INFO

Erakusketa-gune eta pieza berriekin eraberritu egin da Bilboko Itsasmuseum

«Itsas posizionamendua eta bisita-esperientzia indartzeko asmoz», erakusketa-gune berri bat atondu eta pieza berriak jarri ditu ikusgai Bilboko Itsasmuseum-ek. «Ondare-balio handiko piezak» direla nabarmendu dute.

Itsasmuseumek pieza berriak erakutsiko ditu. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Itsasmuseumek zenbait aldaketa egin ditu bere erakusketa iraunkorrean eta museografian, «itsas posizionamendua eta bisita-esperientzia indartzeko asmoz». Aldaketon berri prentsaurrean eman dute ostegun honetan Itsasmuseuneko zuzendari Jon Ruigomezek eta Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbaok. Azaldu dutenez, erakusketa iraunkorrean lan egin da bereziki, «haren koherentzia berrikusiz eta ondare-balioa duten pieza berriak sartuz», kasu batzuetan, norbanakoen dohaintza edo maileguei esker, eta beste batzuetan, beste museo batzuekiko lankidetzari esker, hala nola Euskal Museoa eta Arkeologi Museoa edo Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia bezalako erakundeak.

Aldaketa nagusiak sarreran egin dira, museoaren balio-proposamena ezagutzeko abiapuntuan, altzairuzko ontzigintzari eskainitako eremuan eta kirol eta aisialdiarenean. Hala, Bilboko bi irudik egiten die bisitariei harrera: bata 70eko hamarkadakoa eta bestea 2010ekoa. «Irudi horiek museoaren balio-proposamena, Astilleros Euskaldunako dike zaharretan kokatzearen garrantzia eta azken urteotako Bilboren eraldaketa modu bisual eta errazean ulertzen laguntzen dute», zehaztu dute. Behin museora sartuta, «eremu guztiz berri bat agertzen da, non ondare-balio handiko pieza ugari sartu diren», tartean jatorrizko karta nautikoak, besteak beste Waghenaer, Willem Janszoon Blaeu, Johannes Van Keulen, Robert Dudley eta Vicente Tofiño kartografoenak, eta baita Santimamiñeko aztarnategitik datorren zintzilikario bat eta Lekeitioko itsasadarreko aztarnategian jatorria duen zeramikazko anforeta-teario bat ere.

Hiru erakusketa-modulu datoz ostean. Lehena kontzeptu-mapa bat da, zazpi irudiz osatua, eta mapa txiki baten bidez gainerako erakusketen kokapena adierazten du. Bigarren moduluak, ‘Bizkaia itsas lurraldea’, Bizkaiko Golkoarekin eta kostaldearekin lotutako piezak, mapak eta testuak konbinatzen ditu, Bizkaiko pertsonek itsasoarekin duten «harreman estua» erakutsiz. Azkenik, hirugarrenak, ‘Bilboko itsasadarra, itsasorantz’, antzinako karta nautikoak eta Bilboko mapak ditu. «Bilboko itsas historia irudikatzen du, Hiribildua baino lehen portua izan zela eta itsasadarraren nabigagarritasunak merkataritza bultzatu zuela eta Bizkaian aurrekaririk gabeko garapena ahalbidetu zuela nabarmenduz», azaldu dute.

Surfari eskainitako eremu berria

Aldatu den beste erakusketa-eremu bat altzairuzko ontzigintzari eta ontzi-enpresei buruzkoa da. «Itsasmuseumek ontziola historikoetan eraikitako ontzien irudikapen ona erakusten du, hala nola Euskalduna, La Naval eta Astilleros del Nervion ontzioletan, balio historiko handiko maketen bidez», esan dute. Bigarren eremu batean, ontzien tipologiaren arabera, itsasadarrean egon ziren beste ontziola batzuk aipatzen dira. Azkenik, kirolari eta aisialdiari eskainitako gunean, belaz eta traineruez gain, surfari buruzko atal berri bat aurkezten da, «Bizkaiko kostaldean oso zabalduta dagoen kirola delako eta kirolari nabarmeak eta hazten ari den industria berritzailea eman ditugulako».

Amaitzeko, aldaketa hauek Itsasmuseumen 2018-2022 Plan Estrategikoaren barruko ildo estrategikoei erantzuten dietela adierazi dute. Planaren helburuak lirateke itsasoko posizionamendua indartzea, jauzi kualitatibo bat ematea eta eskaintza integral lehiakor bat sortzea.