INFO

Lapurdiko txertaketa postuak herrietara mugitzen hasi dira erritmoa azkartzeko

Ipar Euskal Herrian covid-19aren kontrako txertoak jartzen ari diren 9 guneez gain, prozesua bizkortzeko asmoarekin txertaketa kanpaina zenbait herrietara hedatzen hasi dira. Martxoaren 29an postu bereziak ezarri zituzten Ziburun eta Getarian, 70 urtetik gorako herritarrak txertatu ahal izateko.

Baionako txertatze gunean harturiko argazkia. (Guillaume FAUVEAU)

Ipar Euskal Herrian covid-19aren kontrako txertoak jartzen ari diren 9 guneez gain, prozesua bizkortzeko asmoarekin txertaketa kanpaina zenbait herrietara hedatu dute Lapurdiko kostaldean. Esaterako, martxoaren 29an postu bereziak ezarri zituzten Ziburun eta Getarian bertako herritarrak txertatu ahal izateko.

Hendaia, Donibane Lohizune, Biarritz, Angelu, Baiona, Hiriburu, Kanbo, Donibane Garazi eta Donapaleun daude ezarriak covid-19aren kontrako txertoak jartzeko gune finkoak, baina prozesua arintzeko inguruko herrietara mugitzen hasi dira txerto jartzaileak.

Osasungintzako langileez gain, laguntzaileak ere ari dira lanean txertaketa kanpaina ahalik eta arinen burutzeko. Izan ere, helburua ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta txerto gehien ezartzea dute. Donibane Lohizuneko gunean, adibidez, apirilaren 8tik aitzina egunero 500 txerto banatzeko helburua ezarri dutela azaldu diote ‘Sudouest’ hedabideari (astean 3.000 txerto) txerto jartza¡leek, eta horretarako txertaketa gunea goizeko zortzietatik arratsaldeko zortzietara irekia izango da.

Donibane Lohizuneko gunean, gainera, txertoa inguruko herrietara eramaten hasi dira. Martxoaren 29an postu bereziak ezarri zituzten Ziburu eta Getarian bertako herritarrei erraztasunak eskaintzeko. Gurutze Gorriaren laguntzarekin, bi herrietan frontoian ezarri zituzten txertaketa gune bereziak eta batez ere 70 urtetik gorako herritar andana pasa zen txertoa hartzera.

Hamarretik bat txertatua

Txertoa jaso dezaketen pertsonen profila geroz eta zabalagoa da. Hasiera batean 75 urtetik gorakoek eta gaixo ziren pertsonek har zezaketen txertoa, egun ordea, osasungintzan edo osasungintzari lotutako arloetan lan egiten duten langileak ere txertoa hartzen ari dira, eta adin tartea ere zabaltzen ari da. 50 urtetik gorako edonork har dezake txertoa, baina eritasunen bat duten pertsonek lehentasuna dute 50 eta 74 urte bitarteko herritarren artean.

Ipar Euskal Herrian txertoa jaso duen biztanle kopuru zehatza zenbatekoa den ez du aditzera eman ARSk, baina eskualdeko osasun agentziaren arabera Akitania Berria eskualdean jada 780.000 txerto jarri dituzte, hau da, biztanleriaren %13a txertatu da.

PCR probak

Txertoa hartzeko guneez gain PCR probak egiteko beste zenbait gune ere badira Lapurdi eta Nafarroa Beherean (Zuberoako biztanleek Biarnon). Txertaketa gunea duten herri batzuetan, gainera, PCR probak egiteko gune bat baino gehiago ere izan daitezke, Hendaian edo Donibane Lohizunen kasu.

Horiez gain, Bokale, Hazparne eta Hiriburun ere badira PCR probak egiteko guneak. Osasun segurua duen edonork eska dezake PCR proba egiteko hitzordua, baina lehentasuna dute covid-19aren sintomak dituztenek.

Festa klandestinoa Makean

Polizia frantsesak ohartarazi duenez festa klandestinoak ugaritzen ari dira eta horietako atzeman zuten martxoaren 27an. Itsasutik (Lapurdi) gertu dagoen 600 biztanle baino gutxiagoko herrian, terreno pribatu batean festa egiten ari ziren 60 pertsonari isuna ezarri zieten osasun arauak ez betetzeagatik. Izan ere, osasun neurrien arabera, kanpoaldean ezin dira sei pertsona baino gehiago elkarrekin egon.