Hiru asteko etenaldiaren ostean ikasgeletara itzuli dira Ipar Euskal Herriko haurrak
Gobernu frantsesak iragarri zituen autest probak egiteko gailuak ez dira iritsi. Lehengo ia neurri berberekin itzuli dira ama eskola eta lehen mailako ikasleak eskolara. Kolegio eta Lizeoetako ikasleek beste astebete egingo dute etxean.
Hiru asteko etenaldiaren ostean eskolara itzuli dira ama eskola eta lehen mailako ikasleak Ipar Euskal Herrian. Gobernu frantsesak neurri zorrotzagoak iragarri zituen gaurtik aurrera, hala nola autotest probak egin beharra, baina horretarako bitartekoak ez dira iritsi eta ikasleen itzulera normaltasun osoz burutu da. Kolegio eta Lizeoetako ikasleek, ordea, oraindik beste aste bat egin beharko dute etxetik lan egiten.
«Apirilaren 26tik aitzina edozein ikastetxetako langileek astero bi autotest jasoko dituzte dohain» eman zuen aditzera Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak eta guztira 50 milioi gailu banatuko zirela jakinarazi zuen. Horrez gain, 15 urtetik gorako ikasleen kasuan ikasle bakoitzak astean behin autotest probak egitea proposatzen du Gobernu frantsesak, baina ez da derrigorrezkoa izango eta betiere senideen oniritzia beharko da.
Gauzak honela, iritsi da apirilaren 26a eta ama eskola zein lehen mailako ikasleak izan dira eskolara itzultzen lehenak, baina Gobernu frantsesak iragarri zituen auototest probak egiteko gailuen inguruko berririk ez dute ukan oraindik ikastetxeetako zuzendariek.
Gainera, komunikabide frantsesak zabaltzen ari diren albisteen arabera ez da behar adina autotest gailu izango ikastetxe guztientzat. Hori nahikoa ez eta ‘Franceinfo’ hedabideak beste arazo bat ere izango dela iragarri du, «ez baitago ikasleei autotestak egiten irakasteko behar adina pertsonal».
«Sartze normala» Bidarten
«Guretzat egun normal bat da», adierazi du Kattalin Duhaldek, Bidarteko Uhabia ikastolako zuzendariak. Aitzitik, neurri berriak ere hizpide izan ditu: «Aldatzen den gauza bakarra da hemendik aitzina Covid kasu bat konfirmatzen bada gela ixten dela, lehen gela ixten zen soilik aldaera britainiar edo hegoafrikarreko covid kasua bazen».
Egungo osasun neurriak eragindako testuinguruan, «egun normal» bat izan da Bidarteko ikastolan. Gurasoak banaka iritsi dira haien haurrekin ikastolara, pilaketak ekiditeko, sarreran irakasle batek ongietorria eman die musukoekin iritsi diren haurrei eta, jarraian, haietako bakoitzak jada ezagun duen ikasgelarako bidea hartu du.
«Haurrak lasai eta kontent itzuli dira, lagunak berriz ikusteagatik, eta gu ere bai egia erran», aitortu du Duhaldek. Izan ere, ohikoa baino egun gehiago egin dituzte ikastolatik kanpo Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako haurrek.
Azkenean hiru asteko oporrak izan dituzte 11 urte bitarteko haurrek, zeren udaberriko oporretako bi asteak baliatu zituen Gobernu frantsesak eskolen itxiera iragartzeko. Bidarteko Uhabia ikastolako zuzendariaren iritziz, «bakantzen aitzineko astean, hiru egun etxean pasa zituzten, baina erranen dugu aski ongi pasatu dela».
Hamabi urtetik gorako ikasleek, alegia, kolegioan eta lizeoan diren ikasleek, beste aste bat egingo dute etxetik lan egiten, eta oraindik ez dago argi zein baldintzAtan itzuliko diren. Aste honetan zehar argituko dira Gobernu frantsesak eskaini behar dituen bitartekoen inguruko zalantzak.