INFO

Kantuan eta elkar zainduz, balkoietatik Gaztelu Plazara jaitsi dira iruindarrak Aberri Egunean

Euskal Herria Batera ekimenak deituta, gutxienez 128 herrietan bildu dira euskal herritarrak Aberri Egunaren karietara keinu bat batera egiteko. Iruñean, «Txoria txori», «Gernikako Arbola» eta «Ikusi mendizaleak» abestien aurretik, musika eta margo ikuskizunak izan dira nagusi.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Bizi dugun egoera dela-eta, Aberri Egun berezia izan da aurtengoa ere. Hala ere, garai pandemiko honen barruan, urrun geratzen da iazkoa: nork bere etxeetan egin zen, balkoitik balkoira eta leihotik leihora ospatzen, batzuk krespoi beltzarekin, hilabeterik gogorrenetan joan zirenen omenez.

Osasun neurriak mantenduta, ezberdina izan da gaurkoa, milaka euskal herritarrek 128 plaza hartu dituztelako. Iruñean, Gaztelu Plaza izan da Euskal Herria Baterak bultzatutako Aberri Egunaren eszenatokia.

Jardunaldiaren aurretik, Gobernu espainolaren Ordezkaritzak Arrotxapea, Txantrea, Mendillorri, Donibane-Iturrama eta Alde Zaharretik abiatutako zutabeak debekatu zituen, baina Gaztelu Plazako ekitaldiari eustea erabaki zuen Euskal Herria Baterak. Horri jarraiki, herritarrei dei egin zien eguerdian Gaztelu plazan biltzeko, 12.15ean, eta bertan zeuden ehundaka iruindar.

Galiza, Herrialde Katalanak, Gales, Andaluzia, Eskozia, Palestina, Korsika eta, noski, Nafarroako banderaz eta ikurriñez dotoretua, txistulari eta trikitilariek giroa berotu dute, ‘Lepoan hartu ta segi aurrera’ bezalako abestiak interpretatuz. Tarteren batean, antolatzaileek hainbatetan gogorarazi dute bi metroko distantzia mantendu behar zela.

Iruindarrak zutik eta kantari zeuden bitartean, artista batzuek graffiti bat egin dute mihise batean «Independentzia» aldarriarekin. Eta «aspaldiko!» askoren artean, itxaronaldia laburra egin da 12.30ak arte. Orduan, «komunitate sentitzen garela eta sentitu nahi dugula adierazteko» keinu bat batera egin dute euskal herritarrek 128 herrietan.

Hala, letrak gogoratzeko zailtasunak zituztenak Euskal Herria Bateraren webgunean sartu eta Gaztelu Plazako gainerakoekin batera, ‘Txoria txori’, ‘Gernikako arbola’ eta ‘Ikusi mendizaleak’ abestiak soinuba karrean abestu dituzte.

«Bateratasuna areagotuko duen herrigintza»

Ondoren, Irune Urrak eta Carlos Etxeparek hartu dute hitza: «Dagoeneko urtea bete duen pandemiak mugatu egin ditu berriro mugitzeko eta elkartzeko genituen aukerak. Gainera, denbora honetan metatu egin dira sufrimendua eta nekea. Ondorioz, gure aldarte kolektiboa ez zen inoizko egokiena ospakizunetarako».

Hala ere, iaz bezala, Euskal Herria Batera ekimenaren proposamenak milaka herritar Euskal Herri osoan berriro mugiarazi dituela nabarmendu dute, «eta keinu bat egin dugu batera, komunitate sentitzen garela eta sentitu nahi dugula adierazteko».

Horrenbestez, iazko irakurketa berretsi dute aurten ere: «Mundu zabalean komunitarismoa ari da indartzen globalizazioaren arriskuei aurre egiteko, lurraldeak eta haien gainean trinkotzen diren komunitateak dira tresnarik egokiena pertsonei bizitza duina eta eskubide berdintasuna bermatzeko. Nahi genuke Euskal Herria izatea halako komunitate bat, erabakimena eta eskubide politiko guztiak izango dituena, duintasuna eta bermeak eskaini ahal izateko».

Aurrera begira, Euskal Herriak «bateratasuna areagotuko duen herrigintza» behar duela azpimarratu dute, etorkizuneko proiektu politikoen oinarria izango den komunitatea trinkotzeko.

Herrigintza horretan erabili beharko dute, antolatzaileen iritziz, «eztabaida demokratikoa beti, konfrontazioa behar denean eta lankidetza ahal den guztietan», herritarren, eragileen eta erakundeen indarrak norabide bateratuan jartzeko.

«Herrigintzan batera jardunda garatuko baitugu euskal lurraldeen eta herritarren arteko lankidetza, gero eta indartsuago izango den komunitatearen eraginez lor dezan Euskal Herriak erabakimen osoa», gaineratu dute.

Norabide horretan, Aberri Eguneko dinamika bateratzaile honi eustea baliagarria izan daitekeela uste dute, eta urtean behin keinu bateratua proposatzea Euskal Herri osoko herritarrei, askotariko herritarrak protagonista kolektibo izan daitezen.

Horrez gain, eta jarraipen hutsetik harago, uste dute analisia zabaldu egin behar dela, eta aztertu ea «nola lotu daitezkeen egun bateko keinua eta eguneroko herrigintza, zer nolako aliantzak eta erreferentziak eraiki behar diren hasitako bidean aitzinatuko gaituen dinamika sortzeko, eta Euskal Herri bateratua irudikatzen duten ikur, ereserki eta ekintzak sustatzeko».