INFO

Adingabeen ustezko bortxatzaile eta erasotzaile bat atxilotu dute Amikuzen

Arrueta-Sarrikotako nekazari bat atxilotu zuten martxoaren 31n, asteazkenean, adin txikikoei egindako bortxaketa eta sexu erasoen ustezko egilea izateagatik. 70 urteko gizonak harrera familia gisa bere zaintzapean izan zituen dozenaka haurri egin zien eraso.

Ustezko erruduna espetxeratu egin dute momentuz, prebentzio neurri bezala. (GETTY IMAGES)

Pasa den martxoaren 31n, asteazkenean, 70 urteko gizon bat atxilotu zuten jendarmeek Arrueta-Sarrikotan, Amikuzen. Nekazaritzan lan egiten duen gizonak sei urtez etxean artatzen zituen hainbat haur eta gazte bortxatu eta haien kontrako sexu erasoak egin dituela uste da, informazio judizialaren arabera.

2015. urtean gertatu ziren lehen erasoak, 70 urteko gizonaren eta haren emaztearen etxean. Familia zailtasunak zituzten haur eta nerabeez arduratzen zen etxean. ‘France Bleu Pays Basque’ irratiaren arabera, gertaerak ikertzen ari da justizia, eta gizona prebentzioz atxilotu zuten asteazkenean.

Egozten zaizkion eraso guztiak ukatu ditu asteazkenetik atxilo dagoen ustezko egileak.

Harrera familia

Beste hainbat lanbidetan ibili ostean, nekazari gisa bizi da egun ustezko erasotzailea, eta baimena du, bere emazteak nola, babes falta edo zailtasunak dituzten haur eta gazteak etxean hartzeko.

Hiru seme-alabaren aita da eta urte luzez hartu izan ditu etxean haurrak eta nerabeak. Harrera familia osatzen zuen, beraz, bere emaztearekin, hain justu atzo erretiratu zen udal langilearekin.

Ikerketa judizialaren lehen informazioen arabera, uste da akusatuak dozenaka gazte, haur eta neraberi egin zizkiela sexu abusuak. Areago, ikerketa gertutik ezagutzen duen iturri baten arabera, 80 biktimaren kontra egin izango zuen, guztira, 70 urteko gizonak.

Lehen gertaerak 2015ekoak dira. Sexu abusuen eta bortxaketen ustezko egilearen etxean sartu zirenean, ikertzaileek 15 eta 16 urteko nerabeei egindako argazki konprometituak konfiskatu zituzten. Fiskaltzak instrukzioko epaile bat izendatu du, eta gizona giltzaperatu egin dute momentuz, prebentzio neurri bezala.