INFO

Isabel Herguera zinegilea da 56. Jazzaldiko ‘Bye Bye Blues’ kartelaren egilea

‘Bye Bye Blues’ izenarekin, «Jazzaren historiaren parte izan ziren emakumeei eta orain direnei eskainitako omenaldia» egin nahi izan die Isabel Herguera donostiarrak kartelarekin, baita «urte arraro eta mingarri honi agur esan».

Aurtengo Donostiako Jazzaldiaren kartela. (JAZZALDIA)

Uztailaren 21etik 25era eginen den Donostiako Jazzaldiak badu kartela. Gipuzkoar hiribuan jaiotako Isabel Herguera animaziogile, zuzendari eta produktoreak diseinatu du ‘Bye Bye Blues’ izeneko lana. «Kartela pasa berri dugun urte arraro eta mingarriari agur esateko egina da. Aldi berean, Jazzaren historiaren parte izan ziren emakumeei eta orain direnei eskainitako omenaldia da», azaldu du Herguerak.

‘Bye Bye Blues’ herri-musikaren eta Jazzaren estandar bat ere bada. 1925ean Fred Hamm, Dave Bennett, Bert Lown eta Chauncey Gray‑k konposatu bazuten ere, abestia Les Paul eta Mary Ford-en bertsioan igo zen zerrendetan gora 1952an. Urtetan zehar asko izan dira interpretatu duten artistak, baina Isabel Herguerak Julie London-ena (1957) eta Cab Calloway-ren instrumentala (1940) hartu ditu erreferentzia gisa.

Herguera donostian jaioa da, 1961ean. Ikasketak Bilboko Arte Ederretako Fakultatean eta Dusseldorfeko Kunstakademien egin zituen, eta prestakuntza osatzeko Kaliforniako Institute of the Arts institutuan izan zen. Hamarkada batez Los Angeleseko animazio-estudio batzuetan aritu zen lanean. 2003an Europara itzuli eta zenbait film labur egin zuen, besteak beste, Annecy, Rotterdam eta Ann Arbor-eko jaialdietan hautatuak.

Bide horretan, hainbat sari ere eskuratu ditu: Besteak beste ‘La Gallina Ciega’,  (Animaziozko Film Labur Onenaren Goya Saria 2006), ‘Bajo la Almohada’ (Unicef saria, Zinebi 2012) eta ‘Amore d’inverno’ (Euskal Zinemaren Sari Nagusia 2015) lanekin.

Gaur egun, Koloniako Kunsthochschule fur Medien-en eskolak ematen ditu, eta aldi berean bere lehen film luzea, ‘El sueño de la sultana’ produzitzen ari da.