INFO

Osasun larrialdiak ageriago utzi du Garapenerako Lankidetzaren beharra

Garapenerako lankidetzan ari direnek ez diote «larrialdia samurtzeari» utzi, ez kanpoan ez hemen. Txosten batean jaso dutenez, covid-19ak gabezia asko areagotu ditu eta aurrerapauso asko arriskuan jarri, baina lankidetzarako sare sendoa izateak duen garrantzia egiaztatu du.

Osasun langile bat emakume bati tenperatura hartzen.

Prebentziorako materialen banaketa (xaboia, gel hidroalkoholikoa, musukoak..), osasun neurriei buruzko azalpenak eta aholkuak ematea, ekipamenduak, sendagaiak, tratamenduak, hezkuntza eskubidea bermatzeko baliabideak, genero desberdinkeriaren eta indarkeria matxistaren aurkako ekimenetan eta estrategietan laguntza ematea edo nekazaritzako ustiapen jasangarriak bultzatzea... Garapenerako lankidetzaren lan arloen sorta zabala pertsona zaurgarrienen beharrizanetara egokitu da denboran zehar. Urtebeteko pandemiarekin proiektuei beste buelta bat eman eta unean sortzen ziren premiei erantzuteko prest egon dira bai herrialde urrunetan dauden kooperanteak eta bai hemengo erakundeetatik proiektuei bultzada emateko lanetan ari direnak. Izurriteak gogor kolpatu du egoera ahulenean dagoen munduaren zatia, baina «aurreko hamarkadetan egindako lanak krisialdi honi aurre egiteko balio izan du», azpimarratu dute garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE).

Hala ere, osasun larrialdia arriskuan jartzen ari da pobrezia eta bazterkeria erauzteko eta giza eskubideen defentsan egindako aurrerapenak, azaldu dutenez. Izurritearen lehen urtea pasatuta, egindako lana eta bizi izandako guztia txosten batean bildu du 79 erakunde biltzen dituen EAEko koordinakundeak.

Bistakoa da egoera kalteberenean daudenak izurrite bikoitza eta hirukoitza pairatzen ari direla, eta ostera ere azaleratu da pertsona guztien arreta bermatzeko zerbitzu publiko indartsuek duten balioa. Beste errealitate bat egiaztatu da berriz ere: hirugarren sektorearen lanak duen garrantzia, beti, baina bereziki larrialdi egoera batean. Mundu osoan “Geratu zaitez etxean” leloa zabaldu eta sare publiko eta pribatuetako arreta zerbitzuetan etenaldiak izan zirenean, lankidetzan ari diren erakundeak herritar askoren sostengu nagusia edo bakarra izan dira, hemen eta herrialde pobretuenetan.

Ez urrutiko herrialdeetan eta ez hemen, lankidetza proiektuak ez dira geratu. Hori bai, egoera aldakor honen erdian, unean sortzen ziren beharrizanetara egokitu behar izan dira askotan.

Afrika, Asia eta Erdialdeko zein Hegoaldeko Amerikako herrialdeetan laguntzen ari dira EAEko GGKE-ak, baita hemen ere. Txostenean kontatzen dute covid-19ak «txikizioak» ekarri dituela hainbat herrialdetara arlo ezberdinetan. Identifikatuta zituzten gabezia eta ahuleziak areagotu eta ikusgarriagoak egin dituela adierazi dute.

Oxfam mundu mailako erakundeak bildutako datuek egoeraren irudia egiteko balio dute: 40 milioi pertsona hiltzeko arriskuan daude, eta 500 milioi pobreziara bultzatuta. Munduko Bankuak berak 2020ko txostenean jasotakoa ekarri dute gogora: Covid-19ak 88 milioi lagun eraman ditu muturreko pobreziara, eta «abiapuntua» baino ez dela dio du.

Testuinguru horretan, garapenerako laguntzan jarduten dutenek ekonomia eredu nagusiak ahalbidetzen duen anomalia ere mahaigaineratu dute: munduko 62 lagun aberatsenek populazioaren erdiak bezainbeste baliabide dituzte. «Herri pobretuenetan pandemiari aurre egiteko behar diren baliabideak munduko hiru gizon aberatsenen aberastasunaren parekoak dira», azpimarratu dute.

