INFO

Obsesioak gainditu instituzio eta herri eragileen hibridazioa bilatzeko

Iratzar Fundazioaren ‘Instituziogintza eraldatuz’ jardunaldien baitan instituzioen eta herri eragileen elkarlanaren beharraz hausnartu dute Pello Otxandianok eta Eoin Ó Broinek. Ezkerretik instituzioak herritarren zerbitzura jartzeko bideak urratu dituzte hizketaldian.

Patri Perales eta Pello Otxandiano, ostiraleko panelean.

‘Boterea okupatu (elkar)bizitza ona eraikitzeko’ izena eman diote Iratzar Fundazioak ostegun eta ostiral honetarako antolatutako ‘Instituziogintza eraldatuz’ jardunaldien baitako bigarren panelari. Pello Otxandiano Sortuko Herrigintza idazkaria eta Eoin Ó Broin Sinn Féinneko parlamentaria Dublinen aritu dira instituzio publikoen eta herritarren arteko elkarlana nola bideratu eztabaidatzen; Patri Perales EH Bilduko Nafarroako legebiltzarkidea gidari.

Iratzar Fundazioaren Donostiako egoitzatik aritu dira Otxandiano eta Perales, eta pantailaren atzetik, Irlandan, Ó Broin. Hangoak eta hemengoak kontatutakoak, halere, iradoki dute errealitateak ez direla hain bestelakoak Irlanda eta Euskal Herriko instituziogintzan, ezta ere hori bera eraldatzeko urgentzia.

«Demokrazia liberalaren krisia» iritsi dela nabarmendu du Sortukoak, eta horren sintoma da, bere ustez, krisi politikoaz jabetu diren alderdiek «gobernantza» hitza darabiltela etengabe, nork nahi dion abizena jarrita; konturatu direlako diskurtsoa eta estetika aldatu behar direla benetan herritarrengana iritsi nahi badute. Baina gobernantzaren bueltako diskurtso horiek maiz «estetikara» mugatzen dira eta horrek badu, Otxandianoren ustez, arrisku berezi bat: «Demokrazia liberala legitimatzea». Ez da nahikoa bere aburuz: «Hain da bortitza datorren aldaketa, ez dagoela balioko duen marketing kanpainarik».

Aurrerantzean gehiago sakonduko den krisi politikoaren aurrean, «ezker soberanistari dagokio pentsatzea nola jarri sistema instituzionala eraldaketaren eta herritarren zerbitzura».

Etorkizuna erabakitzeko ariketak

Zerotik hasi du bere hizketaldia Eoin Ó Broinek. Lehenik eta behin, iritzi du, instituzioen inguruan hitz egiteko ezkerreko alderdiek beraien «obsesio» eta «antsietateak» gainditu behar dituztela erakunde hauekiko, ezkerreko mugimenduetan joera baitako pentsatzeko «instituzioa eragile negatiboa dela statu quo ekonomiko eta politikoetan». «Baina borrokarako guneak dira, beste edozein bezala. Kaleko politikatik gatozenok kontuan izan beharko genuke herri mugimenduek erakundeekin elkar-ekintzan egin behar dutela lan. Egiazko auzia ez da erakundeetara goazen edo ez, erakundeak okupatu behar dira, aldaketarako tresna bilakatu. Galdera da behin hor gaudela nola egin behar dugun borroka», agertu du.

Sinple eta argi erantzun diote Ó Broinek eta Otxandianok galderari: gizarte mugimenduek eta instituzioek elkarren beharra dute, ezin dute eragin elkarri bizkarra emanez. «Garbi izan beharko genuke denok, herri mugimenduetan eta instituzioetan ari den jendeak, batzuk zein besteek, nork bere kabuz ezin duela eraldaketa prozesu sakon bat egin. Ezin diote elkarri bizkarra eman. Jarri behar ditugu oinarrizko joko-arau batzuk elkarrekintza bat egon behar dadin», esan du Otxandianok.

