Mobilizazioak Iruñera itzuli dira, langileriaren egoerak okerrera egin duen urte baten ostean
Bakoitza bere aldetik, bereizita mobilizatu dira sindikatuak Iruñean Maiatzaren Lehen honetan. Covid-19ak eragindako pandemiak sistemaren egiturazko arazoak areagotu dituztela ohartarazi dute, eta politika sozialetan eta ekonomikoetan egin beharreko aldaketa aldarrikatu dute sindikatu gehienek.
Joan den Maiatzaren Lehena atipikoa izan zen, etxean harrapatu gintuelako, eta sindikatu batzuek online ekitaldiak egin zituzten, zein egunetan geunden ez ahazteko. Bitartean, birusak guztiei berdin eragiten ziela zioen argudioa gezurtatu zuen. Datuak hor daude: baldintza sozioekonomikoek eragina dute, eta langileria arrisku handiagoan dago. Atzeraldi sakona espero da, edo hemen da dagoeneko, eta langile-klasearen bizi-baldintzek okerrera baino egin ez duten urte baten ostean, manifestazioak itzuli dira Iruñera larunbat honetan.
Euskal gehiengo sindikalak indarrak batu eta irudi komuna partekatu zuen iaz, herritarrei balkoietara ateratzeko deia eginez. Aurten, aldiz, mobilizazioak antolatu dituzte bai, baina bakoitza bere aldetik, deialdi desberdinekin, ordu eta leku desberdinetan, nahiz eta hauen artean metro gutxiko tartea egon.
LAB: greba orokor baten ordua iritsi da
LAB sindikatuak Iruñean deitutako manifestazioa 12.00ak aldera abiatu da Gaztelu plazatik, ‘Aldaketa da aukera!’ lemapean. Pentsioen aldeko, sektore feminizatuen aldeko eta zerbitzu publikoen aldeko pankartak ez dira falta izan 1.500 pertsona inguru bildu dituen manifestazioan. Ernaik ere bat egin du mobilizazioarekin, gazteen errealitatea agerian uzten zuen pankarta batekin. Hala, maiatzaren 7rako deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du gazte antolakundeak.
Askotarikoak izan dira oihukatu dituzten aldarriak, Iruñeko kaleak zeharkatzen zituzten bitartean: «Borroka da bide bakarra», «Accidente laboral, terrorismo patronal», «Independentzia, sozialismoa», «nativa o extranjera, la misma clase obrera» eta «Gobierne quien gobierne, las pensiones se defienden».
Gizarteari, ekonomiari eta ekologiari dagokionez, egungo sistemaren gabeziak nabarmendu ditu LAB Nafarroako bozeramaile den Imanol Karrerak, eta «eredu ekonomiko eta soziala aldatzeko beharra» azpimarratu du, «trantsizio ekosozial eta feminista baten bidez, bidezkoagoa den beste eredu baterantz aurrera egiteko».
LAB sindikatua Gaztelu Plazan. @naiz_info pic.twitter.com/D9VvJ5pSQG
— Ibai Azparren (@ibaiazparren) May 1, 2021
LABen ustez, egungo egoerak ekintza sindikal eta soziala eta borroka feminista eskatzen ditu, baita «mobilizazio ziklo berri bati ateak irekiko dizkion hurrengo greba orokorra antolatzea» beharrezkoa da ere; hori dela eta, sindikatuak «hurrengo greba orokorrari buruz hitz egiten hasteko» eta «horretarako beharrezkoak diren aliantzak eta akordioak» bilatzeko prest agertu da.
Krisi honi 2008koa bezala izango ez den irtenbidea eskatu, eta «aldaketa» bat eman behar dela azpimarratu du Karrerak, «prekarietatearekin amaituko duen eta askoz justuagoa den zerbait» ezarriko duten neurri sozialen eta laboralen bidez.
«LABek iaz uko egin zion erakundeek eta patronalak egin ziguten elkarlanerako deiari, bilatzen zeulako denak berdin jarrai dezala eta ezer alda ez dadila», gaineratu du.
Manifestazioa amaitu ostean, bozeramaileak salatu du CEN patronalak eta Polizia espainolak oso ondo ulertu dutela LABen jarrera, eta, horregatik, joan den astean «polizia operazio bat» egin zutela sindikatuaren aurka. «Bere mezua ulertu genuen, baina hemen doa gurea: ez gaituzue geldituko eta ez gaituzue gure bidetik aterako, kalean ikusiko dugu elkar eta azkeneraino borrokatuko dugu» aldarrikatu du.
ELA: «Erreforma fiskala beharrezkoa da»
Ehunka lagunek parte hartu dute ELAk Iruñean eta «Aldaketa garaia da» lelopean antolatu duen manifestazioan. Gurutze plazatik abiatu da eta, Merindadesetik igaro denean, garbiketa sektoreko langileen kontzentrazio batekin egin du topo, eta baita Nafarroako hitzarmen baten alde borrokan ari diren egoitzetako langileen beste kontrentrazio batekin.