Bitartean, zer-nolako egoerak agertu dira herri zaurgarrienetan? Herrialde askotan, ekonomia informala da familia askoren bizibidea. Konfinamenduek eta mugitzeko murrizketek jada oso kaltebera eta babesgabea den sistema are gehiago okertu dute, eta biztanleriaren prekarizazioa areagotu.

Berrogeialdiek eragindakoa

Berrogeialdiek, gainera, alfabetizaziorako proiektuak geldiarazi dituzte, mugen itxierek elikagai eta produktu askoren merkaturatzea galarazi dute, eta ondorioz elikagaien eskasiak egon dira. Senegalen, esaterako, Enraíza Derechos GGKE-ak azaldu duenez, murrizketen ondorioz elikagaien prezioak jaitsi eta uztak galdu egin dira, ezin zutelako ez tokiko merkatuetan ez kanpokoetan saldu, ezta kontserbatu ere. Horrek eragin zuzena izan du emakumeen egoera ekonomikoan, haiek aritzen baitira nagusiki elikagaien produkzioan, transformazioan eta komertzializazioan.

Osasun sistema ahuletan, orokorra izan da babeserako materialetan emandako laguntza, baina bestelako ondorioak ikusi dira. Mozambiken, Lankidetzarako Ingeniaritza (ICLI) erakundeak zehaztutakoaren arabera, hiesaren eta malariaren aurkako tratamenduak betetzeko arazoak izaten ari dira, osasun zentroetan kutsatzeko beldurra baitago.

Antzeko egoeran daude immunizazio programak, sexu eta ugalketa osasunekoak edo transmititu ezin diren gaixotasunen ingurukoak. Mugen Gainetik-eko ordezkariek kontatu dutenez, covid-19an zentratu da osasun arreta kasu askotan, beste gaixotasun batzuk eta erditzeko arreta, adibidez, alde batera utzita. Kasu askotan, kutsatzeko beldurragatik ospitaleetara joateari utzi diote komunitate askotan eta ondorioz, emakume asko etxean erditzen ari dira.

Pandemiak, bestalde, atzerapauso handiak ekarri ditu haur askoren eskubideetan. Mugen Gainetik GGKEak azaldutakoaren arabera, Chiapasen, «familia askok Interneterako konexioa zuten ordenagailuak edo telefono mugikorrak erosi behar izan zituzten eskolak jarraitzeko eta, ondorioz, emakume nekazariek beren animaliak saldu behar izan zituzten». «Eskola uzte asko izan dira ikastetxeak itxi direlako eta klaseak etxetik jarraitzeko zailtasunak izan direlako. Ondorioz, gazte askok familiaren negozioan lan egitea erabaki dute: kaleko salmentan edo meatzeetan», zehaztu dute txostenean.

Herri askotan gelen itxierak dilema handia planteatzen zuen, gainera, eskolara ez joateak abusuak jasateko arriskua areagotzen baitu herrialde askotan, eta ikasleak lan egitera behartuak izaten baitira.

Eskuak garbitu, non?

GGKE-ek azaldu dute, bestalde, familia askoren ahultasun egoerarekin lotuta, etxe askotan oinarrizko neurriak era ulergarri batean azaltzeko lana ere egin dela, informazioa eta azalpenak behar bezala heltzen ez diren etxe askotan prebentzioa ziurtatuz. Baina familia askok ez dute etxebizitza duina izateko aukerarik, espazio txikietan edo populazio dentsitate handikoetan bizi dira, edo ez dute edateko urik... eta horrek birusaren transmisioa errazten du.

Kasu horretan daude, adibidez, herritar palestinarrak, bereziki Gazako zerrendan. Nerea Uriartek azaldu duenez, Bilbo eta inguruaren antzeko azalera batean bi milioi lagun baino gehiago bizi dira, eta horietatik 1,3 milioi Palestinako errefuxiatuak dira. «Munduko dentsitaterik altuena dago han», UNRWA-Euskadiko ordezkariak nabarmendu duenez. Dentsitate horrekin, oso zaila da birusaren hedapena kontrolatzeko oinarrizko neurriak betetzea, baina ez da arazo bakarra, «Gazako zerrenda okupaziopean dago, eta gainera 2006tik blokeoa dauka, lurretik, airetik eta itsasotik», eta horrek esan nahi du «pertsonak, merkantziak, elikagaiak... ezin direla sartu, ezta atera ere».

