INFO

Jose Emilio Fernandez 16 urteko gazte elorriarraren hilketaren egia, 43 urteren buruan

Azken hamabi urteotan, Durangoko bonbardaketaren 135 testigantza jaso ditu Durango 1936 Kultur Elkarteak. Orain, bere hirugarren urtekaria argitaratuko du eta, bertan landutako gaien artean, 1978an Guardia Zibilak tiroz hildako 16 urteko Jose Emilio Fernandez Perezen egia azaleratu du.

Durango 1936 Kultur elkarteak argitaratutako hiru urtekariak. (NAIZ)

Durango 1936 Kultur Elkarteak bere hirugarren urtekaria argitaratuko du martxoaren 24an. ‘Egia, justizia ordaina’ izenpean, kaleratu den hirugarren urtekari honek bi gai nagusi daramatza: argitara ateratzen du Jose Emilio Fernandez Perez 16 urteko gaztearen hilketa 70. hamarkadan, oraindik erabat ofizialki argitu gabekoa, eta era berean Jon Irazabali egindako elkarrizketa dakar.

1978ko ekainaren 23an, San Juan bezperan, Jose Emilio Fernandez Perez, 16 urteko gazte elorriarra, Guardia Zibilak tirokatuta hil zen Abadiño eta Apata arteko zuzengunean. Harekin autoan zihoazenek beti ukatu dute han kontrolik zegoenik. Are gehiago, urtekariak kotxean zihoan Jose Felix Mariasen testigantza islatzen du; gordina, zuzena, hunkigarria.

Jose Felixek eta Jose Emiliok 16 urte zituzten. Autostop egiten ari ziren, Elorriorantz, etxerantz, Durangon arratsalde-pasa egin ostean. Pixka bat atzerago, Jorge Velasco izeneko beste gazte bat lan berean ari zen. Une batean, tiro hotsak entzun zituzten Guardia Zibilaren kuartelaren inguruan. Ekintza armatu bat zen, baina haiek orduan ez zuten horren berririk izan.

Hogei bat minutu geroago, Koldo Zenitagoitia geratu zitzaien, beraien lagun baten aita. Hiru gazteak Koldoren Seat 850 zurira igo ziren. Jorge pixka bat aurrerago jaitsi zen; besteek aurrera jo zuten, etxerantz. «Apatamonasterioko zuzengunera sartzean, ongarri pentsuen biltegia zegoen lekutik hur, bat-batean, metraileta tiro hotsak entzun nituen. Makurtzera egin nuen senez, eta gerra hasi zela pentsatu nuen», kontatzen du Jose Felixek.

«Ederra egin dugu!»

Autoa gelditu eta Jose Emilio gainera erori zitzaion. «Zur eta lur, kotxetik irten eta, nire aurrean, bidearen bestaldean, guardia zibil bat ikusi nuen. Hamarren bat metrotara, bigarrena. Bide bazterretik zetozela zirudien, gordeta egon izan balira bezala. Ikusi nituenean, deiadar egin nien, laguntzeko mesedez, nire laguna oso txarto zegoela. Batak besteari esan zion, ‘Ederra egin dugu!’. Orduan, Koldo atera zen autotik eta, bat-batean, lurrera jausi zen. Berna bat balek suntsituta zeukan, giharrak lehertu balitzaizkio bezala».

Bertsio ofizialaren arabera, kotxeak kontrola salto egin zuen. Lekukoek beti gezurtatu dute hori: «Argi eta garbi daukat nik ez nuela gelditzea eskatzen zuen inolako seinalerik ikusi bidean, ezta kontroletan egon ohi diren bezala, trafikoa bideratzen zuen guardia zibilik ere».

Durangoko anbulatorioan, laguna hilda zegoela ikustean –bera ere zaurituta zegoen– hormak kolpeka hasi zen gaztea: «Ezin nuen ezer ulertu. Hamasei urte baino ez genituen, lagun minak ginen... baina gaba horretan gure bizitzak zapuztu egin ziren», dio.

Bertsio ofiziala, hor zutik

Urte luzez gertakaria isilpean mantendu da. Erruaren zama eta galera, jasangaitza hiru familientzat. Koldo Zenitagoitiari, esaterako, ezarrita ez zegoen kontrol hura salto egiteagatik isuna jarri zioten egin zitzaion epaiketa militarrean.

«Egia esan behar da. Justizia eta erreparazioa, noizko? Hitz hutsak baino ez dira», esan du aurkezpenean Jose Felixek. Lekuko eta familiaren borroka, betidanik, egia azaleratzea izan da. Baina bertsio ofiziala zuzendu ahal izateak ezinezkoa dirudi. Aipatu dutenez, Lakuak biktimatzat onartzen ditu; Estatuak ez, ordea.

Gogora zentroak emandako onespenarekin, hala ere, ez datoz erabat ados, ez baita argi bertsio ofiziala gezurtatzen. Eta historiarako garrantzitsua da egia behar den bezala islatzea.

Urtekariak Javier Fernandezekin egindako elkarrizketa dakar, era berean. Jose Emilioren anaia da; anaia hil ziotenean 13 urte zituen. Aipatzen duenez, Elorrioko irrati amateur batek hogei minutu lehenago Guardia Zibilaren mezu hau entzun zuen: «Seat 124 zuria, sua nahi adina». Durangoko Guardia Zibilaren kuartela tirokatu zuen autoa modelo horretakoa omen zen. Koldo Zenitagoitiak zeramana Seat 850 zuria zen.

Elkarrizketa latza da. Semea hil eta urteetan Poliziaren ankerkeria jasan zuen familiak; beldurtuta nahi zituzten, isilik.

Bonbardaketaren auzia, Europara?

Bestalde, urtekariak, beste gaien artean, Jon Irazabal Agirreri egindako elkarrizketa dakar. 40 urtez Gerediaga Elkarteko langilea izan da Jon Irazabal. Durangaldean memoria historikoan aditurik bada, bera da bat. Gerediaga Elkartearen sorreraz eta ibilbideaz, Durangoko bonbardaketaren urtetako ikerketaz eta beste hainbat gaitaz aritu dira berarekin.

Bonbardaketaren auziaren egoeraz mintzatzen da, era berean Durango 1936 Kultur Elkartea editorialean. 2017an Durangoko udalbatzak bonbardaketen egileen aurka hasitako ibilbide judizialaren berri ematen da; ibilbide malkarra, zabaldu eta handik gutxira, 2018rako urtarrilean, artxibatu egin zutelako.

Azkenik, errekurtsoen ostean, 2019an herriko alkateak jarritako auziari espainiar justizia sistemak bidea itxi zion. «Nonbait, Durangoko genozidioa, honegatik edo bestegatik, ez da justiziari dagokion gaia», elkartearen esanetan. «Espainiako justiziak bidea itxi arren, Euuropako justiziako bidea zabal dezake. Baina aukera hau luzea eta kostu handikoa da, eta auzia jartzen dutenek herri babes handia izan beharko dute».