Europako funtsen aitzinean, programa sozioekonomikoa eta bi lege egitasmo eskaini ditu LABek
Gasteiz eta Iruñeko gobernuek Europako funtsetatik dirua jasotzeko aurkeztu dituzten proiektuekin bat egiten ez duela azpimarratu, eta bere eskaintza egin du LABek, enplegu, zerbitzu publiko, pentsio eta zaintza eredu desberdin baten alde borrokan ari diren langileekin batera egindako agerraldian.
Europako funtsen izaera, norabidea eta kudeaketa salatu du LABek Bilbon. Baina kritikatik harago joanez, «garapen paradigma berri bat eraikitzeko ezkerretik, subiranismotik eta langileen lidergo argi batetik» urratsak egiteko proposamena luzatu dute Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Ekintza Sozialeko idazkari Endika Perezek. Hilabeteotan aurkeztutako Programa Sozioekonomikoa eta bi lege egitasmo, Lan Kodearena eta Gizarte Segurantzako Legearena; horra hor sindikatu abertzalearen eskaintza.
Lehenik eta behin, LABen iritziz, sektore publikoak izan behar du ekonomia jardueraren ardatza, eta horrek ekonomian duen papera berrikustera darama. Defendatu duenez, diru publikoa egoki erabili behar da eta horretarako lehentasunak berraztertu behar dira. Inbertsio publikoa handitu, tokiko ekonomiaren beharrak kontuan hartuz.
Premiazko jotzen du «ekonomiaren gaineko kontrola» ere. «Diru publikoa jasotzen duten enpresek enplegua mantendu eta enplegu hori duina izateko bermeak eskaini behar dituzte, beraien lantokietan diskriminazio egoerarik ez dela ematen bermatu, ekosistemari kalterik ez egiteko konpromisoa hartu, inguruko hornigaiak edota produktuak erabili, hizkuntza eskubideak bermatu... Hori guztia arautu behar da».
Lanaren eta ondasunaren banaketari dagokionez, lan guztien aitortza eta zaintza lanen banaketa eta berrantolaketa proposatzen du, baita zerga erreforma ere, diru gehien duenak gehiago ordaintzeko eta enpresa batzuen neurri gabeko irabaziak mugatzeko, besteak beste.
Garapen eredu jasangarria bultzatzeko, bestalde, garapen produktiboari beste norabide bat emateko plan bat behar dela uste du. Lanaldia murriztea eta gehiegizko kontsumoa mugatzea planteatzen ditu, adibidez.
Euskal esparrua eta legea
Lan eta pentsio duinak bermatzeko, «Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko apustua egin eta Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzako lege propio bat borrokatu behar ditugu», aldarrikatu du LABek.
Nazio garapenari begira, ekonomiaren birlokalizaziaren alde egin behar da sindikatu honen arabera, tokian tokiko garapena bultzatuz.
Garbiñe Aranburuk adierazi duenez, «herri honetako gehiengo sozial zabalak balio hauekin bat» egiten duela uste dute eta ekarpen bat egin dute egin behar den eztabaida sozial hori bultzatzeko. Datozen asteetan, eragile politiko, sindikal eta sozialekin eraldaketa sozialaren alde daudenen arteko sinergiak bilatu eta adostasunak eraikitzen saiatuko direla azaldu du. «Adostasun zabalagoak edo puntualagoak izan daitezke».
LABeko idazkari nagusiaren esanetan, «trantsiziorako akordio sozialak lortzeko helburua» dute, baita horien aldeko aktibazio soziala bultzatzeko ere.