Lorentxa Beyrie aske geratu da zigorra bete ostean, 20 urte geroago
Roanneko espetxetik atera eta Euskal Herrira itzuli da ia 20 urteko espetxe zigorra bete duen Lorentxa Beyrie. Lehen harrera egin diote ostiral honetan, eta bihar ekitaldi bat egingo dute Suprefeturaren zein Kanboko Herriko Etxearen oniritziarekin.
Ia 20 urteko espetxe zigorra bete ostean, etxera itzuli da Lorentxa Beyrie, kartzela 9.15ean atzean utzita. Lehen harrera Euskal Herrira iristean jaso du, hileko azken ostirala izaki, ohiko euskal presoen etxeratzea eskatzeko elkarretaratzeak Baiona eta Kanbo artean diren biribilguneetan egiteko deia luzatu baita.
Heldu da Lorentxa Beyrie Euskal Herrira. 20 urte espetxean eman ondoren Baiona eta Kanbo arteko biribilguneak jendez bete dira lehen harrera egiteko. Suprefeturak eta Kanboko udalak baimendurik ongi etorri ekitaldia bihar bere herrian. Bideoegilea: Juan Salazar. pic.twitter.com/hm36BxfYlk
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) April 30, 2021
Dena den, ongietorri ofiziala maiatzaren 1erako antolatu dute. Hots, arratsaldeko 14.00etan izango da ekitaldia larunbat honetan, Suprefeturaren zein Kanboko Herriko Etxearen oniritziarekin, beraz arazorik gabe burutu ahal izango da, betiere osasun neurriak errespetatuz.
Lorentxa Beyrie 2001eko abenduaren 12an atxilotu zuen Polizia frantsesak Gers departamenduan dagoen Auch hirian, Juan Ramon Karasatorre, Jose Ramon Lete eta Miren Orkolagarekin batera. Epaitua izan ostean 27 urteko espetxe zigorra ezarri zioten eta gaur irten da Euskal Herritik 683 kilometrora dagoen Roanneko espetxetik.
Hiru bider ukatu zioten baldintzapeko askatasuna preso lapurtarrari, 2013an, 2016an eta 2019an. Azken epaia berezia izan zen, izan ere baldintza zorrotzekin Kanboko presoa baldintzapean aske uztearen alde agertu zen epailea, baina prokuradoreak helegitea ezarri eta espetxean atxiki zuten Beyrie.
2019ko urriaren 15ean eman zuen Parisko zigorrak Betetzeko Auzitegiak azken epaia, Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak ezarritako argudioekin bat eginez, «reintzidentzia arriskua» argudiatu zuen epaileak eta baldintzapeko askatasuna ukatu zioten.
25 preso Estatu frantsesean
Euskal Herritik gertu emakumeentzako espetxerik ez dagoela argudiatuz Estatu frantsesak urruneko espetxeetan ditu Lorentxa aske geratu ostean gatibu jarraitzen duten emakumezko bost euskal presoak: Izaskun Lesaka, Ainhoa Ozaeta eta Iratxe Sorzabal Reau Sud Francillen espetxean, Euskal Herritik 925 kilometrora, Itziar Moreno bilbotarra Rennesen, 795 kilometrora, eta EPPKtik kanpo dagoen Saioa Sanchez, aipaturiko Ronneko espetxean.
Mutilen kasuan, Mont de Marsango espetxean zen Ander Mujika donostiarra aske geratu ostean –pasa den asteazkenean–, guztira 20 dira Estatu frantsesean gatibu dituzten gizonezko euskal presoak. Horietatik 7 Mont de Marsanen dira, Euskal Herritik 260 kilometrora, 11 preso Lannemezango kartzelan daude, 330 kilometrora, eta beste 2 preso Mureten, 425 kilometrora. Horiez gain, etxeko atxiloaldian dagoen Josu Urrutikoetxea gehitu behar zaie.
Estatu frantsesean diren presoen artean badira datozen hilabeteetan askatasuna berreskuratuko dutenak, esaterako, Didier Aguerre. Egun Lannemezanen den Pagolako presoa 2001eko irailetik dago gatibu eta oraindik irteera data zehatza ezarri ez badute ere, laster ateratzekoa da.