INFO

Poliziaren «presentzia itogarria» salatu du Lekarozko Alkatetza Taldeak

Aroztegian obrak hasi direla eta horren aurrean antolatu diren protestak direla eta, poliziaren «presentzia itogarria» salatu du Lekarozko Alkatetza Taldeak. Bide batez, lanak baimenik gabe hasi direla nabarmendu du.

Aroztegian lanen kontra antolatu den akanpada. (BAZTANGO GAZTE ASANBLADA)

Egun hauetan Lekarotzen Aroztegian hasi diren obrak babesteko eta egitasmo honen aurka protesta egiteko bildu direnen kontra egiteko Baztango herri honetan dagoen «poliziaren presentzi itogarria» salatu du Alkatetza Taldeak.

«Herriaren borondatea errespetatu gabe, Aroztegiko egitasmo urbanistikoa inposatu zaigu, eta orain, inposizio horri, poliziaren etengabeko presentzia eta jazarpena gehitu behar zaizkio, gure herritik libre ibiltzeko aukerarik gabe», nabarmendu du Lekarozko Alkatetza Taldeak.

Baimenik gabe

Aroztegian hasi diren lanak baimen guztiak ez dituztela gogoratu du, 2019ko uztailean Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak bertan behera utzi baitzituen lanak esleitzeko prozedura. «Hala ere, aipatu sententziari jaramonik egin gabe, lanekin hasi dira eta hamarnaka arbola bota dituzte dagoeneko, bertzeak bertze, ehunka urte zituzten haritzak. Horrekin batera, edota horrelako suntsipenak altxapean egin ahal izateko, inguruko bide publiko guziak itxi dituzte, herritarrei pasoa galaraziz», salatu du.

Honekin batera, Lekaroz herrian barna eta herriko plazan bertan poliziaren presentzia nabarmena dela gaineratu du, «herritarrak han eta hemen identifikatuz eta mehatxatuz». 

Gauzak horrela, Lekarozko Alkatetza Taldetik «poliziaren presentzia itogarria zein herritarrak jasaten ari diren jazarpena» salatu dute, bide batez «herriko bazterrak defendatzeagatik nolabaiteko jazarpena jaso ahal izan duen pertsona orori» elkartasuna adierazi diotelarik.