INFO

Oihu eta kexen artean hartu dute Jean Castex lehen ministroa frantziar Asanblea Nazionalean

Emmanuel Macronek bart konfinamendua orokortzeko erabakia telebistaren bidez iragarri ondoren bere lehen ministroari egokitu zaio, gaur goizean, Asanblea Nazionalean azalpenak ematea. Oihu eta kexak entzun dira plenoan. Are, oposizioak bozketan parte-hartzeari uko egin dio.

Konfinamendua nola aplikatu den azaltzera heldu da Jean Castex Asanblea Nazionalera. (Thomas COEX / AFP)

Ez da giro gaur goizean frantziar Asanblea Nazionalean. Jean Castex lehen ministroa kexa eta oihuen artean hartu dute bart Emmanuel Macron presidenteak dagoeneko 19 departamenduetan indarran ziren konfinamendu neurriak hexagono osora zabaltzeko erabakia telebistaren aurrean iragarri ondoren.

Behin baino gehiagotan ozenago hitz egitera behartua izan da konfinamendu hori zehatz mehats nola gauzatuko den azaltzea egokitu zaion lehen ministroari.

Jean Castexek gogorki jokatuko dutela osasun publikoa arriskuan jartzen dutenen aurka argitu du 9.00tan bere hitzartzari hasiera eman eta berehala. Hala nola zigorra handiagoak jasoko dituzte behin baino gehiagotan konfinamendu neurriak zapalduko dituzten herritarrek, hala nola besta ilegalak antolatuz.

Ezin izanen da sei pertsona bat baino gehiago kalean elkartu. Debekatua izanen da baita ere kalean jan edo edan lagun artean. Prefeturek ahalko dute, bestalde, plazak edo ibai eta itsas ertzeko eremuak ixteko agindua eman, jendearen metaketak saihesteko.

Behin Pazkoko asteburu luzea amaituta departamendu edo eskualde arteko bidaiak soilik kasu oso berezietan ahal izanen direla egin baieztatu ondoren mugikortasuna mugatzeko neurriak errespetarazteko polizi kontrolak areagotzeko asmoa agertu duen Castexek.

Haurren zaintza bermatzeko joan-jinak baimenduak

Telelana ez dela aukera bat baizik baizik eta posible den guztietan lehenetsi beharreko lan moldea azaldu du lehen ministroak. Hortik aurrera, zehaztu duenez, herritarrek aukera izanen da etxetik nahi beste ateratzeko -19.00tan atxikitzen den etxeratze agindua errespetatuz- medikura joateko, lehenasunezko erosketak egiteko, lan tokira joateko edo aireratzeko, esaterako, ziurtagirik aurkezteko beharrik gabe.

Hiruzpalau astez luzatuko diren haurtzaindegi eta eskolen itxierak familiengan izanen duten eraginak apaltzeko laguntzak iragarri ditu gobernu buruak. Hala haurren zaintza ezin duten bermatu gurasoek lanaldi partziala ahalko dute eskatu.

Horretaz gain, gobernuak mugikortasun mugak gainditu ahal izateko salbuespenen artean sartu du haurren zaintza da. Hau da aiton-amona edo hurbileko baten etxera haurrak eramateko -eta beraz horien bila joateko ere- aukera zabaldu du Castexek. Alderantziz ere, haurren zaintza hartuko duten familiako pertsona ahal dute adingabeko horiek bizi diren etxera joan.

Finean, salbuespen horrek familien buru-hausteak konpontzeko balio dezake. Alta, osasun egoera ikusita, gobernuak aurreikusi duen neurriak mugikortasun maila handiagoa ahal du ekarri Pazkoko asteburuan.

Laguntzak industria eta komertzioarentzat

Enpresek eta komertzioek dituzten arazoaz jabetzen dela erran du Castexek. «Nazioaren elkartasuna»k ez duela kale egiten eragile ekonomiak babesteko orduan ziurtatu du.

Laguntza bereziak plantan emanen direla adierazi du. Orora 11.000 mili ezarriko du gobernuak.

Finean, zerbitzu publikoen iraupena bermatua dela esan du lehen ministroak. Atzo Macronek erran zuen bezala, 10.000 erreanimazio ohe izateko parioa egin du. Egun, 5.000 inguru okupatuta daude.

«Azkarrago, sakonago, toki guztietan, eta egutegi berdinarekin» jokatzeko beharra defendatu du Castexek Asanblea Nazionalean Hexagonok dituen 98 departamenduetatik 92k «une honetan pandemiaren azkartze handiari aurre egin behar diotela» oroitaraziz.

Oposizioak ez du parte hartu bozketan

Jean Castexen hitzartzea amaituta legebiltzar taldekideen txanda heldu da. Kontuan izanik nola hasi den sesioa orduan ere kritika dezente jasoko duela gobernu buruak.

Alta, kritikak barreiatu soilik ez prozedura bera auzian eman du oposizioak. Macronek aldez aurretiaz konfinamendu egokitua izanen zela Hexagono osoan iragarri izanak hutsala bilakatzen zuela eztabaida salatuz, ezker eskuin oposizio talde guztiek bozketan ez zutela parte hartuko iragarri dute.

Finean bozketak emaitza hau utzi du: 348 boto alde eta 9 boto kontra. Oso haserre, Castexek erabakiak «gardentasunez» hartu direla defendatu du, oposizioari erantzun bortitza emanez.

Arratsaldean ariketa berdina errepikatuko du lehen ministroak Senatuan. Bigarren ganbaran eskuinak gehiengoa duenez, orandik ataka zailagoa beharko du gainditu Castexek.