Sedekerskisek senda-agiria jaso du eta Saski Basoniaren entrenamenduetara itzuliko da
Koronabirusak jo zuen aurreneko kidea izan zen hegaleko lituaniarra eta bere atzetik beste lau kasu positibo izan ditu talde gasteiztarrak. «Berregokitze lanak» egingo ditu taldera itzuli aurretik. Ostegunean egindako proben arabera, ez dago falta diren lau kasuez gain beste inor covid-19az jota.
Badirudi Saski Baskonia hasi dela covid-19aren oldeari gain hartzen. Astelehenean bosgarren kasu bat atzeman bazuen talde gasteiztarrak, ostiral honetan Tadas Sedekerskis jokalariak senda-agiria jaso du koronabirusa negatibo bihurtu ostean.
Hegaleko lituaniarra izan zen Baskonia bete-betean jo duen olde honetan positibo eman zuen kasua eta bere ondotik beste lau taldekidek eman dute positibo. Hala, Unicajaren aurka etxean eta Gipuzkoa Basketen kontra jokatu beharreko neurketak bertan behera laga behar izan dituzte Dusko Ivanovicenek.
Sedekerskis lanera itzuli baldin bada ere, oraindik bakarka entrenatuko du, Saski Baskoniak bidali duen prentsa oharraren arabera. «Berregokitze lanak» egingo ditu hegaleko gazteak eta horiek burutu ondoren itzuliko da talde lanera.
Oraindik lau kasu positibo dauden arren, badirudi Baskoniak eten duela kutsatze katea; izan ere, ostegunean zehar egin dituzten PCR proben arabera, ez dago kasu positibo berririk. Hala, denbora kontua behar du, bestelako konplikaziorik ezean, falta diren lauek ere birusa negatibo egin eta senda-agiria jasotzea.
Dena dela, oraindik positibo direnak oraindik etxeetan bakartuta daude, beti ere Saski Baskoniaren mediku zerbitzuen zaintzapean.