INFO

Hizkuntza ohiturez hausnartzeko kanpaina, UEMA, nafar Gobernua eta Lakuaren eskutik

UEMAk eta Nafarroako eta Lakuako Gobernuek ‘Arnasa gara’ kanpainaren fase berria aurkeztu dute Etxarri Aranazen. Hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko zortzi bideo labur sortu dituzte, eta horiek hurrengo bi hilabeteotan zabalduko dituzte, «herritarrak kontzientziatzeko».

Bingen Zupiria, Silvia Marañon, Ana Ollo eta Iraitz Lazkano kanpainaren aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Udalerri Euskaldunen Mankomuniatateak (UEMA) eta Nafarroako eta Lakuako Gobernuek ‘Arnasa gara’ kanpainaren baitan sortutako zortzi bideo aurkeztu dituzte ostegun honetan, horien inguruko kanpainarekin batera, Etxarri Aranazko udaletxean egindako agerraldian. Kanpainak bi helburu ditu: arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia gogoraratzea eta herritarren hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa bultzatzea.

Bertan izan dira Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Bingen Zupiria, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta Silvia Marañon, Etxarri Aranazko alkatea.

Hiru Damatxok ekoitzi dituen zortzi bideo izango dira kanpainaren ardatza, eta datorren astetik aurrera astero bideo bat zabalduko dute, sare sozialetan eta ohiko mezularitza aplikazioetan. Bideoak zabaltzeko, Euskal Herriko aktoreak, musikariak, kazetariak eta kirolariak izango dituzte lagun, eta horiekin online elkarrizketak ere izango dira astero sare sozialetan, bideoek lantzen dituzten gaien inguruan. Martxoaren 22an hasiko da kanpaina, datorren astelehenean, eta zortzi aste geroago amaituko da, maiatzaren 16an.

Kanpaina amaitzen denean, berriz, UEMAko kide diren herrietan zortzi bideoak aurkeztu eta tailer moduko hausnarketa saioak ere egingo dituzte. Era berean, UEMAko kide diren herrietako eskoletan lantzen duten hezkuntza proiektuaren baitan ere erabiliko dituzte aurrerantzean bideoak, soziolinguistika edukiak eta hizkuntza ekologia eskoletan lantzeko prestatuta dituzten unitate didaktikoetan.

Etxarri Aranazko alkate Silvia Marañonek aipatu duenez, «herritarrak kontzientziatzera» dator kanpaina hau, «egunerokoan euskara nola erabiltzen dugun eta zer-nolako ohiturak ditugun hausnartu dezagun».

Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, horrelako ekimen batek Nafarroan duen garrantzia nabarmendu nahi izan du. «Nafarroako Gobernuak arnasguneek duten garrantzia azpimarratzea eta euskal komunitatea indartzea du xede. Neurri batean, denok baitugu gure hizkuntza jokaera aztertzeko eta dugun jokabideaz kontziente izateko beharra», adierazi du.

Eredugarritasuna, elkarlana eta kontzientziazioa

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok, berriz, «arnasguneen aitortza eta arnasguneak sendotzea UEMAren izaeraren oinarrian dagoen zerbait» dela nabarmendu du eta, beraz, ‘Arnasa gara’ kanpaina bereziki garrantzitsua dela UEMArentzat: «UEMAk urte askoan esan eta aldarrikatu duena gaur egun hainbat erakunde publikok ere onartzen eta zabaltzen dutela ikustea ederra da».

Bingen Zupiriak, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, ere elkarlanaren garrantzia eta herritarren kontzientziazioan eragiteko beharra nabarmendu ditu. Zupiriak adierazi duenez, ostegun honetako aurkeztutako ekimena «arnasguneei euskararen biziberritze prozesuan duten garrantzia eman eta zaintzen jarraitu nahi duen programa bat da». Bide horretan, hizkuntza politikaren arloan erakunde desberdinen artean ematen den lankidetza ere azpimarratu du.