«Tokiko alternatiba baten alde» aurkeztuko da LAB enpresa oso txikien hauteskundeetara
Estatu frantsesean martxoaren 22tik apirilaren 4ra ospatuko diren enpresa oso txikietako hauteskundeetan ««Ipar Euskal Herriko langileek bertan bozkatu eta ordezkatuak izan daitezen» aldarrikatuko du LAB sindikatuak.
«Tokiko alternatiba baten alde» kanpaina abiarazi du LABek martxoaren 22a eta apirilaren 4a bitartean Estatu frantsesean izango diren enpresa oso txikien (11 langile baino gutxiago) hauteskundeei begira. Akitania Berria eskualdean soilik hamar ordezkari hautatuko dira eta sistema horren ondorioz Ipar Euskal Herria ez dela ordezkatua izango salatzen du sindikatu abertzaleak.
«Soilik Akitania Berriko datuak ematen dituzte, baina guk badakigu azken hauteskundeetan, 2016an, bozka gehien eskuratu zituen sindikatua izan zela LAB, eta kontrakoa badiote froga dezatela, erakuts ditzatela datu guztiak», adierazi zuen Eñaut Aramendik, LABeko bozeramaileak, martxoaren 10ean Baionan eskaini zuten prentsaurrekoan.
LAB sindikatuaren arabera Ipar Euskal Herriko 27.000 langile inguruk dute bozkatzeko eskubidea enpresa oso txikien hauteskundeetan, baina langileekin izan dituzten harreman zuzenei esker egiaztatu ahal izan dute haietako askok ez dakitela bozkatu dezaketela eta beste asko ez direla behar bezala informatuak izan.
Izan ere, sindikatu abertzaleak salatzen duenez, 2008 eta 2017 urteen artean eman zen erreforma Estatu mailako sindikatuen mesedetan egin zen. «Akitania Berriko eskualdean 430.000 langilek bozkatzen ahal dute eta soilik hamar ordezkari izanen dira, logikoki, sindikatu nagusietako kideak, eta hori ez da onargarria», nabarmendu zuen Argitxu Dufauk, LABeko ordezkariak.
Horrez gain, sindikatu guztiek ez dutela informazio bera jasotzen, Estatu mailakoak ez diren sindikatu askok informazioa prentsaren bitartez jakin behar izaten duela eta «transparentzia falta» salatzen du sindikatu abertzaleak. Horren aurrean, tokiko ordezkaritza bermatuko duen eta egiaz langileek bozkatutakoa ordezkatuko duen sistema bat aldarrikatzen du.
Tokiko alternatiba baten alde
Horixe da enpresa oso txikien hauteskundeei begira LAB sindikatuak hautatu duen goiburua eta proposatzen dituen alternatiben berri emateko kanpaina bat abiatu du. «Guk nahi duguna da sindikatuen garrantzia azaltzea eta orain artean egin ditugun harremanetan harrera ona izan dute gure azalpenek, zeren askok uste dute haien enpresa txikia delako ez dutela sindikaturik behar», eman zuen aditzera Hugo Charron kanpaina buruak.
Enpresetara zuzenean joateaz aparte, zenbait egonaldi antolatu dituzte informazioa eskaini eta langileen zalantzei erantzuteko. Horrela, martxoaren 16an Donapaleun izango dira, biharamunean Hendaian ezarri dute hitzordua, eta martxoaren 18an Lapurdiko hiriburuan izango dira.