INFO

Nafarroan D eredua hautatzeko deia egin dute euskalgintza eta hezkuntzako hainbat eragilek

Euskalgintzaren Kontseiluak, Behatokiak eta beste hainbat eragilek seme-alabak euskarazko D ereduan zein ikastoletan aurrematrikulatzeko deia egin diete Nafarroako gurasoei. Euskarazko ereduak norbanako zein komunitatean dakartzan «onurak» nabarmendu dituzte.

Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia eta beste eragile batzuen agerraldia D ereduaren inguruan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Hemendik aste batzuetara irekiko da Nafarroan matrikulazio-kanpaina eta, «elkarren arteko errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako gizartea helburu», euskarazko D eredua hautatzeko deia egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, euskalgintzako eta hezkuntzako eragileetako hainbat ordezkarik eta Nafarroako ikastetxe publiko zein ikastoletako hainbat gurasok Iruñean egindako agerraldian.

Eredu horrek norbanako zein komunitatean dakartzan «onurak» azpimarratu dituzte eragileek. «Askotarikoak gara Nafarroan eta elkarren arteko errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako gizartea aldarrikatzen dugu. Euskara da bide hori zabaltzeko dugun atea, eta oztopoak oztopo, ate horiek zabaltzen jarraitu behar dugu Nafarroa osoan», adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi den Paul Bilbaok eragileen izenean.

Kontseiluaz eta Behatokiaz gain, AEK, IKA, Euskaltzaleen Topagunea, UEU, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen, Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendarien Elkartea eta ikastetxe publiko zein Ikastoletako gurasoek ere hartu dute parte agerraldian.

Adierazi dutenez, guraso askok datozen asteetan hartuko duten erabakiak «eragin zuzena» izango du haien seme-alaben etorkizuneko hizkuntza-gaitasunetan, eta aurten euskarazko D ereduan aurrematrikulatzeko deia edo gonbidapena batera egin nahi izan dute aipatutako eragileek.

«Euskarak batu egiten du eta euskararen eta euskarazko hezkuntzaren inguruan gabiltzan eragileok besoak zabalik gaude komunitatea are handiagoa izateko, inor kanpoan ez uzteko, inor kanpoan ez geratzeko», azpimarratu du Bilbaok.

«Eredurik inklusiboena»

Era berean, D eredua eredurik «inklusiboena» dela adierazi du, eta «jakintzan, kohesioan, berdintasunean eta harremanetan» jarri nahi izan du fokua.

Ezagutzari dagokionez, euskarazko ereduak haurrei «beste edozein ereduk baino gehiago ematen dietela aldarrikatu» dute eragileek: «Hizkuntza bat ezagutzeko aukera eta, ondorioz, ingurunea euskararen betaurrekoetatik ikustea. Hain zuzen, jakintza hori Nafarroako errealitatea hobeto ulertzeko, Nafarroa bera sakonago ezagutzeko eta Nafarroan osoki bizitzeko gakoa da».

Berdintasunean oinarritutako gizartean ere jarri nahi izan dute azpimarra agerraldian. «Guk gizarte kohesionatua nahi dugu, herritar guztiek aukera berdinak izatea nahi dugu. Geurea irakatsi, baina besteena ezagutu, besteengandik ikasi», adierazi du Bilbaok.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari den Agurne Gaubekak ere hartu du hitza agerraldian; herritarren hizkuntza gaitasunak eta eskubideak izan ditu hizpide: «Euskarazko eredua ez da esperimentala. Hamarkadetako esperientzia duen eredua da. Alde batetik, euskara eta gaztelania menperatzeaz gain, hirugarren hizkuntza bat egoki menperatzea ahalbidetzen duen eredu bakarra da; bestetik, hizkuntza guztien balio eta garrantzi berdinaz jabetuz, tokiko kultura eta izaera anitzeko aitortza eta errespetua lantzeko balioko die haurrei, harremanetan bizikidetzan hezteko oinarrizko hazia eskainiz».