INFO

Presoen txertaketarako presazko protokoloa eskatu die Etxeratek Urkullu zein Chiviteri

Lakuako Gobernuak lehentasunezko zerrendatik presoak ezabatu ostean kezka agertu du ostegun honetan Etxeratek, eta honi zein Iruñeko gobernuari premiaz aritzea eskatu die, «presoek arrisku handiko ezaugarriak» dituztelako.

Espetxeetan ezarritako murrizketen aurkako protesta, pasa den urteko uztailean Iruñean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Astearte eta asteazkenaren artean Lakuako txertatzeko plangintzan izandako gorabeherak Etxeraten kezka areagotu du. Izan ere, NAIZek asteazkenean argitaratu zuenez, hasieran lehentasunezko taldeen artean ageri ziren presoak baina gero aipamen hori ezabatua izan zen eta dena akats bat izan zela aipatu zuen Osasun sailburu Gotzone Sagardui, EH Bilduko Rebeka Uberak Legebiltzarrean galdera luzatu zionean.

Ohar batean zera esan du Etxeratek: «Presoen txertaketa atzeratzeko Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia guztiz desegokia dela adierazi nahi dugu. Azaldu den bezala, erabaki hori aurrerago hartuko da, txertoen eskuragarritasunaren arabera eta adin-segmentuekin lotutako irizpideak kontuan hartu gabe».

«Presoek arrisku handiko ezaugarriak betetzen dituzte», nabarmendu dute presoen senideek. Erabilera komuneko espazio oso txikietan jarduten dutela ekarri du gogora, eta horrexegatik «neurri murriztaileak aplikatu zaizkie. Izan ere, Martuteneko eta Basaurko espetxeko komunikazio intimoak, familiakoak eta bizikidetzakoak, etenda dauden, Iruñean bezala eta Estatu espetxe gehien-gehienetan bezala. Eta Zaballan, zehazki, urtarrilean hamabi pertsonari eragin zien infekzioaren agerraldi bat detektatu zuten», erantsi du.

Hala ere, «inoiz ere ez da zorroztu pertsona presoen segurtasuna», salatu du. Hala nola, kalitatezko musukorik ez zaiela eman aipatu du.

Gauzak honela, Iñigo Urkullu eta Maria Chivite buru dituzten gobernuei eskaera helarazi die, «bi erkidegoetan presoen txertaketa bermatzeko protokolo bat ezar dezatela. Eta hortik harago, Espainiako Gobernuak txertaketa plan bat jarri behar du abian preso guztientzat», erantsi du Etxeratek.

Estatu frantsesari dagokionez, «kartzeletara iristean senideei test azkar eta doakoak egitek proposamena berresten» du Etxeratek. Eta bi estatuetan «bisitan lehenbailehen berreskuratu behar direla» ohartarazi du.