2021eko Ibilaldiak lau gune izango ditu, eta aldez aurretik izena eman beharko da
Ikastolen Elkarteak 2021eko maiatzaren 30ean Sopelan ospatuko den Ibilaldia aurkeztu du asteazken honetan. Osasun egoera dela eta, aurten lau gune izango dira herrian eta aldez aurretik izena eman beharko da programatutako jardueretara joateko.
Ikastolen Elkarteak Sopelan ospatuko den 2021eko Ibilaldia aurkeztu du asteazken honetan Euskaltzaindiaren egoitzan. Horrela, 2021eko maiatzaren 30ean, 2020-21 ikasturtean zehar Uribe-Kostan eta Leioan egingo diren ekimenei amaiera emanez Sopela udalerrian egingo da aurtengo ikastolen jaialdia, osasun baldintzetara egokitua.
«Batek baino gehiagok pentsa dezake oraingoa ez dela garairik aproposena Ibilaldia bezalako ekimenak prestatzen eta lantzen hasteko, azken hilabete hauetan bizitzen ari garen pandemiak guztiz baldintza dezakeelako proiektu horiek bideratzea eta gauzatzea, hor ditugu aurten bertan behera geratu diren hamaika ekimen, baina, aitzitik, orain inoiz baino beharrezkoago dugu Ibialdiak bere-bereak dituen balore horiek azalaraztea eta ekarpen berriak gizarteratzea. Berrogeitik gorako Ibilaldia antolatu ondoren ikastolen jaiak ez du gaurkotasunarik galdu, oraingoz ere sortu zeneko arrazoiek bizirik dirautelako, hain zuzen ere», azaldu dute antolatzaileek.
2021eko Ibilaldiak ez du ibilbiderik izango, ez janari eta edari zerbitzurik, ez kontzertu erraldoirik... Hala ere, lau gune nagusi izango ditu herrian zehar banatuta. Edizio honen ezaugarriak kontuan hartuta, ezinezkoa izango da gune batetik bestera mugitzea; erabiltzaileak aukeratu egin beharko du. Zentzu horretan, Ibilaldia egunean guneren batean parte hartu ahal izateko, bertan izango diren aktibitateez gozatzeko, aurretik Ibialaldiaren webgunean izena eman beharra izango da. Horrela egin ezean, ez da aukerarik izango Ibilaldiko guneetan sartzeko.
Guneak non kokatu aukeratzeko orduan irizpide nagusietako bat pandemiaren ondorioz bete behar diren osasun neurriak ahalik eta bermerik handienarekin egiteko aukera ematen duten lekuak izatea pentsatu da, besteak beste. Horrela, berezko babesa edota ixteko erraztasunak eman ditzaketen tokiak hautatu dira.
Beste alde batetik, guneak izendatzeko orduan ere berezitasunen bat eman nahi izan zaie eta horrela, bada, lau elementu klasikoetara jo dute; lurra, ura, sua eta haizea, hain zuzen. Halaber, gunea izendatutako elementua kontuan hartuta diseinatu da egitaraua. Alta, gune bakoitzeko egitarauan bi aktibitate mota txertatu dira. Bata parte-hartze zuzena eta aktiboa eskatzen duena, tailerrak, eta bigarrena, berriz, ikuskizuna, pasiboagoa eta ikus edota entzutea eskatzen duena.
2021eko Ibilaldiaren spota
Grabaketari dagokionez, bi ikastoletako komunitateen parte-hartzea nabarmendu dute: ikasleak, gurasoak, langileak, ikasle ohiak... eta horiekin batera Artatzako su-hiltzaileak, Sopelako dendak eta joaldunak, Erromo eta Leioako nekazariak eta gazte mugimendua ere, besteak beste, hor izan dira.