INFO

Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi eta Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre, Masterreko finalera

Nagusitasun handiz menderatu dituzte Olatz Ruiz de Larramendi-Naroa Elizalde (22-12) eta Leire Garai-Oihana Orbeogozo (22-8), hurrenez hurren. Finala apirilaren 4an jokatuko da Irungo Urantzu pilotalekuan.

Olatz Ruiz de Larramendik aurrean jokatu du gaur, baina ezin izan du finalean sartu (EMC)

Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi eta Olatz Arrizabala-Naroa Agirre bikoteek jokatuko dute Laboral Kutxa Masterraren finala apirilaren 4an Urantzu pilotalekuan, gaur Irungo kantxan jokatutako finalerdietan nagusitu eta gero. Finala nafarren eskarmentuaren eta bizkaitarraren eta gipuzkoarraren ilusioaren arteko norgehiagoka izango da, eta, batez ere, gaur arratsaldean jokatutako finalerdietan argi ikusi den bezala, txapelketako bi bikoterik indartsuenen arteko partida, bi bikoteek uste baino errazago lortu baitituzte finalerako txartelak.

Lehen partida ezusteko batekin hasi da, inor gutxik espero baitzuen Olatz Ruiz de Larramendik aurrean jokatuko zuenik. Etxean bakartuta dagoen Irantzu Etxebesteren ordez sartu den Naroa Elizalde aurrean espero genuen, baina buruz burukoan ohituagoa dagoelako, sakez ere min gehiago egin zezakeenaren asmoz, Olatz Ruiz de Larramendik bere postua aldatzea erabaki du aurkariak ezustean harrapatzeko asmoz.

Baina estrategia erabat alferrikakoa izan da, ez baita erraza Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendik osatutakoa bezalako bikote sendo bati aurre egitea. Bizi ibili du pilota Olatzek, baina oraindik mugimenduetan eta tantoa amaitzerako orduan asko du ikasteko, batez ere aurrean halako arerio zailak izanda. Hasieratik (6-1) izan dute markagailua oso aldeko eta alde hori ondo kudeatu ahal izan dute.

Bigarren finalerdiak hasiera eta bukaera oso desberdina izan du. Izan ere, hasiera oso lehiatu eta orekatua, oso piloteatua izan da bana, bina eta hirunako berdinketekin, baina hortik aurrera Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirre goitik behera nagusitu dira. Elkar oso ondo hartzen duten bikotea dira Gernikakoa eta zestoarra. Bizkaitarra joko bolada izugarrian dago, saketik hasita, min handia egin die gazteiztarrari eta azpeitiarrari eta, bereziki bigarren zatian, erasoan distira handia erakutsi du, airez ere tantoa bikain amaituz.