Superliga alde batera utzi eta Txapeldunen Ligako finala dute helburu Madril eta Chelseak
Finalerdietako joaneko partida jokatu behar dute madrildarrek eta londrestarrek astearte honetan Alfredo di Stefano futbol-zelaian (21.00). Txapelketa honetan elkarren aurka arituko diren lehen aldia da.
Duela astebete Europako 12 taldek sorturiko Superligarekin jaiki zen futbol mundua eta egun edo ordu gutxiren buruan, zaleen kexa eta futbol-erakundeen mehatxuengatik, pikutara joan zen proiektua. Bertako sortzaileetako bi ziren Real Madrid eta Chelsea. Madrildarrek, Florentino Perez presidentea buru, txapelketa itxi honekin jarraitu nahi dute aurrera; ingelesak, aldiz, atzera pausoa eman eta baztertu egin ziren.
Testuinguru honetan, bi taldeak elkarren kontra arituko dira astearte honetan Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko partidan (Alfredo di Stefano futbol-zelaia, 21.00etan). Txapelketa honetan elkarren aurka jokatzen duten lehen aldia da.
Europan, ordea, jokatu dute elkarren kontra. 1971ko Rekopako finalean Chelseak irabazi zuen, eta 1998ko Superkopan ingelesak izan ziren berriro ere garaileak.
Hori bai, talde zuria Europako erregea da. Azken hamaika denboraldietan zortzi finalerdi jokatu ditu, eta oraingoa bederatzigarrena da. Berdin du Ligan edo Kopan gaizki dabilen, Txapeldunen Ligan aurpegia aldatu eta beste itxura bat ematen du Zinedin Zidanen taldeak.
Momentu honetan badirudi madrildarrak justu dabiltzala energia eta fisiko aldetik. Ligan lidertzara igotzeko aukera ederra galdu zuten asteburuan –zeinek daki azken aukera izan ote zen–, baina Benzema sekulako denboraldia egiten ari da –askok esaten duten bere momenturik onenean dagoela– eta badirudi Hazardek –duela bi udako fitxaketa handia– hamaikagarren lesioa atzean utzi duela bere talde ohiaren aurka aritzeko.
Chelsea, bederatzi urte finalik gabe
Chelseak esperantza handia du final batera iristeko bederatzi urte eta gero. Urtarrilean Thomas Tuchel entrenatzaile alemaniarra iritsi zen taldera eta asko hobetu dute Stamford Bridgekoek. Adibidez, lehen gol gehien jasotzen zuen taldeetako bat zen, eta orain 16 partida pilatu ditu gol bakar bat jaso gabe, atean Edouard Mendy edo Kepa Arrizabalaga egonda. Badirudi bizkaitarrak astearte honetan aulkitik ikusi beharko duela partida.
Eskemari dagokionez, bost defentsa eta hiru zentralekin aritzen da Tuchel –tartean Cesar Azpilicueta nafarra kapitaina dagoela–, eta horrek segurtasuna eman dio taldeari.
Arazo gehiago ditu aurrean. Entretzaile alemaniarrak ez du aurrelari titular bat aukeratu oraindik. Olivier Giroud esperientzia handiko jokalariarekin probatu du, baina partida guztia jokatu beharrean minutuak jokatzeko besterik ez omen dago; Tammy Abrahamekin ere probatu du, baina azken partidetan ez zaio ikusi ere egin; eta aposturik handiena Timo Wernerrekin egin du.
44 partidetan 11 gol besterik ez ditu sartu aurrelariak, baina azken neurketan garaipena eman zion Chelseari West Hamen kontra.
Tuchelek baja bakarra izango du, Mateo Kovacic Real Madrileko jokalari ohiarena hain zuzen ere. Zelai erdiari oreka ematen dion jokalaria da, baina astearte honetan ezin izango du jokatu. Itzuleko neurketarako espero zaio ordea.