Larunbatean hiru muga pasabide irekiko dituztela iragarri du Prefeturak
Urtarrilaren 14az geroztik zortzi muga pasabide itxita daude Ipar Euskal Herrian. Pirinio Atlantikoetako Prefeturak etzi Sara (Benta Berruet), Lizarrieta eta Lizuniagako pasabideak berriz irekiko dituela iragarri du.
Pirinio Atlantikoetako Prefeturaren aginduz joan zen urtarrilaren 14an zortzi muga pasabide hetsi zituzten Ipar Euskal Herrian. Horietatik hiru berriz irekitzeko asmoa duela iragarri berri du Eric Spitz prefetak.
Zehazki Sara (Benta Berruet), Lizuniaga eta Lizarrietako pasabideak irekiko dituzte heldu den larunbatean.
Spitz prefetak ‘Sud-Ouest’ kazetari azaldutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuaren eskaerari erantzunez hartu du erabakia.
Oroitarazi behar da joan zen martxoaren 10ean Atlantikoko Europa Hegoaldeko Erregioen Konferenziaren Asanbleak egin zuen bilkuran Nafarroako Gobernuaren Kanpo Ekintzetarako zuzendari nagusiak mugen itxierari buruzko neurriak malgutzeko eskaera luzatu zuela.
Zehazki Spitz prefetari egin zion eskaera hori Sergio Perez Garciak.
Bileran presente izan zen Euskal Elkargoko ordezkariek segida eman zioen galdera horri. Hala, handik egun batzuetara Jean-Rene Etchegarayk eskutitza idatzi zion prefetari mugaz gaindiko harremanari mugen itxierak eragindako kaltea gogoratuz eta zorzi pasabideen berrirekitzea eskatuz.
Dagoeneko martxoaren 16an Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria buru izan zuen Euroeskualdearen urteko batzarrean parte hartu zuten erakundeetako ordezkariek –bilera telematikoki egin zuten, eta Maria Chivite Nafarroako lehendakariak eta Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak ere parte hartu zuten– 2020ko bilana egiterakoan mugen itxierak EAE, Nafarroa eta Akitania Berria Euroeskualdearen baitan lantzen dituzten harreman eta proiektuetan izan duen eragin kaltegarria agerian jarri zuten.
Oroz gainetik muga ixtearen ondorioak agerikoak izan zirela, bereziki «Hegoalde eta Iparraldearen artean bizi diren herritarrentzat» nabarmendu zuten bileran.
Herritarren mobilizazioa
Pandemiaren garaian mugen kudeaketari buruz Parisek agindutako neurri murriztaileek aldi oro bizitza soziala, jarduera ekonomikoa eta oro har herritarren eguneroko bizitzak hankaz gora jarri dituzte.
Arauak, gainera, denborak aurrera egin ahala aldatuz joan dira, eta horrek oraindik ere nahasmen gehiago eragin du herritarrengan.
Egoera salatzeko herritarrek hainbat protesta ekimen egin dituzte Izpegi, Lizarrieta edo Lizuniagako lepoetan, Baigorrin zein Irun eta Hendaia arteko zubietan.
Gaur Prefeturak hartu duen erabakiak Sara, Etxalar, Zugarramurdi edo Berako herritarren eguneroko joan-jinak errezago bilakatuko ditu.
Izan ere airean galdera bat dago: bertze bost pasabideak noiz arte izanen dituzte itxita ?