Arrasate: «Ez dugu dena eginda dagoela pentsatu behar, lanean jarraitu behar dugu»
Entrenatzaile bizkaitarra pozik azaldu da Osasunak daraman bidearekin, eta datorren hiru partidako astean helburua lortuta utzi nahi luke, baina argi du Elcheren aurkako partida ez dela erraza izango. Manu Sanchez sartuko da hamaikakoan Juan Cruzen ordez.
Jagoba Arrasatek «pazientzia» eskatu die bere jokalariei igandean Elcheren aurka (Sadar, 14.00, MovistarLaLiga) garaipena lortu eta mailari eusteko helburua «ia ziurtatuta» uzteko, Berriatuako entrenatzaileak berak onartu duen moduan.
«Aste gozoa izan da, jokalariak alai somatu ditut, eta espero dut horrek konfiantza mailan ere eragin ona izatea», aipatu du Arrasatek aurreko astean Villarrealen aurka lortutako garaipen bikaina gogoratuz.
Bere hitzetan, azken garaipen horrek «energia extra» bat eman behar die jokalariei eta Elcheren aurka ere Osasuna «talde ausarta» izatea espero du, «aurkariaren zelaian jokatuz eta Elcheren atzelariak asko mugiaraziz».
«Talde ordenatua da, oso landua, eta ez da beraiei aukerak sortzea. Zehaztasun handia beharko dugu baloia mugitzerakoan, azkar ibili eta ahal denean min egiten saiatu», gaineratu du aurkariaz. Elche jaitsiera postuetan dago, baina Huesca eta Valladolid puntu bakarrera ditu.
Hamaikakoan ziurtatuta dagoen aldaketa bakarra ezker hegalekoa da, Manu Sanchez gazteak min hartuta dagoen Juan Cruzen lekua hartuko baitu. Arrasatek baieztatu duenez, Atleticotik etorritako mutilarekin «oso pozik» dago. «Mutil aparta da. Oso ongi entrenatzen ari da eta jokatzen duen bakoitzean lan bikaina egiten du», goraipatu du entrenatzaile bizkaitarrak.
Zazpi egunean Ligako hiru neurketa jokatuko direnez, sailkapenean asko egin daiteke gora edo behera denbora gutxian, eta horregatik Arrasatek burua hotz mantentzeko eskatu du: «Ea helburua lortzen dugun partida horietan, baina ez dugu dena eginda dagoela pentsatu behar. Gauzak zail jartzen direnean ez da ezer galdutzat eman behar, eta orain oso gertu dagoela ikusita ere lanean jarraitu behar da».
Juan Cruzenaz gain, taldeak dituen baja bakarrak Iñigo Perez eta Ruben Martinezenak dira, eta Arrasatek 24 jokalari sartu ditu deialdian. Hamaikakoa hauxe izan liteke: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Manu Sanchez; Roberto Torres, Moncayola, Torro, Javi Martinez, Ruben García; eta Budimir.
Elchen Fidel Chaves (zigortuta) eta Guido Carrillo (min hartuta) baja izango dira, baina Pablo Piatti itzuliko da bere arazo fisikoak gainditu ostean.