Osasun protokoloek ikasleengan izan dituzten ondorioak aztergai Ipar Euskal Herrian
2020an sortu zen ehun bat lagun biltzen dituen Eguzkilore kolektiboa. Guraso, irakasle eta osasun profesionalez osaturiko taldeak haurrei ahotsa emateko beharra sentitu zuen. Egun covid-19aren aurkako protokoloek ikasleengan utzitako itzala ikertzeko egitasmoa plantan eman dute.
Aste honetan bertan covid-19ak eskoletan izanen duen eraginari buruz berri txarrak jaso ditugu. Hexagono mailan pandemia zabaltzen den heinean, gero eta eskola gehiago hunkituak daude.
Hala gertatu da, esaterako, Biarritzen, bertako Reptou eskola gaurdanik eta heldu den asteazkenera bitarte itxita egonen baita.
Covid-19 kasuak biderkatu egin dira azken egunotan eta egoerak txarrera jo aitzin Biarritzeko Herriko Etxeak, Hezkuntza Ministerioak eta Prefeturak eskola hesteko urratsa eman dute.
Kutsaketa kasuez harago, pandemiari aurre egiteko oro har hartu diren neurriek haurrengan izan ditzaketen eraginak aztertzeari ekin dio Eguzkilore kolektiboak.
Horrendako galdetegia prestatu dute, euskaraz eta frantsesez, hezkuntza maila ezberdinetan diharduten ikasleek bizi izan duten egoeraren berri izateko.
Hala, 3 eta 6 urte arteko haurrak (ama eskola), lehen hezkuntzan (6-10 urte) dauden ikasleak eta baita kolegioan eta lizeoan ikasten dutenak ere aintzat hartuko dituzte martxoaren 22an Ortzaizen aurkeztu zuten inkesta horretan.
2020an sorturiko Eguzkilore kolektiboak 80 eta 100 boluntario artean biltzen ditu bere baitan.
Guraso, irakasle eta osasun profesionalez osaturiko taldea xede zehatz batekin sortu zen: haurrei ahotsa ematea, era horretan beraien osasun fisiko eta emozionalari buruz informazio hobea izateko eta, finean, beraiek dituzten beharrei hobeto erantzuteko.
Maskararen erabilpena
Pandemiaren aurrean duela urtebete behin-behinekoa zen egoera iraunkortzeko bidean dago egun. «Sei eta hamabi urte arteko haurren artean maskaren erabilera prekauzio printzipioaren arabera ezarri zen 2020ko urriaren 20an, izaten ahal zuen eraginaz neholako azterketarik gabe», deitoratu du erretretan den Genevieve Chereau-Lazdunski pediatra, homeopata eta hipnoterapeutak.
Bere iritziz, adin horretako pertsonen burmuina garatzen ari da eta ondorioz, aurpegian, ikusmenean eta biriketan arrisku fisikoak izaten ahal dituzte. Buruko minak eta zorabioak aipatu ditu.
Psikologikoki, haurrekin espezializaturiko Monique Swidzinski neuro-psikologoak arretan, kontzentrazioan eta jarreran aldaketa gertatzeko arriskuez ohartarazi du, eta baita zenbait fobia sor daitezkeela nabarmendu du.
«Oldarkortasuna eta bortizkeria garatzen dituzte. Hau seinalatzea garrantzitsua dela uste dut. Bestetik, guztiz kontrako aldera, badira herabeak diren haurrak eta beraz, ez dute bizi komunean parte hartzen». Haurrak antsietatean, depresioan edota pentsamendu suizidetan erortzen ahal direla ere erantsi du.
Galdeketaren dinamika martxan da. Dagoeneko mila erantzun inguru jaso dituzte, baina 10.000 bildu nahi lituzkete, hala Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko eskolen %20ra iristeko.
Eguzkilore kolektiboaren ustez, eskoletara zuzendutako inkestaren bidez Ipar Euskal Herriko haur eta nerabeen egoera fisiko eta emozionalaren diagnostiko zehatzagoa izanen da.