INFO

Pandemiak baldintzatuta aldaketa aldarrikatu dute Maiatzaren Lehenaren mobilizazioek

Mobilizazio ugari izaten ari da gaur Euskal Herrian. Sindikatu nagusiek «aldaketaren» beharra nabarmendu dute. Momentuak greba orokor bat eskatzen duela adierazi du LABek.


Bigarren urtez pandemiak baldintzatuta egin dira Maiatzaren Leheneko mobilizazioak. Iaz, balkoietatik, konfinamendu gogorraren garaian; aurten, «distantzia sozialari» erreparatuz herri askotan barreiatuta; betiere pandemiak berriro ere agerian utzitako errealitatea salatzeko –langileak, herri sektoreak eta sektore zaurgarriak izan ohi direla krisietan kaltetuak– eta beste zerbait behar dela nabarmentzeko. Aldaketa hitza erabili dute, esaterako, ELA eta LAB sindikatuek haien lematan.

LAB izan da mobilizazio gehien egin dituen sindikatua. 30etik gora, ia denak Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herriari dagokionez, LAB Baionako intersindikalaren deialdian egon da.

Lapurdiko hiriburuko mobilizazioa, bertatik Maite Ubiriak gure kazetariak kontatu duenez, jendetsua eta anitza izan da. Aldarrikapen ezberdinak kaleratu ditu.

Esate baterako, Baionako antzokia okupatzen duten artistek pandemiak eragindako krisia salatzeko txaloka hartu dituzte manifestariak Herriko Etxearen aitzinean.

Migratzaileen aldeko aldarria ere oso presente izan da pankartetan, eta gazteen blokea bereziki indartsua izan da. Euskal Herria ez dela salgai aldarrikatzeko oihuak bota dituzte, baita kapitalismoaren aurkakoak ere.  

Greba orokor bat deitzeko aukera

LABeko idazkari nagusia, Garbiñe Aranburu, Bilbon izan da. Kapitalismoak krisiak bere burua «berrantolatzeko eta indartzeko» aprobetxatzen dituela esan du. «Europako Funtsek dagoeneko finkatu dute joko-zelaia, kapital transnazionalen neurrira egindako susperraldi ekonomiko bat».

Enpleguaz ere mintzatu da: «Nori dagokio enplegua eta gutxieneko prestazioa bermatzea? Gobernuei. Eta zer egiten dute? Ezer ez. Patronalari aurpegia zuritu eta enplegua defendatzen ari direnen aurka polizia bidali, hori besterik ez». Esaldia Tubacexeko langileak gogoratuz borobildu du.

Aranburuk aipamen berezia egin die sektore feminizatuei, gazteei eta pentsiodunei, eta orain «aldaketaren» aldeko borroka sindikal eta sozial guztiak babestu behar direla adierazi du. Urrats bat gehiago egin du, greba orokor bat deitzeko aukera plazaratu baitu: «Momentuak beste greba orokor bat eskatzen du eta LAB hurrengo greba orokorrerako adostasunak lortzen hasteko prest dago, hitz egiten hasteko eta bide horretan adostasunak bilatzeko».

Bere esanetan, «alternatiba herri gisa abiatu behar dugu, herri burujabetza prozesuak bultzatuz. Aldaketa ezker subiranismoaren eta langileen lidergotik bultzatuko da edo ez da izango».

Mobilizazioari debekua

ELAk lau deialdi egin ditu gaurko, Hego Euskal Herriko hiriburu bakoitzean bana. Bilbon Mitxel Lakuntza idazkari nagusia izan da, eta bertatik pandemiaz aritu da lehen-lehenik. Berriro ere manifestazio eskubidea murriztu izana kritikatu du.

Lakuak enpresekin duen jokabidearekin alderatu du gaur herri batetik bestera manifestazio batera joateari jarritako debekua. «Covid agerraldien %70 eta %80 artean lantokietan gertatu da, Jaurlaritzaren arabera. Mugaren bat jarri al dute lantokien funtzionamenduan kutsatzeak murrizteko?», galdetu du Lakuntzak, segidan erantzuna emateko: «Bat ere ez. Ez dute enpresa bakar bat ere zigortu prebentzio neurriak behar bezala ez betetzeagatik. Baina hiltzen gaituen sistema kriminal hau salatzeko kalera atera nahi dugunean debekatu egiten digute».

Pandemiaren karira, txertoaz ere aritu da eta horko interes ekonomikoak salatu ditu: «Diru publikoz finantzatutako txertoak farmazeutika pribatuen esku daude; enpresa hauen negozioa da lehentasuna, ez milioika pertsonaren bizitza. Patente horiek liberatu egin behar dira, berehala».

ELAko idazkari nagusiak «aldaketa garaia» dela nabarmendu du: «Aldaketak nahi ditugu krisi honi ematen zaion irteera ez dadin izan 2008koa bezalakoa. Gehiegi ikusi eta ikasi dugu ordutik hona. Irteera bakarra ez dago; gu beste aldera goaz, ezkerreko atera. ‘Eskubide gehiago, murrizketa gutxiago’ dioen atera».

Beste mobilizazio batzuk

Hego Euskal Herriko hiriburuetan beste manifestazio batzuk egin dira. Alde batetik, Estatu mailako sindikatuen (CCOO eta UGT) deialdiak izan dira, eta, bestetik, ESK, CGT, eta Steilas sindikatuek elkarrekin egindako manifestazioak. Goiko argazki galerian ikusi daitezke horien irudiak.

Arratsaldez, hainbat ekimen eta mobilizazio egon da han eta hemen. Aipagarriena Iruñean egindakoa. 40 bat elkartek deituta manifestazioa egin dute aldarrikapen sozialean indar egiteko, ‘Nadie se queda atrás. M1 soziala. Elkarrekin aurrera’ lelopean. Besteak beste, ekologiaren eta osasun publikoaren alde egin dute oihu, baita arrazakeriaren kontra ere.