INFO

Oroitzapenei literatura forma eman die Aritz Galarragak ‘Gogoan dut’ liburuan

‘Gogoan dut’ liburu autobiografikoa eman du argitara Aritz Galarragak Pamiela argitaletxearekin. Oroitzapenak bildu eta jostearen emaitza da lan hau, memoria ariketa bat, belaunaldi batek bizitakoa ordezkatzen duena.

Aritz Galarraga, kaleratu berri duen ‘Gogoan dut’ eleberriarekin. (Gorka RUBIO/FOKU)

‘Gogoan dut’ liburua argitaratu du Aritz Galarragak Pamiela argitaletxearekin. Liburu honetan «ez dago konkistatzailerik, ez esploratzailerik». Egilearen, Aritz Galarragaren, bizitzaren kontakizuna dago, ez bereziki besteena baino interesgarriagoa delako; ez baitago, bere ustez, «egozentrismorik». Kontrakoa, «beste askorena bezala», Galarragaren bizitza arrunta jasotzen du ‘Gogoan dut’ eleberriak. Zeren, «agian, arruntasun horrek dauka balioa», egileak asteazkenean Donostiako Udal Liburutegian eskainitako aurkezpenean nabarmendu duen bezala.

Autobiografia bat kaleratu du Hondarribiko idazleak, bogan dagoen autofikziotik ihesi, memoria ariketa bat, oroimenen kate eta deslotzeetan egituratutakoa, literaturak ez beste ezerk apaindutakoa; belaunaldi baten kontakizuna, haiek bizitako munduaren galera.

«Ariketa pertsonal» baten moduan hasi zen gerora, idazleak halakorik espero gabe, literatur lana bilakatuko zen jolasa. «Oroitzapenak biltzen eta idazten hasi nintzen, etortzen zitzaizkidan bezala», aipatu du aurkezpenean. Paperera berreskuratutako oroitzapen horiekin ‘Argia’, ‘Berria’, ‘Deia’ edo kolaboratzen duen beste komunikabideetan esan beharrekoak laguntzea zuen helburu, edo ipuinen batean; liburua ez zen «beste nonbait». Baina oroitutakoak errepasatu eta literaturara eramateko indar nahikoa zutela ikusi zuen Aritz Galarragak. Horrela sortu zuen ‘Gogoan dut’, Pamiela argitaletxearekin batera.

Brainard-i segika

Memoria ariketa honek badu bestelako aurrekari bat. Joe Brainard idazle estatubatuarraren ‘I remember’ lana du abiapuntu eta ardatz. «‘I remeber’ zer zen? Gutxi-asko, liburu hau dena. Hasiera beti berdin bat, ia-ia otoitz baten formakoa, mantra bat. Eta kolpera, oroitzapen bat», esplikatu du Galarragak. Gertuago, Joseba Sarrionandiak ere idatzi zuen tankerako liburuxka bat, ‘Akordatzen’.

Brainardena bezala, bere liburua «ohiko memoria liburuez oso bestelakoa» dela dio Galarragak, oroitzapen txikien printzak agertuko dira, eta oroitzapenak direnez gero, egia osorik ezin da aurkitu hondarribiarraren eleberrian, izan ere, nork daki idazleak gogoratzen dituen moduan gertatu zirenik gauzak, hitz egin zirenik hitzak. Hala izanik ere, «egia balira bezala hitz egiten dute oroitzapenek» eta, paradoxikoki, jasotako oroimenek sortzen dute egia.

Modu batera, esploratzailea existitzen da, beraz, ‘Gogoan dut’ liburuan. Aritz Galarraga bera da, bere bizitzaren adin-erditik, 40 urterekin, aurretik jazotakoak bilatu eta jasotzen, memoria kapritxosoari entzunez, oroitzapen baten bila joan eta beste bat ekartzen dizunean.

Baina eleberri honek, egilearen autobiografiarekin batera, belaunaldi batek bizitakoa ekartzen du akordura, 30-50 adin tartean daudenena batez ere; edo «garai» batena, Pamielako editore Jose Angel Irigarayk zehaztu duen moduan.

Liburua unibertsala den arren, adin tarte horretako jendea identifikatuta sentituko da, haiek bizi izan duten munduaren galera edo galerarako bidea kontatzen baitu Galarragak, eta galera horrek, Aritz Galarragaren bizitzaren lehen erdiaren amaierak bezala, ekarriko duen dolua pairatzen du lanak. Ondo zahartzeko beharrezkoa.