30 Herri Urrats izango dira Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin maiatzaren 9an
Maiatzaren 9an, «30 Herri Urrats ttiki» ospatuko dira Ipar Euskal Herriko beste hainbat herritan. Bakoitzak bere egitaraua aurkeztuko duen arren, guztiek abestu eta dantzatuko dute ‘Baga Biga Boga’ kantua eta guztiek sustatuko dute Boga diru bilketa kanpaina.
Aurtengoan, Herri Urrats bat ez, «30 Herri Urrats ttiki» izango dira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako beste hainbat herritan. Seaskak maiatzaren 9rako ezarri duen hitzorduari begira, «ikastola bakoitzak antolatuko du eta komunikatuko du bere egitaraua eta eskaintza», zehaztu du Ihintza Bidartek, Herri Urratseko koordinatzaileak, eta zera gaineratu du, «ez da betiko Herri Urrats izanen, baina euskararen eta ikastolen pesta izanen da».
‘Boga’ goiburua duen edizio berriaren baitan, abestia eta bideokliparen nondik norakoak, herrietan antolatuko diren ekimenen inguruko xehetasunak eta diru bilketa kanpainaren ingurukoak azaldu dituzte Kanbon eskaini duten prentsaurrekoan, Ihintza Bidart, Emile Negelua, Peio Jorakuria, Stéphanie Chabay eta Beñat Bidegain ordezkariek.
Horrez gain, aurtengo edizioan eskuratzen den dirua bosgarren kolegioa eraikitzeko izango dela adierazi du Peio Jorajuriak. Zehaztasun gehiago emateko goiz dela aitortu du Seaskako lehendakariak, baina bere esanetan, «baikorrak gira, oraingoz ezin dugu hori baino gehiago esan».
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Landetako bidegurutzean aurktitzen den Xarneguko eskualdean irekiko den Ipar Euskal Herriko 38. ikastolaren ingurukoak, ostera, bertako zuzendariak eskaini ditu, Stephanie Chabayk: «Momentuz 3 urteko haurren lau familia dira, lauak Bardozekoak, eta emeki-emeki handituko den ikastola da».
‘Baga Biga Boga’
Apirilaren 9an sare sozialen eta hedabideen bidez argitara atera zen ‘Baga Biga Boga’ abestiaren eta bideokliparen nondik norakoak ere aurkeztu dituzte. Abestia eta hitzak Xiberoots musika taldeak egin ditu, baina Delirimun Tremens taldeko Andoni Basterretxea abeslariak ere parte hartu du. Izan ere, 90. hamarkadan itzelezko arrakasta izan zuen Mutrikuko taldeak argitartu zuen ‘Boga Boga’ abestiak.
Aurtengo Herri Urratseko lema ‘Boga’ da eta Emile Negeluak oroitarazi duenez, jada 2011. urteko Ibilaldian lelo bera erabili zuten Ondarrun. Modu horretan «elkarlana irudikatu» nahi izan dutela azaldu du koordinazio taldeko kideak.
Abestiaz gain, Bernat Etxepare Lizeoko ikasleek ‘Boga dantza!’ deitu duten koreografia bat asmatu dute eta antolatzaileek dantza hori bera grabatu eta partekatzeko deia luzatu dute, «bakoitzak nahi duen tokian, plazan, ikastolen aitzinean, etxean edo mendi tontorrean».
Berri onak eta Boga kanpaina
Herri Urratsen, besta, lana eta dirua biltzeaz gain, urtean zehar hizkuntza politikan izan diren auziei buruzko gogoeta egin ohi denez Jorajuriak hartu du hitza: «Aurten dudarik gabe, Pariseko asanblea nazionalak Gobernuaren iritziaren kontra onartu duen hizkuntzen legea dugu aipagai».
Seaskako lehendakariaren iritziz «urte luzez egindako lan kolektibo baten emaitza izan da». «Euskarazko eskaintza eskola publiko guztietara heda dadin eta murgiltze eredua legeztatu dadin urrats izigarria» izan dela nabarmendu du. Bere hitzetan, «Seaskak bere pisu guzia ezarri du lege hori onar zedin eta lortu dugu».
Ordea, oraindik egiteko bide luzea dagoela ohartarazi du Seaskako lehendakariak: «Lege bat ukaitea urrats handia da, baina borroka ez dugu horretan utziko, Seaska mailan baditugu bi arrangura nagusi, batetik brebeta eta baxoko azterketak euskaraz pasa ahal izatea, eta, bestetik, egoitza publikoen finantzaketari dagokiona, duela 50. urtetik ikastolentzat oztopo nagusia dena».
Horregatik, zailtasun guztiei aurre egin ahal izateko Boga kanpaina diru bilketak duen garrantzia azpimarratu du Jorajuriak. Hots, kolegio berria eraikitzeko urtarrilean aurkeztu zuten Boga kanpaina indarrean da eta jada 45.000 euro bildu dituzte, ondorioz parte hartu duten elkarte eta norbanakoei «milesker eta zorionak» helarazi dizkiete, baina oroitarazi dute, «300.000 euro lortu behar ditugula».
Horrez gain, maiatzaren 9an egingo diren ekimenetan «diru sartze ttipiak» zihurtatzeko «Boga jantzien salmenta bidean» dela jakin arazi du marradun diseiuna duen kamiseta soinean zeraman Beñat Bidegainek.