INFO

Euskal eta quebectar zinema ziklo trukaketak abiatuko du Saison Quebec-Pays Basque egitasmoa

Euskal Herria eta Quebec-en arteko kultur trukaketa bideratzeko helburua du Saison Quebec-Pays Basque egitasmoak. Joan-etorriko kultur denboraldi honen lehen ekimena zinema ziklo trukaketa bat izango da.

Koldo Almandozen ‘Oreina’ da Quebecen ikusiko duten filmetako bat. (NAIZ)

Euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebec-en leiho bat irekitzea eta, era berean, Quebec-eko sortzaileen lana Euskal Herrian erakustea da Saison Quebec-Pays Basque egitasmoaren xedea, hizkuntza, kultura eta artearen bidez bi herrialdeen arteko harremana estutzea.

Egitasmoa asteazken honetan aurkeztu dute Tabakaleran Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Joxean Fernandez Filmategiko zuzendariak, Isabelle Dessureault Quebeceko ordezkariak eta Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak. Egitasmo honek Eskozia eta Euskal Herriaren arteko zubilanak egin zituen Scotland Goes Basque programaren lekukoa hartu behar zuen 2020an, baina azkenean 2021 eta 2022 urteen artean gauzatuko da. Covid-19ak eragindako egoerak proiektua atzeratu duen arren, Larrazak  egitasmoa aurrera eramateko bi aldeek erakutsi duten borondatea azpimarratu du, eta «konpromisioari eutsi» diotela adierazi.

Hala, ekimenak, kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, diziplina anitzeko «eskaintza zabala» aurreikusten du, nabarmendu dutenez, beti ere Covid-19ak eragindako egoeraren bilakaerari lotuta. «Proposamen honen bidez euskal kultura eta sorkuntzaren aberastasuna ezagutzeko aukera izango du Quebeceko publikoak eta Quebeceko sorkuntzaz gozatzeko parada izango du euskal ikuslegoak», azaldu dute. Halaber, kultur eragileen arteko lankidetza eta artista, sortzaile eta kultur industrien hartu emana ere sustatuko da: 30etik gora dira hitzordu ezberdinetan elkarlanean ari diren euskal eta quebectar eragileak.

Datozen hilabeteetan diziplina anitzetan izango dira euskal leihoak Quebeceko jaialdi, programazio eta kultur guneetan, hala nola, literaturan, arte eszenikoetan, musikan eta zineman, eta kongresu akademiko bat ere burutuko da Laval Unibertsitatean. Proiektuetako zenbait abian dira jada.

Etxepare Euskal Institutuak sustatutako proiektu hauek gauzatzeko elkarlanean ari diren eragileen artean daude EIZIE, Mintzola, Bertsozale Elkartea, Azkuna Zentroa, Euskal PEN Kluba, Euskal Kultur Erakundea (EKE), Dantzagunea, Dantzaz Konpainia, Tabakalera, Euskadiko Filmategia, Musikagileak, Bitamine Faktoria, eta baita Quebeceko jaialdi eta erakusleihoetan arituko diren sortzaile eta konpainiak.

Quebecen aldetik, berriz, Nazioarteko Harremanetarako eta Frankofoniarako Ministerioa, Kultura eta Komunikazio Ministerioa eta Conseil des Arts et des Lettres du Québec (CALQ) daude, euskal sortzaileak hartuko dituzten hainbat jaialdirekin batera.

Lehen harria: Quebeceko zinema zikloa

Saison Quebec–Pays Basque egitasmoaren lehenbiziko mugarria Filmategiak, Cinémathèque Québécoisen laguntzarekin, antolatu duen Quebeceko zinema zikloa izango da. Ziklo honek hiru hilabete beteko ditu Filmategiaren programazioan, eta ekoizpen garaikidea du ardatz nagusi. ‘Pour la suite du monde’ (Pierre Perrault, Michel Brault, 1963) Quebeceko zinema modernoaren oinarri kontsideratzen den  filmarekin abiatuko da zikloa. Bigarren emanaldian, Anne Claire Poirier errealizadorearen  ‘De mère en fille’ (1968) proiektatuko da, Quebecen film luze bat zuzendu zuen lehen emakumea izan zen hura. Denys Arcand-en ‘Le déclin de l'empire américain’ (1986), Xavier Dolanen ‘J’ai tué ma mère’ (2009) edota Denis Côtéren ‘Vic + Flo ont vu un ours’ (2013) ere emango dira. Filmak Tabakaleran eta Bilboko Arte Eder Museoan emango dira, apirila eta ekaina bitartean (3,5 euro, jatorrizko bertsioan eta euskaraz edo gazteleraz azpititulatuta).

Quebecera irailean iritsiko da euskal zinema eta Montxo Armendarizen ‘Tasio’ (1984), Jumio Medemen ‘Vacas’ (1992), Roberton Castonen ‘Ander’ (2009), Asier Altunaren ‘Amama’ (2015), Lara Izagirreren ‘Un otoño sin Berlín’ (2015), Iratxe Fresnedaren ‘Irrintziaren oihartzunak’ (2016), Jon Garaño eta Aitor Arregiren ‘Handia’ (2017), Telmo Esnalen ‘Dantza’ (2018), Koldo Almandozen ‘Oreina’ (2018), Fermin Muguruzaren ‘Black is Beltza’ (2018), Imanol Rayoren ‘Hil Kanpainak’ (2020) eta Mireia Gabilondoren ‘Erlauntza’ (2020) emango dira.