jasotzeko eta kulturan parte hartzeko gogoa dagoela uste dut

Eta zuk, kultur zuzendari bezala, zer ekarpen egin nahiko zenuke Tabakaleratik?
Bi bide azpimarratuko nituzke: artisten zerbitzura gaudela, eta, beraz, paper bat jokatu behar dugula kulturaren ekonomian artistei aukerak emanez eta, aldi berean, publikotasuna. Gure zeregina da bitartekariak izatea gaur eta hemen sortzen diren artisten eta publikoaren artean. Alde publikotik sorkuntza babestu behar da; gizarte bakoitzak bere artistak behar ditu eta modu duinean tratatu behar ditu. Bere sorkuntzatik gertu dagoen gizarte bat gizarte kontzienteagoa eta kritikoagoa izango da.

Artisten habia ere bada Tabakalera, horren erakusgarri, «Estudiotik at. Cinco años de creación» erakusketa.
Erakusketaren abiapuntua izan da Tabakaleraren izaera sorkuntza zentro bezala erreibindikatu eta gizarteratzea. Eraikinaren hirugarren solairuan Artisten Gunea dago, hor hainbat tailer eta estudio daude. Egonaldi programa bat ere badaukagu eta urtero bi deialdi egiten ditugu artistei aukera emateko hemen proiektuak gara ditzaten. Gure lanaren parte oso inportantea da, baina ezezaguna, bisitariek ez dute ikusten. Erabaki genuen erakusketa bat egitea hemendik pasa diren artistekin eta hemen sortu diren lanekin.

Arte garaikideko lan-taldeak komisariatutako proiektu bat izan da eta espazioa artikulatzeko eta nortasun bisual bat izateko Manu Muniategiandikoetxearekin eta Laura Maiozekin hitz egin genuen, beraiek ere egoiliarrak izan direlako. Erakusketaren diseinu espaziala egiteko eskatu genien eta uste dut asmatu dutela nahiz eta ez den erraza, 38 artelan baitaude, artista ezberdinenak eta diziplina ezberdinetakoak: argazkiak, marrazkiak, soinua, bideoa, instalazioak… denetarik.

Kanpoan ikusitakotik zer ekarriko zenuke Tabakalerara?

Momentu honetan frustrazio bat da ez bidaiatzea eta, gainera, Europan kultura itxita dago. Guri ez zaigu hori gertatu, zorionez guk programa mantendu dugu, baina Europako hainbat zentrori gertatu zaie erakusketa bat muntatu, hiru hilabetez itxita egon eta erakusketa desmuntatu beharra. Itinerazio bat zelako edo artelanak lagapenean zeudelako, adibidez. Hainbat zentroendako desastre bat izan da zentzu honetan. Guk bagenuen asmoa proiekturen bat koproduzitzeko edo itinerantziaren bat egiteko, baina egoera honekin ez da posible izan. Egia da harreman asko mantentzen ditugula kanpoko zentro eta eragileekin, eta haien influentzia izan dugu Medialab-en garapenean eta batez ere artea, zientzia eta teknologia uztartzerakoan. Ideia horiek Suitzatik, Holandatik eta Austriatik hartu ditugu, han asko lantzen dira arte eta zientziaren edo arte eta teknologiaren arteko elkarlanak. Hemen ez hainbeste, eta iruditzen zait hemen daukagun testuingurua ikusita oso interesgarria izan daitekeela lan-ildo hori esploratzea. Iaz esperientzia bat izan genuen, Physics Centerrekin instalazio bat egin genuen artista eta astrofisikoen artean, eta modu bat da aldarrikatzeko arteak ezagutza sortzen duela eta zientzia ere kultura dela.

Tabakalerak kritika batzuk izan zituen, elite kulturalari zuzendutako espazioa izango zelakoan. Zu zuzendari izendatu baino hilabete gutxi lehenago onartu zen plan estrategiko berria, kultura herritarrei gerturatzea helburu. Zer pausu eman dira bide horretan?
Oso garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea Tabakalera ez dela zentro elitista bat. Edozein pertsona ongi etorria da eta edozein pertsonak izan dezake inplikazio maila ezberdina kultura garaikidean. Hartu ditugun bideak? Adibidez, hezkuntza departamendu bat dago, Leire San Martinek zuzenduta. Komunitate ezberdinak sorkuntzan ahaldundu eta inplikatzen eskarmentua daukate. Sinesten dugu edukiak konplexuak izan arren edozein pertsonarentzako izan daitezkeela, nahiz eta inplikazio maila handirik ez izan. Eta gure lana da tresnak eskuragarri jartzea eduki konplexu horiekiko interesa sortzeko.

Batzuetan zabaltzen da mezu bat esaten duena arte garaikidea konplexua edo zaila dela, ez dela edonorentzat. Horren harira, hartu genuen erabakia izan zen espazio publikoetan arte garaikidea instalatzea, edozein bisitari aurrez aurre arte garaikidearekin topatzeko. Horregatik jarri genuen Julio Le Parc-en eskultura. Beste lan-ildoa Scala izan da. Eraikineko eskaileretan soinu interbentzioekin hasi gara. Hor izen esperimentalak nahastuko ditugu, orain Pauline Oliveirosen lan bat daukagu, aurrerago Niño de Elcheren interbentzio bat jarriko dugu, eta gero Maialen Lujanbiorena.