Eta erakundeek badute zentzu horretan erronka bat, herri mobilizazioa bermatzeko hautua egin behar baitute. «Kaleko presioa erabili behar dugu lortu nahi dugun hori lortzeko, esan du», esan du Sinn Féin-ekoak.

Pello Otxandianok ohartarazi duenez, ez da nahikoa gizarte zibilari demokrazia kolaboratiboaren izenean hitza eman baina politika egiteko gaitasuna erauztea, herritarren ahalduntzea instituzioen kalteko izango den beldur. «Gaur egun, hegemonikoak diren alderdiek ez dute pentsatzen nola ahaldundu gizartea. Saiatuko dira edozein parte hartze prozesu instrumentalizatzen. Esango nuke hegemonia neoliberala pitzatu dela. Ez da gainditu neoliberalismoa, baina ireki dira pitzadura batzuk nondik muturra sartu genezakeen».

«Gure etorkizunaren inguruan hausnartuko duten ariketa errealak» martxan jarri behar direla defendatu du Otxandianok, instituzioen eta herritarren arteko «hibridazioa» bilatu, eta Euskal Herriak horretarako zoru eta indarra badituela segurtatu du. Batez ere dimentsio lokalean, «botere munizipalista» handia dagoelako, «eraldatzailea eta ezkerrekoa», «Europa mailan erreferente izan daitekeena».

Arazoa da, Sortuko Herrigintza idazkariaren iritziz, ez zaiola behar besteko garrantzia ematen udalgintzari. Adibide gisa esan du EAEn Udalek gastu publikoaren %13a soilik kudeatzen dutela, herrialde nordikoetan %70aren jabe diren bitartean. Horregatik, «sistema instituzionalaren deszentralizazio egiturazko» bat aldarrikatu du, botere politikoaren birbanaketa eta udalen indartzea ekarriko duena.

Udalgintza indartzearena instituziogintza eraldatzeko behetik-gorako estrategia litzateke, baina, aldi berean, goitik-beherakoari ere arreta jarri behar zaiola iritzi du Sortuko idazkariak, hau da, instituzioetatik abiatzen diren parte-hartze prozesuei. «Goitik-beherako horrekin ari naiz planteatzen maila makroan nola eman daitezkeen instituzioen eta gizarte zibil antolatuaren hibridazio prozesuak, nola bultzatu parte hartze prozesuak gure etorkizuna baldintzatu dezaketen gaien inguruan», azaldu du.

Euskal Herrian horrelako prozesuak martxan jartzeko aukerak daudela iritzi du, adibidez, klimaren auzian. «Erakunde eta herritarren parte hartzea beharko litzateke, instituzioek arautua, deliberatzeko trantsizio ekologikoa garatzeko zein politika egin beharko liratekeen, eta politika horien gainean zer fiskalitate ezarri beharko litzakeen», agertu du.

Burujabetza

«Jendeak ulertu behar du aldaketak Konstituzio mailara iritsi behar direla eta horrek zerikusi handia duela autodeterminazio nazionalarekin», adierazi du Sinn Féineko parlamentariak, burujabetzaren gaia eztabaidara ekarrita.

Ados agertu da Sortukoa ere: «EH Bilduk ponentzian esaten du orain arte burujabetza formalari arreta asko eman diogula, eta gure imajinario eta diskurtso soberanista eskubide nazionalen aldarrikapenean kokatu dugula. Bide hori ez dugu agortu behar, pultsu demokratiko hori indartu beharra dagoelako, baina horrekin batera, eta agian lehentasunez, erdigunera ekarri behar dugu burujabetza materialaren eztabaida. Planteatu behar da nola euskal eskala izan daitekeen berdintasun demokratiko baterako eskala apropos bat. Etxebizitza politikaz, osasun sistemaz, zaintzaren krisiaz, klimaren erronkaz, krisi demografikoaz, hitz egiten hasi behar dugu. Gure alde daukaguna da eztabaida horietako bakoitzak nahiko erraz eramaten gaituela burujabetza formal baten beharrera».