INFO

Justizia eskatu dute senideek Pasaiako sarraskiaren 37. urteurrenean

Gaurko egunez duela 37 urte Polizia espainolak Dioni Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas hil zituen Pasaian. Gertatutakoa argitzeko eskatu dute senideek astelehen honetan Egiari Zor fundazioarekin batera, eta  hainbat ekitaldiren berri eman dute. Nagusia, larunbatean.

Juxto 37 urte betetzen diren honetan aurkeztu dituzte ekitaldiak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gaur, martxoak 22, hogeita hamazazpi urte betetzen dira Polizia espainolak Pasaiako sarraskia burutu zutela. Gertaera hauek Estatuko biolentziak eragin duen «inpunitatearen adibide garbi garbia» direla baieztatu du astelehen honetan Egiari Zor-ek.

Sarraskiaren 37. urteurrenean aurtengo ekitaldiak aurkezteko prentsaurrekoa egin du fundazioak. Bertan parte hartu dute sarraskian eraildakoen senideak diren Peio Aizpuru eta Arantxa Isartek, Tasio Arrizabalaga Egiari Zor fundazioko kideak, eta urteurreneko ekitaldian parte hartuko duten Jotakie taldeko Manolo Azpitartek eta Jose Luis Otamendi idazleak.

Dioni Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas-en familiek duela ia 32 urte Polizia espainolak Pasaiako portuan prestatu zuen segada oroitu dute: «Rosa Jimenoren atxiloketakin hasi zen dena. Poliziak Rosa bahitu ondoren, sekulako torturak eraginez prestatu zuten Pasaiako Segada. Ehundako polizi gaueko iluntasuna medio bortizki tirokatu zituzten gure lau senideak».

«Bertan Pedro Mari Isart ‘Pelitxo’ 28 bala zuloz eraila izan zen eta Jose Maria Izura ‘Pelu’ 28 bala zuloz eraila», gogoratu dute. Hau nahikoa ez eta «mendekua bukatzeko», aurrenengo tiroketan bizirik atera ziren Rafael Delas «Txapas» eta Diomi Aizpuru «Kurro» «bertatik bertara fusilatu» zituztela gaineratu dute, 21 eta 36 bala zulo eraginez hurrenez hurren.

Ikerketa abiatu zuen epaileak, baina polizi bat bera deklaratzea deitu ez zuela eta Rosaren torturagatik diligentzi bat bera egin inoiz ez dela nabarmendu dute. Hortaz, senideen esanetan, guzti honen definizioa «impunitatea» da.

Pasaiako Sarraskian Estatuko indarkeria eragin duen «kasu lazgarrienetakoa» dela uste dute senideek, eta jusitizia eskatzen jarraituko duela azpimarratu dute: «Ez dugu etsiko».

Hainbat ekitaldi

Elkarbizitza «hitzean eta hortzean darabilkigun garaiotan», hau guztiaren egia, aitortza eta erreparazioa ezinbestekoa dela iritzi du Peio Aizpuruk. Hala, urteroko legez, «gure senideak oroitu eta Pasaian gertatutakoa argitzeko» hainbat ekimen antolatu dituztela iragarri du.

Astelehen honetan bertan 19.00tan lore eskaintza egingo dute Enparan dorretxe atzekaldean, lau eraildakoen omenez jarritako monolitoan. Gaurtik hilaren 28ra erakusketa berria egongo da ere Azpeitiko Betharram aretoan, eta martxoan zehar mural margoketa bat egingo da.

Martxoak 27an, larunbata, ekitaldi nagusia egingo dute Azpeitiko Azoka Plazan, 18.00etan. Oraindik desagertuta dagoen Jose Migel Etxeberria «Naparra»ren anaia den Enekok hartuko du parte Egiari Zorreko ordezkari gisa.

Aurkezlea Eneritz Arzallus izango da, Jose Luis Otamendik egin duen gidoian oinarrituz. Eta, azkenik, Jotakiek bere musikaz borobilduko du ekitaldia.

Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna

Egiari Zor fundazioko kide Tasio Arrizabalagak gogoratu du, bestalde, asteazken honetan Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna izango dela, «giza eskubideen urraketak pairatu dituzten biktimez gain, gizarte osoarena ere baden eskubidea».

Egiari Zorretik, egun horretan, aldarrikatuko dute beharrezkoa dela oraindik aitortza jasotzeke dauden biktima horiek guztiak ofizialki aitortzea.

«Horretarako zenbait mekanismo baditugu eskura, Jaurlaritzaren 12/2016 Legea, kasu. Honek babes juridikoa eta aitortza ematea du helburu, Euskal Herrian 1979 eta 1999 urteen artean Estatuak modu zuzenean edo zeharkakoan praktikara eramandako biolentziaren biktimei», azaldu du Arrizabalagak.

Zentzu horretan, eskaerak aurkezteko epea aurtengo abendura arte zabalik dagoela nabarmendu du eta Pasaiako sarraskian hildakoen senitartekoek dagoeneko aitortza eskaerak aurkeztu dituztela.

«Gure ustetan, izugarrizko garrantzia du eskura ditugun tresna guztiak baliatzeak Estatuak euskal gatazka politikoaren testuinguruan praktikara eraman dituen biolentzia guztiak argitara behingoz ateratzeko, giza eskubideen urraketak jasan dituen pertsona bakar bat ere babesik gabe gera ez dadin», adierazi du.

Hala, eskabideak aurkezteko prozesuan beharrezko laguntza eskaintzeko prest daudela nabarmendu du, izan hildako biktimaren baten senidea, izan torturatua, izan zauritua.