Oztopoak oztopo, Zaldibarko hondamendia salatu dute Zallan hamalau hilabete igarota
Hamalau hilabete bete dira gaur asteartean Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran hil zituen istripua gertatu zenetik, eta aurreko hilabete guztietan bezalaxe kalera atera dira ehunka lagun, egiaren alde. Zallan Udalak pankartak kendu dituela salatu dute.
Hilero 6. egunean gertatzen den bezalaxe gaurkoan ere, istripua gertatu zenetik hamalau bete direlako, zenbait herritan elkarretaratzeak egin dira. Bi helburu izan dituzte: hondamendiaren egia aldarrikatzea eta bi biktimak gogoan gordetzea, are gehiago Joaquin Beltran oraindik ere agertu gabe dagoela jakinda.
Zallatik abiatzen zen Euskal Herriko Itzuliko etapa eta horrexegatik zenbait pankarta jarri dituzte auzokideek, apirilaren 6. honetan, baina Udalak kendu dituela salatu dute.
@ehitzulia #Zalla|tik abiatuko da gaurkoan. Horregatik udalak garbiketa agindu du eta #ZaldibarArgitu batzordeak jarritako pankartak kendu ditu, #Zaldibar|ko zabortegia amildu zenetik 14 hilabete betetzen diren egun berean. pic.twitter.com/a8PjaTWxZA
— Gorka Belasko (@txikerretxea) April 6, 2021
Zallako auzokidea zen Joaquin Beltran. Bere gorpua oraindik ez da Zaldibarren aurkitu eta luze jo dezakete bilaketa lanek. Duela bi aste zabaldu zenez, zenbait objektu ageri da bilaketa eremuan baina ez dago itxaropenerako tarte handirik. Alberto Sololuzeren gorpuzkinak pasa den abuztuan aurkitu zituzten.
Bitartean, bi auzi ezberdin abiatu dira Durango auzitegian, bata ingurugiro delituari dagokiona eta bestea langileen osasun eskubidearen ingurukoa. Baina horietan ere berri gutxi-gutxi, ia batere ez, hamalau hilabete hauetan zehar.