INFO
Jose Manuel Pagoaga Peixoto, Baigorrin. (Guillaume FAUVEAU/FOKU)
Elkarrizketa
Jose Manuel Pagoaga Peixoto
ETAko kide ohia

«Etorkizuna taxuz asmatzeko iraganaren oinarrizko ezagutza bat guztiz beharrezkoa da denontzat»


Jose Manuel Pagoaga Peixoto (Arrasate, 1944) ETAko lehen belaunaldiko kide izan zen, Jose Miguel Beñaran Argalaren lagun min eta Telesforo Monzonen gertuko. Monzonek bezala euskara du ardatz eta hark borrokatutako helburua berretsi du Aberri Egunerako: euskaldunak elkar hobeto ulertu beharra.

1979ko urtarrilaren 13an «mina hartu» zuenetik ETAn emandako denboraren inguruan pausatuki hausnartzeko abagunea izan du Jose Manuel Pagoaga Peixotok, Baigorrin etxe duen talaiatik. Handik begiztatu dio, oraingoan ere, freskoki gordeta duen memoriari, belaunaldi baten historia bere iritzi eta sentipenetatik kontatuz, «neurtezinak baitira gauza gehienak», eta ez baitzaio gustatzen hitz «kontundenterik» ahoan ibiltzea. Ketsu eta gertuko erantzun dio NAIZek egindako galdera-sortari.

Memoria egitera elkartu garenez, zergatik da garrantzitsua Memoria Historikoa?

Gauza asko gordeak direlako oraindik, alde batetik hori. Isilean daudelako, eta eragin bat izan dute. Eta etorkizuna taxuz asmatzeko, iraganaren oinarrizko ezagutza bat guztiz beharrezkoa da denontzat, zahar eta gazteentzat. Iraganean egin ditugun hutsak eta asmatu dugun apur hori ere, aberasgarri gerta daiteke etorkizunean. Bide luze-luze batean sartuta gaude, eta bide horretan egia borobil bakarrik apenas dago. Errealitatea anitza den bezala egiak anitzak dira. Politikan eta, nik uste, gizartean, dugun ariketarik zailenetakoa da.

Hiru urte beteko dira laster ETAren disoluziotik. Herri hau prest al dago gertatu denaren inguruan libreki hitz egiteko?

Mendeetan gabiltza borrokan, modu batera edo bestera. Iraganean gauza latzak daude eta gauza latz horiek esateko une egokia eta hitz egokiak aukeratu behar dira.

Gazte sartu zinen ETAn militatzera, 1962an. Bazenekien orduan non ari zinen sartzen?

Kontatuko dizut prozesua. Baserritarrak ginen eta lehen borroka, nahiko latza, euskararekin izan zen. Zeren guk euskara erabiltzen genuen egunerokotasunean. Eta berehala etortzen zen bat ‘habla en cristiano’ esaten. Baina berehala sartzen zela adinekoren bat gure alde. ‘¿Qué dices tú? Este está hablando su lengua’. Orduan konturatu ginen ez geundela bakarrik. Nerabezaroan lehen aldiz jabetu ginen helduen babesarekin. Bagenuen oihartzunen bat, gerra-ondoan nortzuk ziren abertzaleak-eta, herrietan gauzak jakiten dira. Gizon adinekoak gure alde azaldu zirenean izugarrizko eragina izan zuen guretzat, zeren konturatu ginen lehen aldiz, barruan genuena ez zela mutikokeria bat. Arrazoia ematea bezala izan zen; jendea bazegoela horren alde eta horren alde egin nahi zuena. Bide horretan saiatzeko grina piztu zitzaigun. Beraz, abertzaletu naiz euskararen eskutik.

Ez Dok Amairu izan zen beharrezko genuen loratze bat. Euskaraz ulertzen genituen gaiak ukituaz eta hunkitzen gintuzten gaiak landuaz etorri zen. Herri-egarria alde guztietatik loratu zen

Ezinegon horrekin sartu zinen ETAn?

Ordurako jada hasita zegoen halako zurrunbilo bat. 70ean zen, Arrasatetik bost gizonek alde egin zuten, entzute onekoak. Hemen zer gertatzen da? Ikurriña jarri zutela, eta Frantziara alde egin zutela; orduan Frantzia esaten zen. Ni orduan eskola profesionalean nengoen, halako ezinegon bat sortu zen, eta begiak irekitzea modukoa izan zen.

