Funanbulista ofizioa ikasi eta finalerdietarako sailkatu dira Altuna-Mariezkurrenak (19-22)
Jaka-Martijak oso bideratuta izan dute garaipena 18-13 aurreratuta, baina urdinek pilota lasaiago bat topatu dute saskian, Mariezkurrenaren nagusitasuna areagotu da, lehen erdian pilatutako hutsak murriztu ditu eta partidari buelta eman diote.
Azken asteetan suaren gainean dantzan ibili eta hankak zenbaitetan erre izanak behartu zituen Altuna-Mariezkurrena lehen fasean egindako lan bikaina partida bakarrean jokatzera, baina beste denak bezala, funanbulistaren ofizioa ere ekinean ikasten denez, zaplazteko horietatik altxa eta gaur oso aurka zuten egoera bat iraulita, finalerdietan dira Amezketakoa eta berriozartarra, Jaka-Martijari 19-22 gailenduta. Buruz Buruko eta Binakako txapeldunak esku-eskura izan dute orain hilabete eta erdi ezinezkoa zirudien finalerdietarako txartela 18-13 aurreratuta, baina azkenerako ihes egin die partida gora-beheratsu batean.
Lehen tantotik tentsioa oso nabarmena izan den partida, oso lehiatua eta orekatua izan da hasiera hasieratik. Kantxan bi bikoteetako bakarrak ere ez du nabarmen agindu, hein handi batean, atzean ez delako espero zen Jon Mariezkurrenaren nagusitasunik antzeman. Oso gaztea izanagatik, badaki Julen Martijak egun seinalatuenetan bere mailarik onena ematen eta gaur ere aurtengo Binakako Martijarik onena ikusi dugu, serio, langile, eta batez ere, azken jardunaldian ez bezala, eskuina fresko zuela. Pentsa, gorriek hiru tantotako aldea (11-8) lehen aldiz Etxeberrikoak errebotean jarritako pilota baten ostean heldu da. Pilotek distira izan duten bitartean, eroso aritu da nafarra.
Egia da gehienean piloteoan Jon Mariezkurrena gehiagotan nagusitu dela, baina Berriozarreko atzelariak huts gehitxo pilatu ditu, pilota gehienek gora egin diote ihes eta lehen zatian aldeak gehienean urdinak izan badira, gehienez bi tantotakoak, zortzinako berdinketatik aurrera gorriek izan dute markagailuaren kontrola.
Jaka erasokor
Aurrean bi aurrelariek ez dute aukera gehiegirik izan erasoan sartzeko, baina Binakako honetan gutxirekin asko egiten ohituagoa edo, hasierako hutsak zuzenduta, Erik Jaka aritu da eraginkorrago. Bereziki bolearekin egin du min lizartzarrak, ezker eta eskuin, pilota txokoan bizi astinduz. Lehen etenaldi luzera tanto bakarreko aldearekin heldu ostean (12-11), hala heldu da Jaka-Martijaren partidako alderik handiena 18-13koan, baina aitaren batean –Jakaren huts pare batek ere asko lagundu diete– ihes egin die horrenbeste lan eginda lortutako aldeak, Altuna-Mariezkurrena tanto bakarrera gerturatu baitzaizkie (18-17). Saskian pilota lasaiago bat aurkitu dute amezketarrak eta berriozartarrak eta material honekin areagotu egin da atzelari nafarraren nagusitasuna,; gehiago gozatu du eta, batez ere, ez du batere oparirik egin. Altunak konfiantza handia jarri du bere atzelariarengan, lanaren bidetik egin nahi izan dute aurrera eta azken bost tantoak jarraian eginda heldu dira helmugara.
FITXA TEKNIKOA:
Jaka-Martija: 19
Altuna III.a-Mariezkurrena: 22
Pilotakadak: 601. Iraupena: 67,34 minutu. Markagailua: 1-0, 1-3, 4-3, 4-6, 5-6, 5-7, 7-7, 7-8, 11-8, 11-11, 14-11, 14-13, 18-13, 18-17, 19-17, 19-22. Sakeak: 1 Jakak eta 2 Altuna III.ak. Tantoak: 8 Jakak , 3 Martijak, 9 Altuna III.ak eta 3 Mariezkurrenak. Hutsak: 6 Jakak , 2 Martijak, 1 Altuna III.ak eta 6 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Finalerdietarako playofferako lehen partida Iruñeko Labriten jokatu da.