INFO

Ikasleek pandemian bizi duten egoera salatzeko mobilizaziora deitu du Ikamak

‘Nazkatuta gaudelako, ikasleria martxan’ lelopean mobilizazio egunera deitu ditu Ikamak ikasleak hilaren 21erako. Pandemia dela eta ikastetxeetan ezarritako neurriak salatzen dituzte, aldez aurretik zeuden arazoak sakondu dituztelakoan, ikasleen eskubideak murriztuz.

Ikastola bateko gela. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Pandemia egoeran ikasleek bizi duten egoera salatzeko mobilizazio eguna antolatu du Ikamak hilaren 21erako ‘Nazkatuta gaudelako, ikasleria martxan’ lelopean.

«Dagoeneko sei hilabete pasa dira Euskal Herri osoko ikasleok ikasturtea hasi genuenetik. Hilabete guzti hauek egunetik egunerako oztopo lasterketa amaigabe bat izan dira. Nazkatuta gaude, haserre eta amorratuta gaude. Iritsi da ordua ikasleria kalera atera eta aho batez nahikoa dela esateko. Ikasturte hasiera inoizko zailena izan zen guretzat covid-19aren eraginez, baina batez ere, birusaren aurrean hartu ez zituzten neurrien eraginez. Irailaren 12tik aurrera parez pare genuen desfasea salatu eta modu seguruan ikasteko dugun eskubidea aldarrikatu genuen. Hezkuntza komunitatearekin batera antolatu ginen egoerari modu kolektiboan erantzuteko asmoz, borroka hori hezkuntza komunitate osoaren borrokatzat ulertzen genuelako», adierazi du Ikamak.

«Hala ere, heziguneetan osasun baldintzak bermatu gabe garatu behar izan dugu jarduna. Kalean harreman sozialak murrizten zituzten bitartean, ikasgelek masifikatuta jarraitzen zuten. Honen aurrean ‘Kalean 6, Klasean 26’ salaketa kanpaina martxan jarri genuen, egoeraren zentzugabekeria azaleratzeko. Hau gutxi balitz, heziguneetan izugarri areagotzen joan da kontrol sozial zein poliziala eta ikasleok etengabe jazarriak izaten ari gara. Burua makurtu ez eta ‘Ez Gaituzue Kontrolatuko’ dinamika garatu genuen ikasleon testigantzak sozializatzeko. Finean, ikasleok hilabeteak daramatzagu covid 19ak areagotutako egoeraren aurrean hezigunez hezigune antolatzen eta borrokatzen», gaineratu du.

Okerrera

Pandemiaren aurretik zeuden arazoak okertu direla nabarmendu eta gero, koronabirusak egoera okertu duela nabarmendu du Ikamak. «Ehunka izan dira itxi behar izan diren ikasgela edota heziguneak, horren adibide azken asteetan agintari politikoen utzikeriagatik kutsaketa masibo baten egoerara iritsi diren Judimendiko eskola, El Carmen edota Ibarrekolanda ikastetxea. Egoeraren karga hezkuntza komunitatearen gain erori da, guraso, irakasle, zuzendari eta batez ere, ikasleon gain. Egoera hau modu batean edo bestean katastrofikoa izatera iritsi ez bada arrazoi bakar bategatik izan da, ikasleon ardura eta hezkuntza komunitatearen elkar zaintzari esker», salatu dute.

«Honek guztiak gelditzera behartu gaitu, nazkatuta gaudela esan eta mahai gainean kolpe bat ematera. Ikasleok beti izan gara koiunturari aurre egiten eta gure neurrira eraikitako hezkuntza sistema baten alde lehen lerroan kokatu garen subjektua. Oraingoan ez gara gutxiago izango, ezin gara gutxiago izan. Ikastetxez ikastetxe ikasle asanbladetan antolatzen jarraitzea ezinbestekoa izango da ikasgelak hustu eta kaleak betetzeko, biak ala biak aldarriz bete eta jendarteari zein hezkuntza agintariei hemen gaudela erakutsiz, ikasleok behar ditugun neurriak exijitu eta hezkuntza ereduen erdigunean kokatzeko borrokatzera goaz!», aldarrikatu dute.