INFO

Bilbao Basket entrenamenduetara itzuliko da larunbatean, Miniotas, Balvin eta Kulboka gabe

Bilbao Basket larunbatean itzuliko da entrenamenduetara hamar eguneko konfinamendua bete ostean. Taldean hiru kasu positibo antzeman zituztela eta, protokoloa jarraitu behar izan zuten. Dena dela, Miniotas, Balvin eta Kulboka ez dira lanera itzuliko, oraindik ere sintomekin jarraitzen dutelako. 

Ondrej Balvin, Baskoniaren aurkako derbian, Miribillan. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Bilbao Basketek bete du hamar eguneko isolamendua, ACBko protokoloak ezarri legez. Taldean hiru koronabirus kasu positibo antzeman ziren eta horrek hamar egunez isolatuta egotera eraman ditu Mumbruk zuzendutako taldeko kideak. 

Hasiera batean Regimantas Miniotasen kasua soilik antzeman zuten eta honek, Valentziaren aurkako neurketa etxetik jarraitu behar izan zuen. Honen ondotik, baina, beste bi jokalariren kasu positiboak iragarri zituen klubak eta ostegun honetan jakin da horiek Ondrej Balvin eta Arnoldas Kuboka direla, oraindik ere birusaren sintoma batzuk sentitzen dituztela adierazi baitu Bilbao Basketek. Hala, hiru jokalari hauek oraindik ez dira itzuliko talde lanera. 

Esan bezala, larunbat honetan itzuliko dira gainontzeko jokalariak entrenamenduetara, denboraldia bukatzeko gelditzen zaien bost neurketa ondo prestatzeko asmoz. Jaitsiera saihesteko borrokan daude bilbotarrak eta bost jardunaldi horiek 12 egunetan jokatu beharko dituzte, covid-19a dela eta atzeratuta neurketei egutegian lekua egin behar izan baitie, azken jardunaldia, aurreikusita dagoen moduan, hilaren 23an jokatzeko. 

Fitxaketa bat

Koronabirusak eragindako ondorioei aurre egiteko, Bilbao Basketek jokalari berri bat ekartzeko asmoa daukala aurreratu du El Correo egunkariak, barneko jokoan dauzkan hutsuneak konpontze aldera. Honen arabera, Vasilis Kavvadas pibote greziarra fitxatzeko interesa agertu du klub bilbotarrak.