IV. Biltzarrean joera desberdinak azaleratu ziren ETAn, eta V. Biltzarrean zatiketa gertatu zen, 1966an. ETAren geroa markatuko zuen horrek?

Nik V.a ezagutu nuen. Horrek luzaz iraun du. Argalak zioen, ‘creo que los únicos que sabían lo que estaban haciendo eran los hermanos Etxebarrieta’. Lehen aldiz ikusi zen fronte bereziak antolatu beharra. Baina fronte berezi horiek ez ziren behar ziren hesiekin jarri politiko-militarrarekin etena egin genuen arte; beraz, zazpi urte beranduago. Baina hor ikusten da garbi alor desberdinetan egin behar zela lan.

Bitartean, kantuan ziren Mixel Labeguerie eta Ez Dok Amairu sortu-berria. Zer suposatu zuen horrek euskal kontzientziarentzat?

Garrantzia itzela izan zuen. Orduan Segura Irratia bakarrik zegoen, gerora sortu zen Arrate Irratia. Antonio Molinarekin-eta leporaino geunden. Ez Dok Amairu izan zen beharrezko genuen loratze bat. Euskaraz ulertzen genituen gaiak ukituaz eta hunkitzen gintuzten gaiak landuaz etorri zen. Herri-egarria alde guztietatik loratu zen. Helburua bikoitza zen garai hartan. Beldurra ehortzea; gerra ondoko giroan beldurra zen nagusi, eta itxaropena piztea.

68an Ekuadorrera joan zinen. Zerk bultzatu zintuen hara?

Galdera hori pertsonala da, baina onartzen dizut. Nik 68an 24 urte nituen eta neure buruari sakonki begiratzen hasita nengoen. Garbi konturatu nintzen behar nuela nire formazioa sendotu, eta horretarako denbora behar nuen. Nola sartuta nengoen horretan [ETAn] erabat murgilduta nengoen, behar nuen gauzak hotzez pentsatzen hasi; urruntasun baten beharra sentitzen nuen. Abertzaletasuna obsesiboki bizi izan dut eta bizi dut orain ere. Inork ez zuen sinesten misionero joango nintzenik, amak gutxiago. 17 urtetatik elizako kontuak alde batera utzita nituen, baina ez arrazoi teologikoengatik. Egiten nituen bekatuetaz itxurak egiten nituen damututa nengoela, baina berez bekatuak egiteko gogoekin nengoen. Neure buruarekin faltsukeriaz ari nintzela konturatu nintzen, eta beti saiatu izan naiz nire buruarekin zorrotz edo zintzo behintzat jokatzen. Horregatik joan nintzen eta uste dut ondo egin nuela. Ekuadorko hiru urteak benetako unibertsitatea izan ziren, lagun onak aurkitu nituelako, argitzaileak, pentsatzen erakutsi zidatenak.

Iraganean gauza latzak daude eta gauza latz horiek esateko une egokia eta hitz egokiak aukeratu behar dira

Meliton Manzanasen hilketa, Burgosko Prozesua, han zinela gertatu ziren. Hiru urtera itzuli zinen; Ipar Euskal Herrira ezinbestean. Nola aurkitu zenuen Euskal Herria itzuleran?

Nik 68ko irailaren 8an alde egin nuen eta urte hartako abenduan nire talde guztia eroria zen. Gero esan didate, ‘hik alde egin huen konturatu hintzelako heldu zela harrikada’, baina ez, ez zen horrela. Burgosko Prozesuaren hazia sortzen da Meliton hiltzearekin. ‘¿Cómo, qué? Pintaditas sí, ¿pero, esto?’. Errepresio askoz gogorragoa hasi zen.

Eta erakundea, nola aurkitu zenuen? Sakoneko aldaketarik atzeman zenuen?

Etorri nintzenean 71ko udara zen. Donibane Lohizunera joan nintzen. Aurreko urtean “Sexta”-ko eszisioa egina zen, oraindik zauriak oso berriak ziren. Baina aurkitu nuen Iparraldean jende bat, jende talde txikia, dozena bat lagun. Jende heldua eta deliberatua, erabaki sendoa zuena. Baina erakunde bezala egiteko zegoen, urteak behar izan ditugu erakundea erakundetzeko.

Mili eta polimilien arteko zatiketa etorri zen gero.

