Baskonia eta Bilbao Basket, txanponaren aurkia eta ifrentzua ACB Ligako partida bezperan
Playoffetan sartzeko borrokan ari den Unicajaren aurka jokatuko dute bilbotarrek ostegun gauean, joan den asteburuko jardunaldi txarra gainditu nahian. Gasteiztarrek, berriz, ACB Ligan jarraitu nahi duen Estudiantes hartuko du Buesa Arenan arratsaldean.
Ostegun honetan jokatzen dute hala TD Systems Baskoniak nola RETAbet Bilbao Basketek. Nolabait esatearren, antzeko txanponaren aurkia eta ifrentzua izatea egokituko zaie talde biei, jeitsieratik borrokan eta playoffetako lehian daudenen arteko dema bi izango dituztelako. Alegia, Saski Baskoniak Estudiantesen aurka jokatuko du 18.30etan Buesa Arena pabilioian eta bilbotarek, berriz, Unicajaren kantxan jokatu beharko dute gaueko 21.15etan hasita.
Joan den astea ez da gozoegia izan ez batzuentzat ezta besteentzat ere. Bilbotarrek ez zuten partidarik jokatu, atsedena egokitu zitzaielako, baina jardunaldi ezin okerragoa bizi izan zuten, Betis, Fuenlabrada eta Obradoiroren garaipenekin. Ondorioz, jaitsiera postuetan murgilduta daude, azkenaurreko postuan zazpi garaipenekin. Gasteiztarrek ere Fase Erregularra hirugarren amaitzeko borrokan hanka sartu zuten Euroligatik at geratu eta hiru egunetara, UCAM Murtziaren aurka luzapenean galdu ostean.
Asteazken goiza baliatu dute euskal talde biotako entrenatzaileek bezperako iritzia emate aldera. Alex Mumbruk, esaterako, Bilbao Basketek kontrolatu ezin duenagatik taldea «ezin dela arduratu» azpimarratu du. «Guk jokatu edo ez, gure aurkari zuzenek beren partidak irabaztea aukera posible bat da. Gure buruari begiratu behar diogu eta zortzi norgehiagoka dauzkagu aurretik. Gure betebeharra ahal bezain beste garaipen lortzea da. Kitto!», gaineratu du Bilbao Basketeko entrenatzaileak.
Bilbao Basketek berez bi partida jokatu behar zituen asteon, baina larunbat arratsaldean Fuenlabradaren aurka jokatu beharreko dema atzeratu egin da, Madrilgo taldean covid-19 kasu batzuek azaldu direlako. Ondorioz, larunbatera begirako «finala» –bizkaitarren aurkari zuzena baita Fuenlabrada– ostegunera aurreratu zaie.
«Ezin gara begira egon aurrean zein dugun. Badakigu Unicajak kanpotik jokalari bikainak dituela: Brizuela, Jauie Fernandez, Waczynski, Francis Alonso... baina gureari begiratu behar diogu. Azkenera arte ekin behar diogu lanean, irabaziz gero zerura begira jarri gabe eta possotak badatoz goitik behera egiteke», adierazi du Mumbruk.
Aurkarien covid-19 kasuak direla-eta, Unicajak 19 egun daramatza partidarik jokatu ezinik eta horrez gain Carlos Suarez galdu dute pare bat hilabeterako giharretako arazoen erruz. Bere aldetik, sare sozialen bidez Bilbao Basket beste antolatzaile baten bila dabilela aditzera eman dute hainbat kazetarik, Jonathan Rousselle bere arazo fisikoei buelta eman ezinik dabilelako. Hala ere, Roussellek Malagarako bidaia egin du eta azken orduan erabakiko du Alex Mumbruk zein jokalari utzi deialditik kanpo. Azken asteetan Zyskowski edo Kulboka izan dira praka luzeak jantzita geratu direnak.
ACB Ligaren bila
Unicaja playoffetara sailkatzeko borrokan aurkitu behar badu Bilbao Basketek, Saski Baskoniak ere ACB Ligan gauza handiak egiteko nahia erakutsiko omen du Estudiantesen aurka.
«Denboraldiaren hasieran esan nuena diot orain ere. Gure helburua ACB Liga irabaztea da eta horixe izango da gure jokamoldea Estudiantesen aurrean», bota du Dusko Ivanovicek asteazkeneko prentsaurrekoan.
Bederatzi garaipenekin, Estudiantesek lan dezente aurreratu du ACB Ligan mailari eusteko. Alabaina, azkenengo jardunaldian egurra jasotzetik dator –101-77 Teneriferen aurka– eta Edwin Jackson gabe geratzeaz gain, JJ Barea, Djurisic eta Roberson azken ordura arte jokatu edo ez zalantzan izango omen dira. Ondorioz, Estudiantesek azken aldian egin dituen fitxaketek emaitza ona emanagatik, badirudi Gateizen jokalari horien bertsio txukunik gabe ariko direla.
«Estudiantes sailkapenean behean badago ere, fitxaketa berriekin erakutsi dute zeinahiri irabazteko gai direla. Beraz, gue %100a eman beharko dugu eta defentsan Murtzian aritu ginen baino hobetu jokatu beharko dugu», gaineratu du Montenegroko entrenatzaileak.
Bestalde, Baskoniak Murtzian Ilimane Diop galdu zuen atzamar bat luxatuta eta baita Luca Vildoza ere, oin batean izan zuen minaren erruz. Haserre zen Dusko Ivanovic Murtziako partida amaitu berritan Vildozarekin; atsedenaldiaz geroztik ez zuen jokatu eta «galdetu berari» erantzun zuen lehor kazetariek Vildozak zer ote zuen jakin guraz galdetu zutenean. Horrez gain, Pierria Henryk partidako ia 45 minutuak jokatu zituen, azken minutuetan herrenka aritu bazen ere. Printzipioz denak egongo dira jokatzeko prest, belaunean min hartuta dagoen Jekiri izan ezik.