Mugaren itxierak «ageriko ondorioak» izan ditu Akitania Berria-EAE-Nafarroa Euroeskualdean
Euroeskualdeak urte honetan egin duen lehen biltzarreko buru izan da Iñigo Urkullu eta muga ixtearen ondorioak agerikoak izan direla nabarmendu dute bertan, bereziki «Hegoalde eta Iparraldearen artean bizi diren herritarrentzat».
Estatu espainiarraren eta frantziarraren arteko muga koronabirusen pandemian ixteak eragina izan zuen 2020an EAE, Nafarroa eta Akitania Berria Euroeskualdearen harreman eta proiektuetan; hala ere, 19 proiektu bultzatu ziren kultura, gazteria, eleaniztasuna eta kirolaren arloetan, besteak beste.
Horrela azaldu dute Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen Euroeskualdearen urteko batzarrean. Bilera telematikoki egin da, eta Maria Chivite Nafarroako lehendakariak eta Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak ere parte hartu dute.
Batzarrean, 2020ko balantzea aurkeztu dute eta bertan baieztatu dute pandemiak Euroeskualdearen lana baldintzatu duela, batez ere mugaren itxieragatik, eta bi aldeetan jarduerak egiten dituzten herritarrei eta enpresei eta kultura-harremanei eragin diela.
Hala ere, Lakuako Gobernuak azaldu du 2020an, bi deialdi egin direla, 900.000 euroko aurrekontu orokorrarekin eta, horiei esker, 19 proiektu jarri direla abian azaldu dute, kultura, gazteen mugikortasuna, hezkuntza, gazteria, eleaniztasuna eta kirola arloetan, bai eta 7 proiektu ere aeronautika eta fabrikazio aurreratuan, biozientzia/osasunean, nekazaritza eta nekazaritzako elikagaien industrian eta itsasoko eta itsasertzeko baliabideetan.
Gainera, azaldu du 7 lankidetza estrategiko garatu eta berritu direla eta beste lankidetza bat sinatu dela. Azkenik, nabarmentzekoa da Lakuarentzat Euroeskualdearen barruan 2021-2017 aldirako Euroeskualdearen Plan Estrategiko berri batez hornitzeko hasitako prozesua.
«Plan horren helburu nagusiak, besteak beste, jasangarritasuna, digitalizazioa, gizarte- kohesioa eta enplegua izango dira, Europar Batasunaren politikekin bat etorriz eta susperraldi ekonomikoa ardatz hartuta» azaldu du. Iaz, plan hori eguneratzeko lanak hasi ziren, eta uda baino lehen onartzea eta aurkeztea da helburua.
Hamargarren urteurrena
1992an, Nafarroak, Akitaniak eta EAEk lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, bakoitzak bere eskumenen esparruan harreman instituzionalak garatzeko, interes komunak lortzeko helburuarekin.
Hala ere, 2000. urtetik aurrera Nafarroak lankidetza horrekin jarraitu zuen aldebiko hitzarmenen bidez. Bitartean, EAEk eta Akitaniak, hasierako protokolo horretatik abiatuta, aurrera egin zuten Erkidegoko zuzenbideak araututako beste lankidetza-egitura baterantz. Egitura horrek nortasun juridikoa du, eta bere kideen artean, mugaz gaindiko lankidetzaz gain, eskualdeen arteko eta nazioz gaindiko lankidetza sustatzea du helburu.
Horretarako, 2011n, Lurralde Lankidetzarako Europako Taldea (AECT) sortu zuten, 'Akitania/Euskadi euroeskualdea' izenekoa. 2016an Limousin eta Poitou-Charentes eskualdeak integratu eta Nafarroa sartu ondoren, 2017ko martxoan gauzatu zena, Elkarteak 'Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa' Euroeskualdea izena hartu zuen.
Euroeskualdearen Batzarra sortu zeneko hamargarren urteurrena dela eta, Urkulluk azpimarratu du hamarkada honetan Euroeskualdeak «osaera- eta egitura-aldaketetara egokitzen» jakin duela, eta, gaur egun, «proiektu finkatua» dela, lehen eguneko «misioari, balioei eta anbizioari eusten diena, erkidegoen mugaz gaindiko topaketaren eta garapenaren alde».
Urteko deialdien bidez 140 proiektu, 10 lankidetza estrategiko eta 7 europar sare bultzatu direla gogoratu du eta Hamar urte hauetan Euroeskualdeak «tamaina eta eragiteko gaitasuna irabazi» dituela.
Aurrera begira, Estatuekin eta Europar Batasunarekin duten hartu emana hobetzen jarraitu nahi duela adierazi du.
Egungo pandemiaren testuinguruan, Urkulluk «esperientzia honetatik ikasitako lezioetako bat» nabarmendu du: «Elkarrekin lan egiteko beharra». «Hori da Euroeskualdearen espiritua hamargarren urteurrenean», gaineratu du.