INFO

EH Bilduk Bilbon eskola-patio inklusiboen sare bat sortzea eskatuko du Osoko Bilkuran

EH Bilduk Bilbon eskola-patio inklusiboen sare bat sortzea eskatzen duen mozio bat erregistratu du martxoko Osoko Bildukan eztabaidatzeko. Espazio horiek ikuspegi feministatik eraldatu behar direla dio koalizioa soberanistak.

Alba Fatuarte, EH Bilduko zinegotzia Bilbon.

EH Bilduko udal taldeak Bilbon jolastoki inklusibo eta iraunkorren sare bat martxan jartzeko eskatu dio Udal Gobernu taldeari, jolas gune horien erabilerak genero-ikuspegitik aztertzeko eta espazio inklusibo bihurtzeko helburuarekin, «hezkidetza, jasangarritasuna eta hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea bezalako balioak kontuan hartuta». Horrela, martxoko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio bat erregistratu du.

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak gogorarazi duenez, azken hamarkadetan hirigintza feministak eta hezkidetzan adituek aipatu duten bezala, «espazioa ez da parekidea eta, horrela, generoak, aniztasun funtzionalak edota maila sozio-ekonomikoak eragindako desberdintasunek zeharkatzen dute».

«Jolastokien konfigurazioak erabilera batzuei protagonismoa ematen die beste batzuen kaltetan, eta eragina du bertan gertatzen diren portaeretan», adierazi du. Horregatik, bere esanetan, «haurrek jolas guneak partekatzeak ez du bermatzen jolas hori baldintza berdinetan gertatzen ari denik».

Ildo horretan, adierazi duenez, eskola –patioak haurren bizitzetan gune garrantzitsuak dira, bertan egunero denbora asko igarotzen baitute. Horregatik, bere ustez, gune horiek «irisgarritasuna, berdintasuna, ingurumen-jasangarritasuna eta hezkuntza komunitate osoaren parte-hartzea bermatu eta indartu beharko lukete».

Fatuartek azaldu duenez, EH Bilduk proposatutako programa Bilboko Udalak finantzatuko luke% 100ean, eta hala eskatzen duten hiriko ikastetxe publikoei beharrezko baliabide teknikoak eta giza baliabideak emango lizkieke, patioen erabilerak genero-ikuspegitik aztertu ahal izateko, «horrela, espazio inklusiboetan transformatzeko».