INFO

Oier Oak ez du onartu fiskaltzak eskatutako zigorra eta epaitua izango da

Oier Oari bete beharrik gabeko lau hilabeteko espetxe zigorra eskatu dio Baionako fiskalak lurralde debekua hausteagatik. Donostiarrak ez du onartu zigor eskaera, beraz epaitua izango da oraindik zehaztu gabeko data batean. Elkartasun adierazpen ikusgarria izan da epaitegiaren atarian.

Oier Oa hunkitua, babesa ematera gerturatu diren ikasleen bertsoak entzuten Baionako auzitegiaren atarian. (Guillaume FAUVEAU)

Lurralde debekua hausteagatik Baionako epaitegian aurkeztera deitua zen Oier Oari bete beharrik gabeko lau hilabeteko espetxe zigorra eskatu dio prokuradoreak. Donostiarrak zigor eskaera errefusatu du, ondorioz, oraindik zehatu ez duten data batean epaitua izango da Lapurdiko hiriburuan.

Martxoaren 24ean bete beharrik gabeko 12 hilabeteko espetxe zigor eskaera egingo zuela adierazi zuen Baionako prokuradoreak, baina ordu batzuk geroago fiskaltzak zigor eskaera berrikusiko zuela jakin arazi zuen. Gauzak honela, azkenean bete beharrik gabeko lau hilabeteko zigor eskaera egitea erabaki du fiskalak eta donostiarrak zigorra ez onartzea erabaki duenez epaitua izango da.

Etxepare lizeoko ikasleek elkarretaratzea egin dute Baionako epaitegiaren atarian eta une hunkigarriak bizi izan dira, izan ere, atxilotu eta kanporatu zutenetik, Oak ezin izan du hezitzaile gisa lan egiten zuen ikastetxera itzuli. Une labur bat izan bada ere, elkarrekin egoteko aukera baliatu dute batzuek zein besteek.

 

Iazko azaroan atxilotu zuen Oier Oa errepide kontrol batean, bere Larresoroko etxetik lan egiten zuen Baionako Etxepare Lizeora bidean zihoanean. 2015. urtean espetxetik atera ostean Estatu frantsesean egoteko ezarri zioten lurralde debekua haustea egotzi zioten eta atxilotu ostean kanporatua izan zen. Ordutik, ezin izan du Lapurdira itzuli bere familiarekin bizitzera eta lan egitera.

Larresoroko herritarren zein Ipar Euskal Herriko pertsonaia eta politikari esanguratsuen babesa jaso zuen Oaren egoera juridikoa konpondu dadila eskatzeko argitaratu zen manifestuak. Gaur ere agerian geratu da Oak jasotako sustengua, epaitegiaren atarian jende ainitz bildu baita. Besten artean, EH BAI, Bake Bidea, Bagoaz eta Harrerako bozeramaileak izan dira Baionako epaitegian.

Aspaldiko auzi honi aurre egiteko moduaz hausnarketa planteatu du Oak berak ‘Kazeta’ri emandako elkarrizketa honetan. Bere hitzetan, hartu duen bidea «aurrekari bat» izan daiteke.

«Niretzat garrantzitsuena da Parisen lurralde debekua ebaluatuko duten eguna», adierazi du Oak, Izan ere, Baionan lurralde debekua hausteagatik epaitzen dute, baina bizi osorako ezarri zioten debeku hori ezabatu dezakeen epaitegia ez dago Baionan, Parisen baizik.

Oak birritan egin du Estatu frantsesean egoteko debekua altxatzeko eskaria, baina ez du inoiz erantzunik jaso. Orain, berriz aurkeztu du defentsak elementu berriak dituen txosten bat Parisko Dei Auzitegian, baina Oak aditzera eman duenez, «ez dakigu erantzun bat noiz iritsi daitekeen, halako prozeduretan ez baita erantzun bat emateko epe mugarik».

Ikasleen indarra

Baionako epaitegi atarira Etxepare lizeotik abitau dira ikasleak, "Ez dugu ahazten, Oier gurekin" goiburua zuen pankarta batekin. Txaranga baten erritmora, ziztu bizian egin dute bidea ikasleek, poliziaren begiradapean, pasatzen ziren lekuetan herritarren arreta bereganatuz.

Baionako epaitegira iritsi direnean ere ez dute martxa moteldu, eskailerak igo eta epaitegiko sarreraraino gerturatu dira determinazioz, bertan ziren poliziak eta sarrerako ate zein hormak zeharkatzeko asmoa balute bezala. Atarian zen Oier Oaren parera iritsi direnean gelditu dira, ia kolpe batean, eta txaloka agurtu dute donostiarra.

Une batean isiltasuna nagusitu da eta Oierrek hitza hartu ahal izan du. «Hunkitua» zela aitortu du, baina ez zen bakarra, musukoen gainetik ikusten baitzen bere lankide eta ikasle askoren begiek dir-dir egiten zutela.«Lizeo erdia baino gehiago dago hemen», azaldu du haietako batek.

Mezu laburra baina garbia helarazi die Oak sustengua ematera joan diren ikasleei: «Esan dut elkarrizketetan biziki kontent naizela eta biziki harro naizela zuek guztiotaz, eta pentsatzen dut denen artean lortuko dugula itzultzen». Eskerrak ematen amaitu du bere hitzartzea eta sekulako txalo zaparrada jaso du. Ikasle batzuek txistu egin dute ozen eta zenbait garrasi ere entzun dira, «Gora Oier!» oihukatzen.

Arrabotsa apaltzen joan den heinean, pixkanaka abesti baten hitzak nagusitu dira eta segundo gutxiren buruan garden entzuten zen lelo nagusia, «zain dago, zain aita, zain andre ta lagunak, hator hator Euskadira, hator hator etxera...».

Ikasleek ez dute diskurtsorik eskaini, ez dute beharrik izan, esan beharreko guztia bertso borobil batekin adierazi baitute. Honakoa izan da Daia Harluxet ikasleak abestu duen betsoa: «Azaroaren 25a oraindik gogoan dugu, arrats horretan zituztelako gugandik bortsaz urrundu, zure beharra genuelarik, beti gaituzu lagundu, nahiz eta goiz hontan jarriko ziren, epaileekin buruz-buru, Oier gaurkoan ez joan berriro, gurekin behar zaitugu».

Epaitegiko sarrera ikasleez inguratua zela, txalo artean zeharkatu du Oak Baionako epaitegiko atea, goizeko 10:45ean. Barrualdean ere ozen entzuten ziren ikasleen ohiuak. «Euskal presoak etxera"» eta «Alde hemendik, utzi bakean!» leloak izan dira gehien errepikatu dituztenak. Esan daiteke, haien errepika lelo eta abestiekin, Baionako epaitegiko hormak zeharkatzea lortu dutela Etxepare lizeoko ikasleek.