INFO
Elkarrizketa
Maritxu Blanzaco
Osasun Agentziako burua Pirinio Atlantikoetan

«Birusak eragin apala duen eremuan zaila da neurriek duten emaitza zehaztea»

Covid-19aren aurkako neurri murriztaileak arintzeko xedez Emmanuel Macronek prestaturiko egutegiak izanen duen garapenaren zain, Akitania Berriko osasun agentziako ordezkari Maritxu Blanzacok hurbileko osasun egoera aztertu du.

Maritxu Blanzaco. (ARS)

Akitania Berria eskualdean, covid-19aren tasa metatu apalena duen lurraldea da Pirinio Atlantikoetako departamendua, Ipar Euskal Herria barne hartzen duena. Hala ere, Izturitzeko adinekoen egoitzan eta Kanboko osasun etxe batean berriki azaldu diren agerraldiek zuhur jokatu beharra dagoela erakusten dutela uste du Maritxu Blanzacok, eta, txertaketa prozesuak duen garrantzia nabarmenduz, pandemiak euskal lurraldeetan izan duen bilakaerari buruz bilan aski positiboa egin du.

Akitaniari zein Estatu osoari begiratuta, intzidentzia tasa metatu aski baxua du Pirinio Atlantikoetako departamenduak. Egoera egonkortu da?
4,3ko positibotasun tasa dugu departamenduan. Eguneroko datei erreparatu ordez, hobe da bilakaerari so egitea. Duela aste batzuk soilik Frantziako tasarik apalenetakoa genuen (50 kasu 100.000 biztanleko, aurreko 7 egunetan atzemandako kasuak neurtuta), baina azken astean abantzu bikoiztu egin da inoiz gurean sobera txarra izan ez den birusaren eragin maila. Hala eta guztiz ere, 100 kasuen langapean dago Pirinio Atlantikoetako departamendua; Akitania Berria eskualdean, anartean, 179,3 kasu dituzte eta Estatuan, 300.

Iazko abenduaren 15etik aurtengo urtarrilaren 15era arte etxeratze agindua 20.00etan ezarria zen. Horren ondotik 18.00etara igaro zen eta martxoaren 20tik landa 19.00etan eman zuten. Halako neurriek pandemiaren bilakaeran eragin positiboa dute?
Adierazle nagusien bilakaerari begiratuz gero, eragin nabarmenik ez da egon. Hala ere, eragina neurtzea ez da erraza. Ene ustez, birusaren hedapena oso azkarra den tokietan arrazoiak badaude esateko neurri zorrotzek birusaren presentzia ahultzea dakartela. Aitzitik, gure departamenduan oro har pandemiaren eragina aski ahula izan denez, neurrien ondorioak zehaztea zailagoa da.

Nola azaltzen duzu osasun egoera hobea izatea hemen?
Turista anitz heldu dira gurean konfinamendua igarotzera Pazko oporrak baliatuta baina, hala ere, alerta pizten duen %5eko langaren azpian gaude eta eskualde mailan positibotasun tasarik txikiena duen departamendua da gurea. Azalpen arrazionalik ez dugu egoera azaltzeko orduan. Zertzelada batzuk ematearren: positibotasun tasa altuagoa da Euskal Herrian Biarnon baino. Tasa metatua apaldu da adinekoen artean, eta horrek erakusten du aski ondo babestuta ditugula. Alta, aldaera britainiarraren bilakaera gertutik behatu behar dugu, %94,7ko prebalentzia baitu departamenduan atzematen diren kasuen artean.

Birusaren eragina beste lurraldeetan baino ahulagoa bada ere, erietxeetan presioa bada?
Covid-19a duten pazienteentzat egokitutako 40 bat ohe ditugu departamenduan. Baionan, egun, 27 ohe beteta daude. Bestalde, 11 bat herritar erreanimazioan daude. Azkeneko kopuru horretan Ile-de-Franceko erietxeetatik lekualdatu dituzten lau gaixo daude. Egoera kontrolpean dago eta saturazio arriskurik ez dago osasun zerbitzuetan. Hori erranik, osasun langileek lan zama oso handia ukan dute azkenengo urte honetan eta oso nekatuta daude. Egia da ebakuntzarik ez dugula gibelatu, baina Baionako erietxean ebakuntza bloke bat hetsirik dugula oraindik. Beraz, ez gara %110ean aurreko egoerara itzuli.

Txertaketa martxan bada ere, hainbat agerraldi atzeman berri dira gizarte zerbitzuetan.
Lehenik eta behin, errepikatu behar dugu txertatua izateak ez duela transmisioa guztiz galarazten. Izturitzeko egoitzan badugu agerraldi inportante bat. Horren jatorrian txertatu gabe ziren pertsona bi ziren. Kanboko osasun zentro batean bertze agerraldi bat atzeman dute baina, egoiliar guztiak txertatuta daudenez, ez dute gaitzaren forma larririk garatu. Diferentzia da kasu gehienetan hunkitua den jendea ez dela erietxera eraman behar eta jende asintomatiko anitz badela. Hori da frogarik onena txertaketak emaitzak ematen dituela esateko. Baita gogoratzeko ere distantziak errespetatzea eta maskara erabiltzea ezinbesteko keinu izaten jarraitzen dutela egoiliarrak bisitatzera joaten garenean, nahiz eta gu geu txertatuta izan.

Nola doa txertaketa?
Departamenduko biztanleen %27,4k jaso dute txertoa (Blanzaco dosi bat jaso duten 189.916 herritarrei buruz ari da; 78.462 herritarrek, hau da, departamenduko biztanleen %11,5ek, bigarren dosia ere jaso dute). Eskualdean baino erritmo azkarragoan txertatzen ari gara eta Janssen txertoari esker hitzorduen eskaintza aise emendatzea espero dugu.

Pandemiaren albo-kalteak aipatuz, medikuek ohar egin dute bai drogen kontsumoaren hazkundeari buruz bai gaitz psikologikoei buruz.
Aldez aurretik eremu horiei dagozkien datuak behar genituen bildurik izan, pandemia garaian arazo horiek izan duten garapena aztertu ahal izateko. Hots, horren gainean zifra zehatzik ez dugu oraindik. Psikiatria zerbitzuek ohar egin digute covid-19a duten gaixoek soilik ez, beste herritar batzuek dituzten arazoei buruz. Bestalde, ezagun da Hezkuntza Nazionaleko arduradunek nerabeen sufrimenduaz ohartarazi dutela.