INFO

Giroa oso desberdina izan da Iruñeko eta Bilboko material aukeraketetan

Jaka-Martija eta Peña II-Albisu bikoteek gauza asko dituzte jokoan larunbatean Labriten jokatuko duten partidan. Ostiralean Bilbon Olaizola II-Rezusta eta Elezkano II-Zabaleta neurtuko dituen norgehiagokan, aldiz, ez da ezer jokoan izango sailkapenari dagokionez.

Labriten bildu dira Peña-Albisu eta Jaka-Martija gaur goizean (ASPE)

Aste Santuko jai egunak datozela-eta, Binakako Txapelketaren material aukeraketak aurreratu egin dira aste honetan, eta ligaxkako azken jardunaldiko aurreneko biak gaur egin dituzte Iruñean eta Bilbon. Begiradak batez ere Labritekoan ipinita egon dira, Jaka-Martija eta Peña II-Albisu bikoteek jokatuko duten neurketan.

Izan ere, bi bikoteek dituzte gauza asko jokoan norgehiagoka horretan, arrazoi desberdinengatik. Peña II.ak eta Albisuk bigarren amaitu eta finalerdietan zuzenean sartzeko aukera dute. Larunbatean irabazten badute finalerdietako ligaxkan egoteko txartela ziurtatuko dute; galtzen badute, ordea, Altunak eta Mariezkurrenak astelehenean egiten dutenaren zain egon beharko dute.

Erik Jakak eta Julen Martijak, aldiz, txapelketan bizirik jarraitzea dute helburu. Larunbatean irabazten badute, esan liteke play-offa jokatzeko txartela ziurtatua izango dutela, sei punturekin egon litezkeen berdinketetan emaitza gehienak alde dituztelako. Galduta ere egin lezakete aurrera, baina orduan nahitaez igandean Ezkurdiak eta Ladis Galartzak irabaztea behar dute.

«Bi aukera ditugu, baina guretzat bakarra dago: larunbatean irabaztea. Orain dela gutxi ia aukerarik gabe geunden, azken postuan amaitzeko arriskuarekin, eta orain begira nola gauden. Gertatzen dena gertatzen dela, Julen eta biok harro egon behar dugu egin dugu egin dugun bigarren itzuliarekin», adierazi du Erik Jakak Labriteko aukeraketan.

Jakak eta Martijak 106,9-105,6-105,1 gramoko hiru pilota aukeratu dituzte; Peñak eta Albisuk 105,7-105,4-104,1 gramoko beste hiru.

Lasaitasuna Bilbon

Bilboko Bizkaia pilotalekuan, bestalde, Olaizola II-Rezusta eta Elezkano II-Zabaleta bildu dira ostiralean jokatuko duten demarako materiala hautatzeko. Kasu honetan, protagonistak askoz lasaiago daude, dena erabakita baitago: Elezkano II.a eta Zabaleta finalerdietarako sailkatuta daude ligaxka lehen postua ziurtatu ostean; Olaizola II.ak eta Rezustak badakite play-offa jokatu beharko dutela.

Astelehen gauean Ezkurdia eta Galartzaren aurka galdu ondoren zalantzaren bat egon zen arren, enpresek gaur gogoratu dituzten arauen arabera Aimar eta Beñat jada sailkatuta daudela ikusi da, Zumaian 11 tanto baino gehiago eginda berdinketa guztietan sei onenen artean sartzen direlako.

«Helburua hori zen eta lortu dugu. Egia da azkenaldian galdutako partidak gehiago izan ditugula irabazitakoak baino, baina orain berriz ere hutsetik abiatuko gara bikote guztiok eta txipa aldatu beharra daukagu», nabarmendu du Aimar Olaizolak.

Danel Elezkanok, bestalde, sailkatuta egoteak ematen duen lasaitasuna eskertu du eta finalerdiak iritsi artean ongi prestatzen saiatuko direla, ostiralean Bilbon duten hitzordutik hasita.

Ander Imazek positibo eman du Covid-19an

Azkenik, Baikok jakinarazi duenez, Ander Imazek positibo eman du Covid-19ko proban eta hamar egunean bakartuta egon beharko du. Azken jardunaldian bezalaxe, bere lekua Andoni Aretxabaletak hartuko du igandean Zarautzen Ezkurdia eta Galartzaren aurka jokatu beharreko neurketa erabakigarrian.