Horri gehitu behar zaio Israelen ofentsiben ondorioz, edateko uren plantak suntsituta daudela. Uriartek zehaztu duenez, blokeoak balio izan zuen hasieran birusa kanpoan mantentzeko baina behin sartuta abiada handia hartu du. Pasa den astearteko datuen arabera, egunero 1.500 kutsatu berri daude; Gazan 83.000 kutsatu baino gehiago daude, eta 216.349, Zisjordanian. Pandemian, 121.000 lagunek galdu dute lana, horien artean Israelera lan egitera pasatzen ziren 25.000 langile palestinar.

Bertan, gainera, txertoen politikaren irudi beltzenetako bat agertu da, errefuxiatu palestinarrei laguntza ematen dien erakundeak ohartarazi duenez. Populazio osoa covid-19aren aurkako txertoa jarrita izatetik gertu dagoen Israelek herritar palestinarrei txertoa jartzeko erantzukizuna dauka legez, baina ez da betetzen ari.

GGKE-ek ohartarazi dute, bestalde, mundu osoan eragina duen klima aldaketa bezalako larrialdi baten aurrean, ingurumena historian aurrekaririk ez duen erritmo batean suntsitzen ari dela. Nabarmendu dutenez, Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldearen arabera (IPCC), hamar urte eskas daude klimaren beroketaren ondorioak gelditzeko. Aipamena ez da edonolakoa, ezaguna baita muturreko fenomeno meteorologikoek zer ondorio dituzten, hain zuzen ere, egoera zaurgarrienean daudenen artean. Horregatik, garapenerako GKE-ek bultzatutako proiektu asko errealitate horri begirakoak dira.

Balantzeak beste eskaera bat utzi du: ongizate kolektiboa defendatzen duten politika publikoen beharra. Azpimarratu dutenez, munduko punta batean gertatzen denak planetaren beste puntan izan dezake eragina, eta horren adibide argia da bizitzen ari garen covid-19aren pandemia. Ekosistemen suntsiketaren ondorioz gertatutako zoonosiak, adibidez, mundu osoan zabaldu du birus hilgarri bat eta, horren aurrean, osasunerako eskubide unibertsalak ziurtatuko du pertsona guztien ongizatea eta krisialdi honetatik irteteko bidea.

Horren barruan koka daiteke txertoen banaketa bidezkoa, eta bistakoa den errealitate bat azpimarratu behar izan dute: «Pandemiari amaiera emateko ezin ditugu txertatu herrialdeko pertsona batzuk bakarrik». Covid-19aren aurkako txertoen gaineko patenteak «birusa garaitzeko arazo nagusietako bat» direla nabarmendu dute. Ez hori bakarrik, Euskadi-Kuba erakundeak adierazi duenez, beste osasun krisi batzuen aurkako borrokan ibilbide luzea eta sistema espezializatua du Kubak; txertoak eta sendagaiak garatzen ari da eta horrez gain bere osasun profesionalak ere eskaintzen ditu kontinenteen erronkari aurre egiteko. «Hala ere, blokeoa gogortu egin da, eta pandemiaren aurkako aurrerapen medikoak finantzatzeko nazioarteko dohaintzak Kubaraino iristea eragozten du horrek».

Egoera zail asko eta eskaera nagusi bi

Mundu osoko herrialde guztietan sortu den testuinguru ekonomiko zail horretan, EAEko GGKE-ek aitortu egin dute hemengo instituzioek lankidetzarako politikei eusteko egindako ahalegina, baina «egiten duten lana indartzeko» lankidetza politikak blindatzeko eskatu die koordinadorak.

Txostenak hainbat proposamen bildu ditu «pertsonak erdigunean jarri eta atzean inor ez uzteko». Lehena, arlo guztietan eta mundu osoan «zerbitzu publikoak sendotzea eta haietan inbertitzea»; eta bigarrena, txertoarekin lotuta, covid-19aren «ondorioak arintzeko sendagaiak eta tratamenduak herritar guztientzat doan eskuratzeko aukera bermatzea».

Zaintza lanen balioespena sustatzeko eskaerarekin batera, «pertsona guztien askatasunak eta eskubideak bermatzea» da dokumentuan planteatu duten beste eskaera bat, baita «bilbadura soziala eta gizarte zibil antolatua sustatzea» ere. Larrialdia sortu zenetik, arretaren protagonista nagusiak, osasungintzaz gain, herritarren sareak izan dira.