Argala ezagutu nuen etorri eta lau-bat hilabetera; Txominek [Iturbe] aurkeztu zidan eta lehenbiziko elkartzean mutil bat ikusi nuen, besterik gabe. Baina Txominek, Eustakiok [Mendizabal, Txikia] eta erakundeak oso begiko zuten, orduan adar politikokoa zen. Baina Argalak berehala bi ekintza inportanteetan parte hartu zuen eta beste gradu bat hartu zuen gure artean. Zabalaren bahiketan parte hartu zuen, hori izan zen langileen alde egin zen lehen ekintza gogorra. Hor hartu zuen Argalak gure aurrean ordura arte ez zuen pisu bat.

Monzonek zerbait garrantzizkoa zuenean hitzordua eskatzen zigun eta halako batean Argala eta biok bidali gintuzten, eta hasten zaigu oso bero hitz egiten KAS Alternatibaz. Gu txundituta. Txundituta ez, oso pozik. Bukatzeko esaten digu: ‘Uste dut hemendik aurrera zuen eskutik ibili behar naizela’

Ikusi zen garbi ez zela hitzetan gelditzekoa, eta gu orduan konturatuak ginen politikokoek denbora galtzen zutela eztabaidan eta ez zutela ia ezer praktikara eramaten. Ez ziren mespretxatuak, baina ez zuten prestigiorik. Argalak bai, prestigioa hartu zuen. Horrela gertatu zen politiko eta politiko-militarren eszisioa. Argalak eragin handia izan zuen, gero agertuko zen Agirian garbi utzi zuen moduan. Izugarrizko erorketak egoten ziren, fronteak nahastuta zeudelako.

Hor hitz bat azaldu zen, “desdoblamiento”. Egiturazko garrantzia zuen erabaki horrek, baina sakonean zer zegoen gero konturatuko nintzen ni, Argalak bazekien orduan. Guk Euskal Herriaren independentziaren alde borroka gogorra egin behar zela sinesten genuen eta, aldiz, politiko-militarrek ikusten zuten borroka armatua laguntzaile bezala baliagarria zela, baina sakonean bilatzen zuten zetorren egoera berrian politikoki kokatzea. ‘Franco hil behar da, egoera berri batean sartuko gara, nolabaiteko demokrazia sortuko da eta hor politikoki jokatu beharko da. Horretarako, gure lurra hartu behar dugu politikoki’. Gaurtik begiratuta inolako zalantzarik gabe horrela ikusten dut. Baina praktikan erabiltzen zen arrazoia desdoblamenduarena zen.

Anai Artean zebilen Telesforo Monzon, zer harreman zenuen berarekin?

Monzon ezagutu nuen 71ko udaran Azkaineko baserri bateko bazkarian. Niretzako zen jainko bat ezagutzea bezala. Jendearekin oso atsegina zen, hura zen bere dohain handienetako bat, jendetasun itzela zuen. Bazkari horretan bi gauzak harritu ninduten: zenbat zekien baserriko gora-beheretaz, zeren Monzon jaun bat zen, baina etxeko nagusiarekin hitz egiten konturatu nintzen baserriko gora-beheretaz asko zekiela. Eta harritu ninduen bigarren gauza zen nola erabiltzen zuen bertako azpi-euskalkia, berta-bertakoa.

Anai Artearekin eta horko buruzagi ziren Aita Larzabal eta Monzonekin harreman jarraikiak nik eramaten nituen erakundean. Erakundearentzat Anai Artea izugarrizko garrantzi handikoa zen. Erakunde barruan geundenak ez dakit iritsiko ginen dozena batera. Bazen errefuxiatu gehiago, baina batzuk joan ziren ikasketak egitera Belgikara edo Parisera, beste batzuk hemen zeuden baina politiko adarrean zebiltzan, gu adar militarrean genbiltzan.

