INFO

«Bizitzak etekinen gainetik» jartzearen beharra nabarmendu du Emakumeen Mundu Martxak

‘Gure bizitzek haien etekinak baino gehiago balio dute’ kanpaina jarri du martxan, kontsumo ereduaz eta honen ondorioez hausnartzeko. Bide horretan, ehungintzako hainbat enpresa handitan egindako ekintza ere zabaldu dute.


Apirilaren 24a nazioarteko borroka eta salaketa eguna da Emakumeen Mundu Martxarentzat. Data horretan, 2013an, gertatutako Bangladesheko Rana Plaza dorreen erorketa gogorara ekartzen dute, non ehungintzan lan egiten zuten 1000 emakume baino gehiagok bizitza galdu zuten. Ezbehar hura «lan egitera behartuak zeuden baldintza anker eta prekarioen ondorioz» izan zela gogoratu dute ohar baten bdiez.

«Nazioarteko elkartasun feministaren eguna da, bizitzaren gaineko irabazien aurkako gure borrokak bideratzeko eta mundu osoan gure gorputzak eta lurraldeak urratzen dituzten enpresa handiek egiten dituzten eskubide urraketak salatzeko». Eta bide horretan ‘Gure bizitzek haien etekinak baino gehiago balio dute’ kanpaina jarri dute martxan.

Honen bitartez, «kontsumo ereduaren eta horren ondorion» hausnartzeko beharra zabaldu du Emakumeen Mundu Martxak.

Bide beretik, kale ekintza baten berri eman dute bideo baten bitartez. «Ehungintzan hilketa gehiagorik ez» afixak itsasi dituzte sektoreko enpresa handietako hainbat dendetan eta gauza bera egiteko proposamen luzatu diete herritarrei.

Bihar Nazioarteko Mundu Martxa plataformak antolatu duen ‘Solidariedad Feminista Internacional Contra El Poder De Las Transnacionales’ webinarioan parte-hartzeko gonbitea egin dute.