INFO

2021eko Ibilaldiak badu kanta

‘Kala Kalata!’ izango da aurtengo Ibilaldiaren kanta. Bideokliparekin aurkeztu dute ostiral honetan jaialdiaren antolatzaileak diren Sopelako Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastolek eta ikasleek zein Euskal Herriko hainbat abeslari ezagunek hartu dute parte.


Aurtengo Ibilaldiaren antolatzaileak diren Sopelako Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastolek euskararen aldeko ekimenaren ‘Kala Kalata!’ kanta aurkeztu dute ostiral honetan.

Kantak Ibilaldiaren lelo berdina dauka eta antolatzaileen hitzetan «egileak inork baino hobeto jakin du berba gutxitan biltzen lelo horrekin adierazi nahi dena, hots, bidai honetan, goitik behera eta hezur-mamiraino, busti beharra dagoela. Busti beharra euskara ezagutu eta ikasteko, busti beharra euskaraz mintzatzeko, busti beharra euskara edonorekin edonon eta edonoiz erabiltzeko, busti beharra, azken batean, euskaraz bizitzen ikasteko».

Abestiaren letra Xabier Payarena da, eta musika Xabi Aburruzagak konposatu du. Aiora Renteria, Maitane Salvador, Iholdi Beristain, Itziar Ituño eta Ander Deuna eta Betiko ikastoletako ikasleak dira kantaren abeslariak. Eriz Perez (gitarra akustikoa), Jose Urrejola (pianoa, perkusioak, programazioak, gaita eta whistle), Xabier Zeberio (biolina eta biola), Alberto Urretxo (tronboia), Andrzej Olejniczak (saxoa) eta Nikolas Zubia (tronpeta) musikariek ere hartu dute parte.

Kantak ondo gogoratzen du euskarak historian zehar izan dituen zailtasunak: «Aspaldi ikasi genuen putzutik ateratzen, zubi gabeko ibaiak igerian pasatzen, eta korronteen aurka beldur barik ibiltzen». Eta etorkizunerako indarra ez dela falta argi uzten du ere: «Abentura honetarako ez zaigu ezer falta, hizkuntza da iparrorratza, bizinahia da mapa, denok amaituko dugu goitik behera kalata».

«Ez da ez erronka makala geure buruei eskatzen dieguna eta lortu nahi duguna; euskaraz Ibilaldian, euskaraz etxean, euskaraz ikastolan eta euskaraz herrian!», gogoratu dute antolatzaileek.

2021eko maiatzaren 30ean, 2020-21 ikasturtean zehar Uribe-Kostan eta Leioan egingo diren ekimenei amaiera emanez Sopela udalerrian egingo dute Ibilaldia.

Ikastola antolatzaileak

Ander Deuna Ikastola 1968-69an sortu zen Nikola Telleria abadearen laguntzaz, besteak beste. 1973an egun ikastolaren egoitza den lekuan lur-sail batzuk erosi ziren eta 1974an eraikin bat martxan zegoen. 1982an Bigarren Hezkuntza osoa eta Batxilergoa ezarri ziren eta 1996an Guraso eta langileen Kooperatiba Elkartea bihurtu zen.

Betiko Ikastola duela 55 urte sortutako San Nikolas ikastolaren adar bat da. 1995ean 150 ikaslerekin –1993an sortutako gatazkaren ondorioa– sortu zen. 2003an 300 ikasle zituen, bikoiztu egin zen bost urteren buruan. Egun Betiko Ikastolak 600 bat ikasle dauzka.

Bi ikastola hauek 2004an ‘Alkarregaz heldu’ lelopean Ibiladia antolatu zuten Leioan.