Mobilizazioan enplegu-erregulazioko espedientearen aurka greban dauden H&M enpresako langileen panlkarta bat eta Vianako Defontaine Ibericaren deslokalizazioaren aurkako beste bat ere izan dira.
ELAk deitutako manifestazioa Nafarroako Parlamentuaren aurrean amaituko da. pic.twitter.com/LD35bhpJjP
— Ibai Azparren (@ibaiazparren) May 1, 2021
Azken ekitaldia Nafarroako Parlamentuaren aurrean egin da, Pili Savedra garbiketa sektoreko ordekariak eta Susana Laia sektore soziosanitarioko ordezkariak eta Imanol Pascual Nafarroako ELAko koordinatzaileak hartu dute hitza.
Pascualen hitzetan, milioika personen osasuna eta bizi baldintzak mehatxatzen dituen osasun-krisi baten erdian «aldaketa garaia» dela aldarrikatzen du ELAk, «gero eta handiagoak diren desberdintasun sozialei aurre egiteko».
Hala ere, Pacualen iritziz, ez dirudi hartu duen norabidea hori denik eta krisiari «beste irtenbide bat» emateko erreforma fiskala beharrezkoa dela esan du. «Nafarroan dugun zerga-sistemak ez du behar adina biltzen, bidegabea da eta errenta altuei eta kapital-errentei iruzur fiskala egitea ahalbidetzen du», gaineratu du.
Ildo horretan, Pascualek gogoratu du sei urte igaro direla UPN Nafarroako Jauregitik atera zutenetik, eta, hala ere, «orduko fiskalitatea daukagu». Hala, PSNk, Geroa Baik eta Podemosek osatzen duten Nafarroako Gobernuak zerga bdiegabea iraultzeko «inolako urratsik» eman ez duela kritikatu du. «Alderantziz, neurri fiskal bakarrak Enpresen Ondarearen gaineko zerga kentzea izan baita».
Gainera, «Europako funtsek dakartzaten murrizketak» kritikatu ditu eta «erabat inkoherentea» da ELArentzat funts hauen «murrizketa baldintzak kritikatzea» eta, aldi berean, horiek ahalbidetzea, «Izquierda Ezkerrak eta EH Bilduk aste honetan Lege Dekretua baliozkotzearekin egin duten bezala».
ESK, Steilas eta CGT
ESK, Steilas eta CGT sindikatuek batera egin dute manifestazioa Iruñean. Errekoleten plazatik abiatu den mobilizazioaren ostean, pandemiarekin «krisi ekonomikoak krisi sozialarekin bat egin» duela ohartarazi dute, baina «adoregabean ez erortzea» eskatu dute, «sistema berri» baten alde borrokatzea beharrezkoa delako.
«Ez genuen normaltasun berri bat nahi, zaharra ere ez genuelako onartzen», esan dute, eta «heteropatriarkatuaren, liberalismoaren eta gure lanpostuetan zapaltzen eta hiltzen gaituen sistemaren normaltasuna» salatu dute.
Halaber, Europatik datozen berreskuratze laguntzei buruz ohartarazi dute ere, eta «funts horietako asko mailegu moduan» datozela eta «baldintza batzuk betetzea» exijitzen dituztela ohartarazi dute.
«Historiako gobernurik aurrerakoiena dela esaten duen» hori kritikatu dute, «parteko orduen gehiegikeriari amaiera eman ez diolako» eta langilearentzat kaltegarriak diren lege erreformak onartu dituztelako. «Enpresei laguntzeko milioika euro mobilizatu diren bitartean, horiek ez dira lanpostu bihurtu», gaineratu dute.
UGT eta CCOO
CCOO eta UGT sindikatuek bat eginda atera dira kalera dute aurten ere Maiatzaren Lehenean. Manifestazioan oinarrizko sektoreetako langileak omendu dituzte pandemiaren garaian egindako lanagatik, eta gobernuei eta enpresaburuei «betetzeko garaia» dela eskatu diete.
«Txalo zaparradetatik. soldaten igoerara, enpleguaren egonkortasunera eta zerbitzu publikoen indartzera igaro behar da», esan du Chechu Rodriguez Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak, eta aldi baterako erregulazio espedienteak «pandemiaren lan inpaktua iritsiko den tokiraino iristea» eskatu du, baita politika sozialak eta fiskalak hobetzea ere.
Arratsaldeko mobilizazioak
Arratsaldean mobilizazioak egingo dira ere Iruñeko kaleetan zehar. Iruñerriko 22 elkarte, kolektibo eta eragile sozialek osatzen duten «M1 Soziala» ekimenak, manifestaziora deitu du, 17.30ean Iruñeko Baluarte plazatik abiatuko dena.
Iruñerriko Kontseilu Sozialistak manifestazioa deitu du ere, 18.00etan Sarasate pasealekutik abiatuko dena, «Iraultza sozialista antolatu» lemapean.