Ni harritzen ninduen Monzon aristokrata bat izanda nola herrikoitu zen, eta berari galdetu nion. ‘Begira, Mexikotik etorri nintzenean, lehenbizi bizi ginen Pau-en eta gero etorri ginen Donibane Lohizunera. Emaztea eta biok gonbidatuak izan ginen Urtubira bazkaltzera’. Elkartzen dira lorategian hemengo kalonje batekin, euskalduna, euskaltzalea, idazlea ere. Monzonek: ‘Egun on jauna, eta besteak, ‘bonjour’. Besteak erdaraz egin eta Monzonek hirugarren aldiz euskaraz erantzutean, kalonjeak esaten dio Monzoni: ‘Jauna, hori ez da hemen ibiltzeko hizkuntza’. Emozionatu egiten naiz ondoko hitzekin. Orduan, Monzonek: ‘Agur! –ozen– ez nauzue berriro hemendik ikusiko’. Orduan hasten da Monzon antzerkian gehiago sartzen, Larzabalekin batera, eta hasten dira Eletako antzerki lanekin eta Iparraldeko jende xumearekin lana egiten. Beraz, nire ondorioa da Monzon herrikoitu zela euskararen eskutik.

KAS Alternatibarekin Monzonen babesa izan zenuten.

Monzonek zerbait garrantzizkoa zuenean hitzordua eskatzen zigun eta bi lagun izaten ziren hautatuak berarengana joateko. Halako batean Argala eta biok bidali gintuzten. Sartu eta berehala hasten zaigu oso bero hitz egiten KAS Alternatibaz. Gu txundituta. Txundituta ez, oso pozik. Bukatzeko esaten digu: ‘Uste dut hemendik aurrera zuen eskutik ibili behar naizela’. Argalak erantzun zion berehala: ‘¿No le parece que sería bueno que lo dijera públicamente?’, ‘Posiblemente, baina begira. Ni lehenbizi naiz abertzalea, gero kristaua eta gero demokrata, eta nire kristautasunak eragozpenak sortzen dizkit zuen alde azaltzeko’. Argalak ukondoak belaunera eraman zituen eta lurrera begira geratu zen eta nik hitz egiten jarraitu nuen, ez dakit zertaz. Halako batean Argala zutitu zen eta, bere ahots eder horrekin, ahots ederra baitzuen, kantatu zuen lerro bakar hau: ‘Mendizabal Sasetaren hurrena’. Eta Monzon geratu zen txundituta. ‘Barkatu momentu bat’. Zutitu zen, joan zen. Hitz egiten genuen salatik oihal batek gordeta jangela zegoen beste aldean. Handik minutu batera deitu zigun, ‘zatozte’. Mahai gainean hiru edalontzi zeuden ardo-sorta banarekin. ‘Nire hitzekin bidea argitu didazuelako, zuekin topa egin nahi dut. Beñaran, Pagoaga, zuei esker’.

Zenbat aldiz egon naizen etxe horretan, bada, lehenbiziko aldia zen trago bat hartu nuena. Handik denbora oso gutxira, Monzonek agertu zuen Enbatan idatzi bat non azaltzen zen gure alde, oso lainoki, bere estiloa hori baitzen. Pasarte hau aipatzen dut esan daitekeelako eta nik hala sentitzen dut; Monzonek hil arte erabiliko zuen deiadar ozena hantxe sortu zela. Atzoko eta gaurko gudariak.

Haren eskutik etorri zen Txiberta, 1977an.

Horretara nindoan. Handik gutxira, izango ziren pare bat hilabete, berriz hitzordu bat eskatu zigun Monzonek, eta orduan ere Argala eta biok izan ginen igorriak. Monzonek zerbait aurkeztu nahi zigun. ‘Zuek eman dituzuen pausoak eskaintzen digu pauso zabalago bat emateko aukera’, esan zigun. Lehen ez dut esan, baina Monzon ezagutu nuenetik konturatu nintzen bere barruko bizipenaren ardatza euskaldunok gure artean ulertzea zela. Eta orduan, esan zigun: ‘Madrilen aurrera abertzaleok gorputz bakar bezala aurkezten ez garen bitartean ez dugu aurrerapauso handirik emango. Beraz, uste dut abertzale guztiok elkartu behar dugula gutxiengo baten oinarrian: amnistia, alderdi guztiak legeztatzea, Estatutu Autonomia lau probintzientzat eta euskara lehentasuna izango duen hizkuntza izatea. Puntu hau, azkena, puntu iheskorrena da, baina guk oso barruan izan behar duguna. Puntu zailena Nafarroa da, baina egin behar dugu. Lau puntu horiek aurrean ea denok ados jartzen garen’. Eta Argalak erantzuten dio: ‘Sí, ¿y el derecho a decidir?’. ‘Hori bidea eginez lortuko dugu. Hori jartzen badugu egiaz KAS Alternatiba bere osotasunean eskaintzen dugu’.

