INFO

10 urteko ibilbideak estatusaren inguruko eztabaidaren «premia» erakutsi dio EH Bilduri

EH Bilduk 10 urte bete dituela gogora ekarriz ‘Hamar urte baino ez’ dokumentala kaleratu zuten eta gaur Donostian izan dute proiekzioa. Bertan, Maddalen Iriartek, osasun krisiak «ez dugula tresna subirano nahikorik euskal herritarrak zaintzeko eta babesteko» erakutsi duela adierazi du.

Maddalen Iriarte ‘10 urte baino ez’ dokumentalaren proiekzioaren aurretik. (@ehbildu)

‘Hamar urte baino ez’ dokumentalaren proiekzioa egin du EH Bilduk guar Donostian eta bertan Maddalen Iriarte bozeramaileak koalizioaren jaiotza prozesu hura nabarmendu du. «Ondo ikusten da kultura politiko desberdineko pertsonek proiektu politiko beraren inguruan bat egitea erabaki zutela, guztien artean euskal subiranisten eta ezkertiarren etxe komuna eraikitzeko».

Hamarkada honetan «gure herriak subiranotasun gehiago eta hobea behar duela» berretsi dutela adierazi du Iriartek. Honen azken eredu koronabirusa eta osasun krisia dira koalizioarentzat. «Erakutsi digu ez dugula tresna subirano nahikorik euskal herritarrak zaintzeko eta babesteko». Gogora ekarri du EAJk eta Iñigo Urkullu lehendakariak ere aitortu dutela hainbat adierazpenetan.

Hori dela-eta «premiazkoa eta beharrezkoa» da, EH Bilduren iritziz, estatus politiko berriari buruzko eztabaidari ekitea. «Eta modu zintzo eta gardenean egin behar da. Ez du balio Gernikako Estatutu-bis batek, onartu eta berehala betetzen ez denak eta zaharkituta geratzen denak. Estatus berri bat behar dugu herri eta herri gisa aurrera egiteko eta hazteko, eta euskal herritar guztiak babesteko».

Eta EAJ egin du eztabaida hau piztu edo itzaltzearen arduradun, «izan ere, eztabaida hau martxan jartzeko borondatea iragartzen den aldi berean, EH Bilduk ez duela inolako akordiorik lortu nahi esaten da. Zertan oinarritzen dira hori esateko? Edo dagoeneko erabakita duzue ez dela eztabaidarik egongo?»

Eztabaida horrek Euskal Herriaren etorkizuna «markatuko» duela gehitu du Iriartek. «Eta horrek gauza batzuk esatera behartzen du: erabakitzeko eskubidea, berdintasunean oinarritutako Estatuarekiko harremana eta herritarren eskubideak blindatzea eta gainditzea aintzat hartuko dituen estatus berri bat adosteko gehiengo nahikoa dago». Baina PSErekin hori ez dela lortuko gaineratu du.