Igandean jokatuko da pandemiak baldintzatutako Oriaren Traineru Jaitsiera
Emakumezkoetan Euskotren Ligako lau ontziek eman dute izena, eta gizonezkoetan Eusko Label Ligako zortzik, maila absolutura mugatuko den estropadan. Parte-hartzea bikaina da, baina aurten Orioko arraunaren festak ez du horrenbeste kolore izango.
Igande honetan jokatuko da Oriaren XXVII. Traineru Jaitsiera, aurtengoan I. Orialki Ikurrinak banatuko dituen denboraldi aurreko test garrantzitsua. Covid-19ak hala behartuta, aurtengo ekitaldian ezin izango dute parte hartu beste urteetan ohikoak izaten ziren llagut edo beteranoen ontziek, eta beraz bi maila nagusietako traineruek bakarrik egingo dute arraun: emakumezko absolutuak eta gizonezko absolutuak.
Jaitsiera 10.00etan hasiko da emakumezkoen probarekin. Hamar ontzik eman dute izena 4.000 metroko ibilbidea izango duen estropadan. Saikolatik irtetzen lehena Lapurdi izango da, eta atzetik abiatuko dira minutu bateko tartearekin Zarautz, San Juan, Zumaia, Hibaika, Tolosaldea, Hondarribia, Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra Kaiarriba eta Orio.
Nabarmentzekoa da Euskotren Ligako lau traineruak lehiatuko direla Orioko uretan, aurten lehen aldiz, Hondarribiako Jaitsieran Arraun Lagunak ez zelako egon. ETE Ligako ontzi onenak ere ez dira faltako eta, beraz, erreferentzia oso ona izan daiteke bakoitza non dagoen ikusteko.
Gizonezkoen traineruak ere segidan irtengo dira, baina Mapil-Aginaga ingurutik, 6.000 metroko ibilbidea osatzeko. Irtetzen lehena Trintxerpe izango da 10.10ean, eta atzetik joango dira minutu bateko tartearekin Zarautz B, Hibaika, Mutriku, Hondarribia B, Lapurdi, Donostiarra B, Zumaia, San Juan, Getaria, San Pedro, Orio B, Zarautz, Ares, Ondarroa, Donostiarra, Zierbena, Hondarribia, Santurtzi eta Orio.
Eusko Label Ligako zortzi traineruk eman dute izena, kopuru oso aipagarria, eta iazko sei onenen artetik Urdaibai bakarrik faltako da Orioko hitzorduan.
Zoritxarrez, estropada segurtasun arau zorrotzenak jarraituz antolatu behar izan da eta aurtengoa ez da beste urteetan izan ohi zen arraun festa jendetsua izango. Antolatzaileek dei egiten diete zaleei arau horiek bete ditzaten.