Proposamen berria zen, berehala konturatu ginen. Hitz ozena beti Argalak eramaten zuen eta esan zion: ‘Guretzako proposamen berria da, oso ondo iruditzen zaigu, baina pentsatu beharra dugu’. ‘Beno, begira. Nik zuen baietza eskuratzen dudan bezain laster hitz egingo dut [Jose Luis] Elkororekin eta Santi Brouardekin’. Orduan hautetsi abertzaleak sozialki zuten indarra oso inportantea zen.

Errefuxiatuak ustez babestuta zineten Ipar Euskal Herrian, baina Triple A, ATE eta BVE agertu ziren. Zer suposatu zuen euskal errefuxiatuentzat?

Erabat aldatu zen errefuxiatuen bizitza eta baita Iparraldeko laguntzaileena ere. Bazekiten guk hemen babes bat genuela. Horrela Anai Artea itxi behar izan zen, ezin zelako inor han egon, eta errefuxiatuak hasi ginen bizitzen erdi-klandestinoki. Etxez aldatzen, eta izuarekin. Helburua zen panikoa sortzea. Beldurra beti dago, baina beldurra menperatzen duzun bitartean zu zara. Baina beldurrak menperatzen zaituenean ez zara ezer. Beraien helburua zen min ematea, bistan da, eta panikoa sortzea. Hori ez zuten lortu; indar handia egin behar izan genuen hori ez lortzeko.

Argala hil zuten 78ko abenduan. Galera handia izan zen ETArentzat; hala izango zen zuretzat ere, gertukoa zenuen-eta.

Horixe baietz. Asmoa zuten Argala eta ni egun berdinean botatzeko, hori gerora jakin du erakundeak.

Zu botatzen ere saiatu ziren, 1979ko urtarrilaren 13an, baina ez zuten lortu.

Urruti ez ziren ibili, halere.

Bide luzean gaude, oso luzean, eta pausoz pauso joan beharko dugu. Gakoa da pauso bakoitzean asmatzea. Ni optimista naiz herrian sinesten dudalako eta ikusten dudalako herri-gogoa sendotu egin dela eta zabaldu egin dela

Zer garrantzia du Aberri Egunak 2021. urtean?

Orokorki, Euskal Herriari dagokionez, hobeto ulertzen ditut auzo txiki honetatik gauzak, nahiz ez dudan bizipen sozial handirik, edo ia batez. Uste dut euskaldunok elkar hobeto ulertzen hasiko bagina berehala konturatuko ginatekeela abertzaleek egiten dituzten ekimen ia denak elkarren osagarri direla. Beraz, Monzonen bizkarrezurra oraindik zauri betean dago; ez dugu konpondu hori. Pausoak eman dira, hori onartuko dut, su-etenak pausuak emateko aukerak eman ditu. Baina euskaldunon erronka nagusia oraindik elkar hobeto ulertzea dela uste dut.

Aberri Eguna garai hartan borroka egun handi bat zen. Zerbait egin behar zen. Gaur egun Aberri Egunak erakusten digu aipatu dudan paradigma. Bizpahiru Aberri Egun egiten ari gara, aberria bat izanda ere, horretarako ere ez gara batera jartzen. Hala ere egiten da, bakoitzak ahal eta sentitzen duen bezala. Aipatu dut euskaldunak elkar hobeto ulertzeko beharra, horretarako abertzalea den bezala hartu eta errespetatu behar da. Hori ariketa sendoa da.

Nola ikusten duzu egungo egoera politikoa Euskal Errepublika sortzeko bidean? Bada aukerarik?

Horretaz Monzon konturatu zen hobekien. ‘Azkenean konturatu zarete pausoz pauso joan behar dugula’, esan zigun Argala eta niri. ‘Baina ematen dugun pausoak hurrengo aurrerapausoaren baldintzak bermatzen ez baditu, atzerapausoa izan daiteke’. Hori zen bere kezka. Bide luzean gaude, oso luzean, eta pausoz pauso joan beharko dugu. Gakoa da pauso bakoitzean asmatzea. Ni optimista naiz herrian sinesten dudalako eta ikusten dudalako herri-gogoa sendotu egin dela eta zabaldu egin dela; Iparraldean inongo zalantzarik gabe. Baina hori neurtzeko metrorik ez dago, nire sentipenak dira. Oinarrizko gauza gehienak neurtezinak dira.