INFO

Mugi Gipuzkoako txartela, hurrengo urtetik Bilboko Metrorako ere baliogarria

Mugi Gipuzkoako garraio txartela 2022. urteko lehen hiruhilekotik aurrera erabili ahal izango da Metro Bilbaoren linea guztietan. Urrats berri horretarako, Bizkaiko Garraio Partzuergoa (BGP) sistemak egokitzen hasiko da aurki.

Bilboko Metroa. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Garraio Agintaritzaren (EGA) elkarreraginkortasunerako lantaldea aste honetan bildu da, EAEn egun dauden Mugi, Bat eta Barik bidaia tituluak hiru herrialdeetako edozeinetan erabiltzeko urrats berriak emateko. Topaketan parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP), hiru foru aldundiek eta garraio operadoreek. Eta erabaki nagusi gisa, Mugi txartela 2022ko lehen hiruhilekotik aurrera erabili ahal izango dela Metro Bilbaoren linea guztietan.

Bileran data berriak ezarri dira, bidaia titulu guztien elkarreraginkortasunerantz aurrera egiteko hiriko eta hiri arteko garraio guztietan. Helburua da txartelen erabilera erraztea eta horien konbinazio intermodala ezartzea.

Aurrerapen horri esker, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru bidaia tituluak erabili ahal izango dira Bizkaiko hiriburuko garraio metropolitarrean (Bat eta Barik txartelak onartzen ditu dagoeneko).

Araban ere aldaketak

Bestalde, Tuvisa Gasteizko hiri autobusen konpainiak erabat erabilgarri jarriko ditu EAEko hiru garraio txartelak hiriburuko hiri autobusetan 2021eko bigarren seihilekoan.

Arabako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, Mugi txartelaren elkarreraginkortasuna erabatekoa da Alavabuseko autobusetan.